Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Musikene bisitatu du ikastegiaren hogeigarren urteurrena dela eta

2022-05-13
  • Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak 417 ikasle ditu 2021-2022 ikasturte honetan; 163 irakasle arduratzen dira hauen prestakuntzaz
  • Musikenek graduko 4 titulazio eta 5 master ofizial eskaintzen ditu egun
  • Lehendakaria Musikeneko Orkestra Sinfonikoaren eta Big Band-en entseguetan izan da
  • 20 urte hauetan, 35 nazionalitate desberdinetako 1.263 ikasle trebatu dira Musikenen

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, 2021-2022 ikasturte honetan hogeigarren urteurrena betetzen duen Musikene – Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren Donostiako egoitza bisitatu du gaur goizean. Haiekin batera, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Miren Artaraz Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria ere bisitan izan dira.

Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak eta Juan Mari Juaristi zuzendari kudeatzailea gidari zituztela, 2016ko irailetik Musikenek Donostiako Europa plazan, unibertsitate-campusean duen eraikinaren instalazioetan barrena ibili dira agintariak. Hainbat ikasgelatara egindako sartu-irtenetan, Urkullu lehendakariak eta Bildarratz sailburuak ikasleekin hitz egiteko aukera izan dute, baita egun hauetan Musikeneko ikasleekin lanean eta entseatzen ari diren irakasle eta zuzendari gonbidatuekin ere.

417 ikasle

Musikenek gaur egun graduko lau titulazio (Konposizioa; Interpretazioa; Zuzendaritza eta Pedagogia) eta bost master ofizial eskaintzen ditu. 2021-2022 ikasturte honetan 417 ikaslek ikasten dute Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian: graduko 312 ikasle eta master eta graduondoko 105 ikasle dira. Horien guztien prestakuntzaz 14 nazionalitate desberdinetako 163 irakasle arduratzen dira.

Zabalik daramatzan bi hamarkada hauetan Musikenen titulazioa lortu duten 35 nazionalitate desberdinetako 1.263 ikasleak dira, beren talentuaren bidez, ikastegiak musikako goi-mailako irakaskuntzan egiten duen prestakuntza-lan bikainaren berme. Horietako askok, gaur egun, Euskadiko bi orkestra nagusietan dihardute modu profesionalean (Euskadiko Orkestra eta BOS), edo baita Estatuko eta Europako orkestretan ere. Ikasle ohien beste zati handi batek euskal kontserbatorioetan eta musika-eskoletan irakastea erabaki du. Horrek balio handia dakarkio etorkizuneko musikarien prestakuntzari eta kultura-transmisioari, eta, gainera, jarraipena ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko musika-tradizio handiari.

Musikenek lankidetza oparoa du Euskadiko kultura eta gizarte-eragileekin, eta jada eragile aktibo bat da gure herriko kultura-panoraman eta musika-ekosisteman. Horren erakusgarri da, Musikenek 294 kontzertu eta jarduera desberdin antolatu dituela aurten bere auditorioan, eta, urtero, bertako ikasleek 60 kontzertu ematen dituztela batez beste Musikeneren egoitzatik kanpo, parte hartzen duten hainbat ziklotan.

Musikeneko Orkestra Sinfonikoa eta Big Band-a

Musikeneren instalazioetara egindako bisitan, Lehendakariak eta sailburuak, bai Musikeneko Orkestra Sinfonikoak, bai Big Band-ek, bakoitzak bere aldetik, gaur goizean egin dituzten entseguetan egoteko aukera izan dute. Bi taldeak asteburu honetan bertan eskainiko dituzten kontzertuak prestatzen ari ziren.

Orkestran edo Big Band-en parte hartzea Musikeneko ikasleen prestakuntza-ibilbidearen zati garrantzitsua da. 75 ikaslek osatzen dute Orkestra, eta beste 25ek hartzen dute parte Big Band-en. Talde bakoitzak hiru kontzertu eskaintzen ditu ikasturtean zehar, betiere izen handiko zuzendari gonbidatuen gidaritzapean. Aste honetan, Orkestra Sinfonikoa Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular Erik Nielsen-en zuzendaritzapean ari da entseguak egiten, asteburuko kontzerturako. Big Band-a berriz, Perico Sambeat saxofoi-jotzaile eta zuzendariaren aginduetara ari da lanean. Sambeat valentziarrak ibilbide oparoa eta nazioarteko ospea ditu jazzaren arloan.

Orkestra Sinfonikoak bihar, larunbata, eskainiko du kontzertua, gaur entsegua egiten ari zen Musikeneko auditorioan bertan. Big Band-ek, berriz, asteburu honetan bi emanaldi izango ditu:  gaur Tolosan joko du eta Gasteizen.

Nazioarteko erreferentzia

Musikene, Eusko Jaurlaritzak 2001ean sortutako Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, 2001-2002 ikasturtean hasi zen lanean Donostian, 54 ikaslerekin. Lehenengo egoitza Miramar Jauregian izan zuen.

Bi hamarkada hauetan, Musikenek ez du bakarrik ikasleen kopurua biderkatu (lehen ikasturtean 54 ikasle izatetik gaur egun 417 izatera igaro da) edo egoitza aldatu. 2001ean sortu zenetik, ikastegia euskal erreferentzia bihurtu da goi-mailako musika-prestakuntzan, musika-ikerketan, bere ezagutza gizarteari transferitzen eta zabaltzen, eta made in Euskadi - Basque Country musikaren tokiko zein nazioarteko proiekzioan.

Baina Musikene nazioarteko erreferentzia da, gaur egun, lortu dituen bikaintasun eta aitortza-maila handiei esker ere. Horren erakusgarri da Musikenek nazioarteko zentroen —goi-mailako musikaren munduan erreferentziak— sare zabalarekin duen harreman estua.

Hogei urteko lanaren ondoren, Musikene erreferentziazko erakunde akademiko bihurtu da musika ikasleentzat ere, Euskadikoentzat ez ezik baita mundu osoko ikasleentzat ere. Hori ikasleen aniztasun geografikoan islatzen da nabarmen. Gaur egun, euskal ikasleekin batera, Musikenen ari dira ikasten Argentina, Txile, Kroazia, Kuba, Estatu Batuak, Frantzia, Grezia, Italia, Errusia, Thailandia edo Turkiako gazteak, besteak beste.

Musikeneko ikasleen gaitasun handia agerian geratu da maiz lehiaketa ospetsuenetan —horietako asko nazioartekoak— eta urtez urte lortutako sari ugarietan.  Musikenen ikasleek kalitate handiko irakaskuntza jasotzen dute, nazioarteko ospea eta gaitasun handia duten irakasleekin, eta erakundearen kategoriarekin eta izen onarekin bat datozen giza baliabideekin eta baliabide materialekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak