Arriola sailburuak Mugikortasun Jasangarriaren Lege Proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

2022-05-17

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Batzordean, Mugikortasun Jasangarriaren Lege Proiektuaren ildo estrategikoak azaltzeko. Proiektu hori martxoaren 29an onartu zen Gobernu Kontseiluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasun jasangarria sustatzeko esparru bat sortzea du helburu.

“Arau horrek —nabarmendu du sailburuak— herritarrek garraioaren arloan dituzten beharrak behar bezala konponduko dituen planteamendu integratu baten beharrari erantzuten dio, pertsona guztientzat irisgarria izango den eta genero-ikuspegia kontuan hartuko duen garraio-sare bat ziurtatuz. Era berean, arauak egungo garraio-eredutik eratorritako ingurumen- eta gizarte-inpaktua murrizten edo minimizatzen lagunduko du”.

Lege-proiektuaren xedea da mugikortasun aktiboa (oinez, bizikletaz, patinetea…) sustatzea, garraio publikoa bultzatzea ibilgailu pribatuaren aurrean, garraio-titulu publikoen elkarreragingarritasuna bultzatzea, trena sustatzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea erkidego-, foru- eta udal-plangintzaren esparrutik.

Testuak, gainera, jasotzen ditu herritarren eskubideak eta betebeharrak, mugikortasun-planak egiten haiek parte hartzea edo udalerrien hirigintza-jarduketek mugikortasun jasangarrian duten eragina udalerri horiek kontuan hartzeko betebeharra. Helburua da karbono-aztarna murriztea, eta pertsonek garraio publikoa erabiltzea lehenetsiko duen garraio-sistema intermodal baterantz aurrera egitea.  Neurrien artean, honako hau jasotzen da: bi urteko epea ezartzea dauden garraio-tituluak erabat elkarreragingarriak izan daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko garraiobide guztietan.

Proiektuak garraioaren fiskalitateari ere heltzen dio, eta foru-aldundiei eta udalei aukera ematen die tresna hori eta politika ekonomikoko beste tresna batzuk erabiltzeko, mugikortasun jasangarriari laguntzeko asmoz. Zehazki, mugikortasun jasangarriaren aurka doazen jarduerak sustatzen ez dituzten zerga- eta finantza-neurriak ezartzeko aukera jasotzen du artikulatuak, hala nola tasak, kanonak edo kargak, zergak eta murrizketak. Aldi berean, ingurumenari kalterik egiten ez dioten garraio-moduetarako hobariei edo salbuespenei ateak zabaltzen dizkie.

Mugikortasun aktiboaren kontzeptua praktikan jartzeko, oinez, bizikletaz, patinetez eta antzekoez egin beharreko joan-etorriak bultzatzeko, zerbitzu publikoetako eraikinek eta geltokiek bizikletentzako aparkalekuak izan behar dituzte, eta bizitegi-eraikin berriek garraiobide horretarako espazioak izan behar dituzte nahitaez.

Era berean, testuak planteatzen du autonomia- eta probintzia-mailan mugikortasun jasangarriko planak sortu behar direla, 10 urteko indarraldiarekin. 5.000 biztanletik gorako udalerriek ere izan beharko dituzte agiri horiek —5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalek dagokion foru-aldundiaren laguntza eskatu ahal izango dute agiri horiek egiteko—. Proiektuak lantokietako mugikortasun-planak barne hartzen ditu.

2 iruzkin
  • 2022-05-18

    Tokiko eremutik lana sustatzea, eragindako ingurumen-inpaktu eta -arrisku gehiago saihestea.

  • 2022-05-18

    fomentar trabajo desde lo local evitar más riesgos e impacto ambiental derivado

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak