Lehendakariak EITBk urtez urte izan duen espiritu aitzindaria nabarmendu du, eta komunikazio-taldeak gure etxeetan gero eta denbora gehiago irabazteko nahia agertu du
- Lehendakaria, sailburu batzuekin batera, EITBren 40. urteurrena ospatzeko antolatu den ekitaldian izan da
Iñigo Urkullu lehendakaria, sailburu batzuekin batera, EITBren 40. urteurrena ospatzeko antolatu den ekitaldian izan da. Datorren maiatzaren 20an 40 urte beteko dira Eusko Legebiltzarrean EITB Sortzeko Legea onartu zenetik, hau da, euskal gizartearen zerbitzura egongo den lau hamarkadako ibilbidearen hasiera.
Urteurren hori dela eta, ekitaldi instituzional bat egin da Guggenheim Bilbao Museoan. Bertan, euskal gizartearen, kulturaren, politikaren eta ekonomiaren ordezkaritza zabala Bildu da, baita EITBrena ere.
Bere hitzaldian, Lehendakariak duela berrogei urteko “ikus-entzule” gisa dituen oroitzapenak ekarri ditu gogora: “gogoan dut gure etxeko teilatuan, zer nolako komeriak izan genituen 1982ko abenduaren 31n Euskal Telebistaren lehen emanaldia ikusteko… Gogoan dut handik aurrera ere zenbat lan gure etxeko antenan Euskal Telebista ikusi ahal izateko; edo nola ibili ginen orduko irrati handi haietan gure irratiak nola “sintonizatu” asmatu ezinik... Lortu genuen, lehenik, Euskadi Irratia entzutea… Handik gutxira Radio Euskadi, eta lasterrera Euskal Telebista… Urtebeteko epean EiTB gure etxeetara sartu zen eta gu konektatuta geratu ginen… Ordutik hona “maite dugun txoria” gure etxeko kidea izan da”.
Halaber, Iñigo Urkulluk EITBk urtez urte mantendu duen “aitzindaritza” espiritua nabarmendu nahi izan du. “Aitzindaritza izan da Euskal Irrati Telebistaren sena, gaur eskertzen eta aitortzen duguna”, gaineratu du. Horrela, azken lau hamarkada hauetan EiTB irudikatu, martxan jarri, zuzendu eta “ekoiztu” duten arduradun eta profesional guztiei esker ona adierazi die. “EiTB sortu, hazi, zabaldu eta indartu duzue… Horrekin batera, Euskadiren erakundetzean ere ekarpen izugarria egin duzue… Informazioaren eta entretenimenduaren bidez gure hizkuntza eta kultura, gure bizi modua eta nortasuna indartu duzue… Gure izaera eta bizimodua erakusten duten irudi eta soinuekin gure herriaren eta gizartearen ikus-entzunezko ondare aberats bat sortu duzue” esan du.
Gaur egun, bataz beste, hiritar bakoitzak berrogei minutu ematen du egunero EiTB-ren edukiak jarraitzen telebista, irrati edo interneten bidez. Lehendakariaren ustez, marka handia da eta gaineratu du denon nahia dela geroz eta denbora gehiago irabaztea EiTB-k gure etxeetan. “Hori da etorkizuneko xedea… Gure nahia da txoriak urte luzez jarraitzea hegan, kantan eta dantzan, gure Herriaren nortasuna indartzen eta zabaltzen…”, amaitu du.
Nerea Reparazek eta Joxe Mari Iriondok gidatu duten ekitaldian, parte hartzea izan dute Olatz Salvador abeslariak, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleek eta Andoni Aresti dantza eskolak. Gainera, EITBren 40 urteko ibilbideko unerik nabarmenenak gogorarazteko hainbat bideo proiektatu dira. Bestalde, Euskadiko Orkestrak erakunde publikoaren berrogeigarren urteurrenerako sortu duen fanfarria estreinatu du, Xabier Otaolearen eskutik. Musika piezak irrati eta telebistako doinu ezagunenak biltzen ditu, gure iruditeria kolektiboan erreferentzia diren sintoniak.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izan dira, lehendakariarekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria; lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka; bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia; Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz; Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi; baita EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoa ere.