EAE-ko forentseak batu dira Euskalduna Jauregian, auzitegi medikuntzako Euskal Institutuaren 20. urteurrenaren ospakizunean
- Jardunaldiak Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak antolatu ditu, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin elkarlanean
- Bi jardunalditan, adingabeekiko genero-indarkeriari eta tratu txarrei, suizidioari edo pertsonalitateen nahasmenduari buruzko hitzaldiak aurkeztuko dira, besteak beste
- Institutuko irakaskuntza-unitate berria eta etorkizuneko gakoak ere izango dira topaketan aztertuko diren gaiak
Bilbo, 2022/05/12
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Auzitegi medikuntzaren arreta hobetzeko bidean Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren eremuan (AMEI) jardunaldien inaugurazio-ekitaldian parte hartu du, Bilboko Euskalduna Jauregian. Topaketan, bi egunez (osteguna eta ostirala), zenbait diziplinatako espezialistak batuko ditu, Bizkaiko hiriburuan, eta AMEIren 20. urteurrenaren ospakizuneko ekintza bat da; beraz, esparru horretan, bi hamarkada hauetako jardueraren balioespena egingo da, eta etorkizuneko ikuspegiez hitz egingo da.
Inaugurazio-ekitaldian Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak eta Carlos Cubero Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko zuzendariak ere parte hartu dute.
Jardunaldiak Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak antolatu ditu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Sailburuordetzarekin elkarlanean.
“Institutuak ezinbesteko funtzio teknikoa betetzen du Justizia Administrazioaren egituran; alegia, medikuntzaren, biologiaren eta anatomiaren ezagutzak zuzenbideak planteatzen dituen arazoak konpontzeko aplikatzeko funtzioa”, hasi da esaten Artolazabal sailburua.
Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua 2001eko urriaren 1ean sortu zen, eta 2002ko urtarrilean hasi zen martxan. Hori horrela, sailburuak esan du Institutuak zuzendariordetza bat duela lurralde historiko bakoitzean, auzitegiko klinikako eta auzitegiko patologiako zerbitzuez gainera hiriburu bakoitzean. Era berean, auzitegi-laborategi bat dago, Bilbon, eta hark zerbitzu ematen die hiru zuzendariordetzei, analisi eta ikerketa kimiko-toxikologikoaren arloan.
Artolazabalek 20 urteotan bizi izandako “esperientzia arrakastatsuak” nabarmendu ditu, bai eta “gure Institutuaren elementu bereizgarriak” ere. Kapitulu horretan, zenbait gertaera gogoangarri aipatu ditu, hala nola: AMEI izan zen 2009an genero eta familia barruko indarkeriaren eremuan auzitegi-balorazio integraleko lehen unitateak sortzen, edo prestakuntza elementu bereizgarria dela “auzitegi-medikuek traumatologian, psikiatrian eta auzitegiko patologian, besteak beste, duten profesionalizazio espezializatuarekin”.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurtengo nobedade nagusietako bat iragarri du: irakaskuntza-unitatearen sorrera; hark lege eta auzitegiko medikuntzaren espezialitaterako prestakuntza eskainiko du. "Helburu hori, azkenean, errealitate bilakatuko dugu aurten; izan ere, BAME ikasleak izango ditugu forentse izateko prestakuntza jasotzen, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko profesional onenen babesarekin eta irakaskuntzarekin”, esan du.
Beatriz Artolazabalek, amaitzeko, EAEko Justiziako Zerbitzu Publikoak “herritarren, gainerako eragile juridikoen eta administrazioen” aitorpena duela esan du. Eta, jardunaldiei dagokienez, honako hau esan du: “Topaketa hau, zalantzarik gabe, iragana etorkizuneko proiektu itxaropentsuekin aztertzeko, aitortzeko eta ospatzeko aukerarik onena da”.
Jardunaldiak Euskalduna Jauregian
Euskalduna Jauregian, gaur eta bihar bitartean, lan-jardunaldiak izango dira; haietan, adingabeekiko tratu txarrei eta genero-indarkeriari, sexu-erasoei, pertsonen salerosketari, suizidioari, nortasunaren nahasmenduei edo ziberbiktimizazioaren prozesuei buruzko hitzaldiak aurkeztuko dira, besteak beste.
Topaketa, era berean, AMEIren bi hamarkadotako lanari eta irakaskuntza-unitatearen etorkizuneko proiektuari buruz hausnartzeko foroa izango da. Premisa horrekin, pandemiaren ondoko ustezko etenaldiaren ondoren, garrantzitsua zen auzitegi-medikuntzan esku hartzen duten estamentu eta erakundeen arteko diziplina anitzeko trukerako esparruak berriro sortzea, bai ikuspuntu teknikotik, bai giza mailatik, profesionalen arteko harremanak eta eguneroko lanaren kalitatea hobetzeko.
Jardunaldiak bihar amaituko dira, ostiralean, 14:00etan, eta, amaitzeko, ekitaldi bat izango da, eta Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuordeak, Nagore Moraga AMEIko Bizkaiko zuzendariordeak eta Idoia Sainz-Trápaga Sáez de Villareal AMEIko Bizkaiko Zuzendariordetzako auzitegiko medikuak parte hartuko dute.