Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

40-49 urteko emakumeengana zabaldu da bularreko minbiziaren baheketa

2011.eko urriak 17

Lehen mailako familia-aurrekariak dituzten emakumeei mamografiak egingo zaizkie

170.000 emakumeri gutunak bidaltzen hasi dira urriaren 10ean, era honetako tumore bat izateko zer arrisku duten ebaluatzeko

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Saila Bularreko Minbizia Garaiz Atzemateko Programa (BMGAP) 40-49 urte bitarteko emakumeei ere zabaltzen hasi da, urrian.
Urriaren 10ean hasi ziren BMGAP hedatzen, adin-tarte horretan dauden emakume guztiei gutunak bidaltzen hasita. Guztira, Euskadiko 170.000 emakumeri bidaliko dizkiete gutunak. Gutun horren bidez esaten zaie telefonoz deituko dietela minbizi mota hori garatzeko zer arrisku duten ebaluatzen laguntzeko.

Ekimen honen bidez, bularreko minbizia izan duten lehen mailako familia-aurrekariak (ama, aita, anaiak, ahizpak, semeak, alabak) dituzten 40-49 urte bitarteko emakumeak identifikatu nahi dira. Identifikatutako emakume horiei mamografia bat egingo zaie mota horretako patologiarik duten edo ez diagnostikatzeko, eta hala bada, behar bezala tratatzeko.

Aurretik, ekainean eta uztailean, Osasun eta Kontsumo Sailak proba pilotu bat egin zuen, eta horretarako, 719 emakumerekin jarri zen harremanetan (166rekin Araban, 202rekin Gipuzkoan eta 351rekin Bizkaian). Horietatik 80k egina zuen inoiz mamografiaren bat, bularreko minbizia izan duten familiako aurrekariak eduki edo ez. Harremanetan jarritako emakumeetatik 44k esan zuten bazutela lehen mailako familia-aurrekariren bat (8k, Araban; 14k, Gipuzkoan, eta 22k, Bizkaian), eta horietatik 38k, hau da, % 86,36k, egina zuen inoiz mamografia bat. Gainerako 6ak ez.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak nabarmendu nahi du orain abian jarri den neurri honek aukera emango digula bularreko minbizia izateko arriskua duten 40-49 urte bitarteko emakume guztiak lokalizatzeko, eta hala, Osakidetzak eskura dituen baliabide guztiak eskaintzeko, gaixotasun hau baztertu, diagnostikatu eta, hala bada, ahalik eta lasterren tratatzeko.

Egiaztatu ahal izan denez, gehienak ginekologoen esku zeuden, baina orain, biztanle guztiei zuzendutako baheketa-programaren parte direnez, kalitate-kontrol zorrotzenak, segurtasun eta aukera onenak bermatuko zaizkie, bai eta eskura dagoen teknologia onena eta aurreratuena ere. Horri esker, diagnostiko ziurragoak eta egokiagoak izango dira, eta beharrezkoak ez diren mamografia askoz ere gutxiago egin behar izango da, eta kasu askotan izaten diren positibo aizunak ere asko murriztuko dira.

Gaur egun, erkidego zientifiko guztia bat dator esatean 50-69 urte bitarteko emakumeak sartu behar direla bularreko baheketa-programetan. Dena den, zenbait azterketek adierazi dute 50 urtetik beherako emakumeetan bularreko minbiziaren baheketaren ondorioei buruzko eskura dagoen ebidentzia zientifikoa ez dela eztabaidaezina, eta eztabaidagarria dela baheketa orokorrak eragozpenak baino onura gehiago dituen. Horregatik erabaki du Osasun eta Kontsumo Sailak bularreko minbizia izan duten lehen mailako familia-aurrekariak dituzten 40-49 urte bitarteko emakumeei bakarrik egitea mamografiak.

Euskadiko emakumeengan nagusi den tumore gaiztoa

Bularreko minbizia da Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeek gehien izaten duten tumore gaiztoa; batez beste, 1.175 diagnostiko izaten da urtean, eta intzidentzia-tasa, berriz, 84,8 kasu 100.000 pertsonako.

EAEko emakumeetan heriotza gehien eragiten duen tumorea ere bada: batez beste 295 emakume hiltzen da arrazoi horregatik urtean, eta hilkortasun-tasa, berriz, 17,3 kasu 100.000 biztanleko. Baina, % 87,4ko biziraupen erlatiboa du 5 urtera; garaiz atzematea faktore garrantzitsua da, tratamenduak eraginkorragoak eta ez hain oldarkorrak izaten direlako, eta horrenbestez, biziraupen-tasa handiagoak eta bizi-kalitate hobea izaten direlako.

Bularreko Minbizia Garaiz Atzemateko Programa 1995ean jarri zen abian Euskadin. Proiekzio bikoitzeko alde biko mamografiak egiten dira. Hasieran 50 eta 64 urte bitarteko emakumeei egiten zitzaien, baina 2006tik aurrera, 50-69 urte bitartekoei (270.000 emakume: 35.000 Araban, 85.000 Gipuzkoan eta 150.000 Bizkaian). Orain, berriz, eta duela astebetetik, 40-49 urte bitarteko emakumeei ere zabaldu zaie programa.

EAEko BMGAPren emaitzak

1.466.300 emakumeri eman zaie hitzordua 1995eko azaroan programa abian jarri zenetik urte honetako ekainaren amaierara arte. Horietatik, 1.183.065 emakumek (% 80,68) hartu du parte programan. 5.077 minbizi-kasu atzeman dira. Horietatik % 45,67 minbizi minimo esaten zaienak izan dira. Era horretako tumorea zuten 10 emakumetik 8k (% 79,68) bularra kontserbatzeko tratamendu kirurgikoa izan dute.

- Araba:
o Gonbidatutako 208.318 emakumetatik 181.636k hartu du parte (% 87,31).
o 12.272 emakumeri diagnosi-proba osagarriak egin zaizkie, eta horietatik 1.657, beren erreferentziazko ospitaletara bideratu dira.
o 710 tumore diagnostikatu dira, eta horietatik % 42,03 minbizi minimoak izan dira. Kasuen % 76,56tan bularra kontserbatzeko tratamendu kirurgikoak egin ahal izan dira.

- Bizkaia:
o Gonbidatutako 753.874 emakumetatik 580.118k hartu du parte (% 76,95).
o 66.247 emakumeri diagnosi-proba osagarriak egin zaizkie, eta horietatik 7.412, beren erreferentziazko ospitaletara bideratu dira.
o 2.689 tumore diagnostikatu dira, eta horietatik % 47,76 minbizi minimoak izan dira. Kasuen % 81,49tan bularra kontserbatzeko tratamendu kirurgikoak egin ahal izan dira.

- Gipuzkoa:
o Gonbidatutako 504.108 emakumetatik 421.411k hartu du parte (% 83,60).
o 22.626 emakumeri diagnosi-proba osagarriak egin zaizkie, eta horietatik 3.907, beren erreferentziazko ospitaletara bideratu dira.
o 1.678 tumore diagnostikatu dira, eta horietatik % 43,86 minbizi minimoak izan dira. Kasuen % 78,16tan bularra kontserbatzeko tratamendu kirurgikoak egin ahal izan dira.

BMGAPren erabiltzaileei egindako azkeneko gogobetetze-inkestaren arabera (2009ko amaieran egin zen), inkestatutako emakume gehienak, % 96,9, oso gustura edo nahiko gustura zeuden programan parte hartzearekin; guztiek, % 100ak, uste du beharrezkoa dela, eta guztiek esan dute berriz ere parte hartuko dutela deitzen dietenean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan