
Bingen Zupiria sailburua Zornotzako Barnetegiaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria Zornotzako Barnetegiaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da gaur. Berarekin batera izan dira Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran eta HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkue ere. Ekitaldian urte hauetan guztietan barnetegiak bidelagun izan dituen pertsonak ere bildu dira: ikasleak, irakasleak, proiektu kideak, bezeroak...
Duela 30 urte barnetegia eraikitzea Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren eta HABEren ekimena izan zen. Ekitaldian Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, adierazi duenez barnetegi iraunkorrek ekarpen handia egin diete helduen euskalduntzeari. Zupiriak nabarmendu duenez "garrantzizkoena ikasle-helduaren ikasprozesuari eraginkortasun handia ematea da 24 ordu euskaraz jarduteko eta bizitzeko aukera emanez. Barnetegietako ikasleek aukera gutxi izan dute bere bizitzan euskaraz eten gabe jarduteko, hori da baliorik garrantzizkoena, euskaraz eten gabe jardutea, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo beste ikasleekin harremanetan. Barnetegiek leku esanguratsua behar dute aurrerantzean ere erdal hiztunak erakartzeko. Ikaslegai horiei, mundu berri bat begien aurrean jartzen saiatu behar dugu, ezagutu dezaten euskarak berarekin batera ekartzen dituen onurak. Ez bakarrik jada hemen bizi diren erdal hiztunei begira, baita ere erbestetik datozen herritarrei eskaintza zabala eginez, erakargarritasuna azaleratuz, tituluen helburutik harago. Euskaraz jarduteko nahia indartuz, bihotzera iritsiz, garrantzizko tresna baita euskara geure gizartean integratzeko. Bide horretan barnetegiek leku esanguratsua izan behar dute, hauek baitira, era nabarmenean, euskaraz bizi daitekeenaren adibiderik argiena".