Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Olatz Garamendi: "Ez gara transferentzien atzerapenera ohitu behar"

2022-05-11
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak adierazi du ez dagoela aitzakiarik Gernikako Estatutua ez betetzeko, eta “borondate politikoarekin” egin gabe dauden transferentziak dagoeneko gauzatuta edo negoziatzen egon daitezkeela

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Espainiako Gobernuari eskatu dio egiteke dauden transferentziekin ekin diezaiola, transferentziak Euskadira irits daitezen. Olatz Garamendik ez du inolako aitzakiarik onartzen falta diren gaiak eskualdatu gabe jarraitzeko edo oraindik horretarako proposamenik ez jasotzeko. Gogorarazi du Pedro Sanchezen Gobernuak proposatutako eskualdatze egutegia iraungita geratu dela han aurreikusitako datak bete ez direlako, eta ohartarazi du “ez dugula ohitu behar, ez eta egoera horrekin konformatu ere, eta zorrotzak izaten jarraituko dugula Gernikako Estatutua bete dadin”.

Garamendik Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa telematiko batean egin ditu adierazpen horiek; izan ere, astearte honetan bertan behera utzi zuen bere agenda publikoa, ez lanekoa, Covid-19an positibo eman ondoren, beste inor kutsatzeko arriskua gutxitzeko. Elkarrizketan, Sailburuak ziurtatu du ez dagoela aitzakiarik transferentziak atzeratzeko. "Oraindik denbora geratzen da, legegintzaldia bizirik dago eta guztia borondate politikoaren menpe dago", azpimarratu du.

Legegintzaldi honetan bost transferentzia egin zaizkio Euskadiri: espetxeak, ISSN, errepideko garraio pribatua, Ondarroako Itsas Barrutiaren eraikina eta, duela gutxi, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV). Garamendi “ez da horrekin konformatzen” eta gainerako gaiak eskatzen ditu. Gogorarazi duenez, proposamenak eta erantzunak egiteko transferentzia prozesuaren moteltasuna ikusita, “jarrera proaktiboa hartzea erabaki zuen, eta lau gairen inguruko proposamen zehatzak helarazi genizkion Ministerioari: immigrazioa, meteorologia, itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia-funtsa”. Orain arte ez du erantzunik jaso kasu bakar batean ere.

Aldiriko trenbide garraioaren transferentziari buruz galdetuta, Sailburuak azaldu du Espainiako Gobernuak gai horri buruz egindako proposamenari “gauza asko falta zaizkiola oraindik”. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak gaur egun Ministerioak erantzun ez dituen alegazioak bidali zituen

Atzo Gobernu Kontseiluan aurkeztutako RGI erreformatzeko lege proiektua modu positiboan baloratu ondoren, Garamendik Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia defendatu du, aurreiritzirik gabe. “Gernikako Estatutuak Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaz hitz egiten du. Ez dago ezeren beldur izateko arrazoirik. Orain arte bezala, euskal herritarrek prestazioak jasotzen jarraituko lukete, baina Euskaditik kudeatuko genituzke”. Aldi berean, zehaztu du prestazio ez-kontributiboak direla, hala nola aldi baterako ezintasuna, jaiotza eta adingabeak zaintzea, haurdunaldiko edo edoskitze naturaleko arriskua, minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeak zaintzea, besteak beste.

Sailburuak esan du ez zaiola beldurrik izan behar Euskadik edozein gai kudeatzeari. "Zergatik ezin izango dugu gai honi buruz hitz egin eta horri heldu? Inguratzen gaituen errealitatetik hurbil dagoen kudeaketa beti da onuragarria herritarrentzat. Hori da autogobernua eta ez diogu gure Estatutuan jasota dagoen ezeri uko egingo”, azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)