Irune Santamaría gazte arabarra eta Dylan Masson akitaniarra, Pirinioetako gazteen bozeramaile, Mendialdeetako Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko IV. Solasaldian

2022-05-14
  • 2022ko maiatzaren 19an eta 20an, Bilboko Euskalduna Jauregian, Pirinioetako Lan Elkartearen Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak antolatua
  • Santamaría, era berean, Pirinioetako gazteen ordezkari izango da Borders Forum Biltzarrean, datorren ekainaren 21ean, Parisen

Vitoria Gasteiz,  2022-05-14

Irune Santamaría gazte arabarrak eta Dylan Masson akitaniarrak Mendialdeetako Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko IV. Solasaldian parte hartuko dute, 2022ko maiatzaren 19an eta 20an, Bilboko Euskalduna Biltzar Jauregian, Pirinioetako Lan Elkartearen Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak antolatuta. Santamaría, era berean, Pirinioetako gazteen ordezkari izango da Borders Forum Biltzarrean, datorren ekainaren 21ean, Parisen

Euskalduna Jauregiko Behatokiaren Solasaldian, OPCC ADAPYR proiektuaren emaitzak eta INTERREG POCTEFA 14-20  ACCLIMAFOR, FLORAPYR Avance eta ADNPir programaren bigarren ardatzaren ekimenak aurkeztuko dira. Emaitza nagusien artean, EPiCC aurkeztuko da, Pirinioetako lehen estrategia klimatikoa, bai eta egokitzapenerako gida sektorialen lerroak, behaketaren eta klimaren inguruko nobedadeak Pirinioetako buletin klimatikoaren bidez, herri-zientziako eta ingurumen-hezkuntzako aurrerapenak ere.

Gainera, Pirinioetako egokitzapeneko jardunbide egokien balorizazioa aurkeztuko du, bai eta erakunde-bloke bat ere, eta azken horrek klima-aldaketaren eta mendialdeen arloko Europako, estatuetako eta eskualdeetako erakundeen ordezkariak izango ditu.  Era berean, "Al paso del hielo" dokumentala estreinatuko da, Alex Txikon alpinista bizkaitarrak aurkeztuta. Film luze hori ADAPYR proiektuaren esparruan egin da, eta ikuspegi desberdin bat ematen du, Pirinioetako glaziarren oraintsuko bilakaera eta hari lotutako aldaketak ulertzeko.

Mendialdeetako Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko IV. Solasaldiak Mendialdeetako Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko I. Solasaldiaren (Iruñea, 2013), PYRADAPT Nazioarteko II. Solasaldiaren (Biarritz, 2017) eta PYRADAPT Nazioarteko III. Solasaldiaren (Jaca, 2019) bideari jarraitzen dio. Solasaldiaren ondorioak OPCCren web-orrian argitaratuko dira, eta OPCC ADAPYR proiektuaren emaitzen txostena eta jardunaldien hitzaldiei buruzko laburpen-dokumentu bat jasoko dituzte. OPCC Pirinioetako Lan Elkartearen klima-aldaketaren arloko lurralde-lankidetzako mugaz haraindiko ekimena da; 2010ean abiarazi zen. Pirinioetako Lan Elkarteko eta OPCCko kideak honako hauek dira: Andorrako Printzerria, Nouvelle-Aquitaine eta Occitanie eskualdeak eta Aragoi, Katalunia, EAE eta Nafarroa autonomia-erkidegoak.

Borders Forum

Irune Santamaría arabarra, Vitoria-Gasteizko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko ikaslea, halaber, Borders Forum jardunaldietan, Pirinioetako Gazteen bozeramailea izango da; jardunaldiak Europar Batasunaren Kontseiluaren Frantziako presidentetzaren esparruan antolatu dira, eta Parisko Unibertsitate Hirian izango dira, ekainaren 21ean eta 22an. Honako hau izango da jardunaldien lema: “Mugaz haraindiko lurraldeak: fatalismoa ala erresilientzia?  Pirinioetako bozeramaile gaztearen karreraren ardatza garapenerako lankidetza da.

Honako hauek dira Foroaren helburu: mugaz haraindiko guneek Europako herriak elkarren artean hurbiltzeko orduan betetzen duten eginkizuna erakustea; jasangarritasuna eta inklusioa sustatzea eta Europako integrazioa bultzatzea; Europako eta estatuetako agintariak mugaz haraindiko lurraldeak haien ekintza publikoaren erdigunean egoteko beharraz sinestaraztea, eta Frantziak Europa mailan Europar Batasunaren Kontseiluaren Frantziako presidentetzaren esparruan mugaz haraindiko lurraldeetarako dituen proposamenak zehaztea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Arauzo, Irune Santamaría, Dylan Masson,