Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Ihobek eta Basque Ecodesign Center-ek finantza jasangarrien araudia aplikatzeko gida bat aurkeztu dute

2022-05-11
  • “Finantza jasangarrietarako Europako taxonomia aplikatzeko gida”k EAEko enpresentzako Europako Taxonomia Erregelamenduaren betebeharrak, beharrak eta inplikazioak aztertzen ditu
  • Dokumentu honen edukia xehetasunez azalduko da Ihobek antolatzen duen “Ekostegunak - Ekoefizientziaren ostegunak” zikloaren datorren maiatzaren 12ko jardunaldian.
  • Taxonomia aukera bat da enpresentzat, merkatuaren eta gizartearen eskakizun berrien aurrean beren negozio-ereduak jasangarriagoak eta erresilienteagoak bilakatzeko

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta Basque Ecodesign Center-en idazkaritza teknikoak –Eusko Jaurlaritzaren eta 16 euskal enpresa handien arteko aliantza publiko-pribatuak– “Finantza jasangarrietarako Europako taxonomia aplikatzeko gida” argitaratu du, erakunde ez-finantzarioei zuzenduta dagoena eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020/852/EB Erregelamendua aztertzen duena.

Gida hau 2021etik 2022ra bitartean Basque Ecodesign Center-eko kide den CIE Automotive enpresarekin egindako proiektu pilotu baten emaitza da, Taxonomia Erregelamenduari dagokionez enpresentzako betebeharrak, beharrak eta inplikazioak ulertzeko. Gidaren helburua da prozesu horretan ikasitako irakaspenak helaraztea eta araudi hori aplikatzeko prozesuan Euskadiko erakunde ez-finantzarioei laguntza ematea.

Dokumentuaren edukia zehatz-mehatz azalduko da Ihobek antolatutako “Ekostegunak - Ekoefizientziaren ostegunak” zikloaren datorren maiatzaren 12ko jardunaldian; zikloa Ihobek antolatzen du, eta Finantza Jasangarrien Erregelamenduak euskal enpresa-sarean duen inpaktuan zentratuko da, betebeharrak eta aukerak aztertuz. Jardunaldian izena emateko epea irekita dago, eta doan egin daiteke www.ihobe.eus helbidean.

Taxonomia zientzian oinarritutako sailkapena da, ingurumenaren aldetik jasangarritzat jo daitezkeen jarduerei buruzko orientazio argiak ezartzen dituena. Horrez gain, laguntza ematen du erakunde inbertitzaileei zer inbertsio diren jasangarriak jakinarazteko, irizpide bakar eta ofizial baten arabera, gardentasuna eta argitasuna eskainiz merkatuan. Irizpideen harmonizazio horri esker, jarduera ekonomiko mota desberdinak irizpide uniformeen arabera alderatu daitezke, mugaz gaindiko inbertsioak erraztuz.

Taxonomia Erregelamenduaren helburua da inbertsio-fluxu ekonomikoak deskarbonizaziorantz birbideratzea, ekintza bikoitzeko plan baten bidez: finantza-sektoreko enpresei beren zorroak deskarbonizatzen laguntzea –bai inbertsio-balioan bai kreditu-balioan–, bai eta erakunde ez-finantzarioei ere, teknologia, produktu eta zerbitzuetan dituzten finantzaketa-aukerak handitzeko, trantsizio ekologikorako markatutako gidalerroekin bat etorriz.

Araudi hori onestea 2015ean onetsitako Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan ezarritako helburuak betetzen dituzten Europar Batasunaren ekintza-multzo baten parte da.

Proposamen metodologikoa

Argitalpenak proposamen metodologiko bat jasotzen du, erregelamendu berria aplikatzeko prozesuan Euskadiko erakunde ez-finantzarioei laguntza ematea helburu nagusi duena. Gidak barnean hartzen ditu araudiaren analisia, hautaketa-irizpide teknikoak, gutxieneko gizarte-bermeak eta informazioa zabaltzeko eskakizunak bete ahal izateko inplikazio kuantitatiboak eta kualitatiboak, eta aurrekoa inplementatzeko proposamen bat aurkezten da.

Taxonomiak 6 ingurumen-helbururi erantzuten die: klima-aldaketa arintzea; klima-aldaketara egokitzea; uraren eta itsas baliabideen jasangarritasuna eta babesa; ekonomia zirkularrerako trantsizioa; kutsaduraren prebentzioa eta kontrola; eta biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta leheneratzea.

Azterketa hau, beraz, «klima-taxonomia» gisa ezagutzen den horretan kokatzen da: klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea ingurumen-helburuetarako aplikazio-gaiak garatzen dituen taxonomian, hain zuzen ere.

Nabarmendu behar da erakunde ez-finantzario baten jarduera ekonomiko bat ingurumenaren ikuspegitik jasangarritzat hartzen dela erregelamendu berriaren 3. artikuluaren arabera ingurumen-helburu bati edo batzuei funtsezko ekarpena egiten dienean, gainerako ingurumen-helburuei –edo DNSHei, terminologia anglo-saxoian– kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzen duenean, gutxieneko berme sozialekin gauzatzen denean eta ingurumen-helburu bakoitzerako ezarritako hautaketa-irizpide teknikoetara egokitzen denean.

Taxonomiaren inplementazioa ez da araudia betetzearen ikuspegitik bakarrik hartu behar. Izan ere, aukera bat da enpresentzat beren negozio-ereduak jasangarriagoak eta erresilienteagoak bilakatzeko merkatuaren eta gizartearen eskakizun berrien aurrean. Taxonomia negozio-ildo berriak garatzeko bide gisa aurkezten da, baita finantzaketa- eta inbertsio-modu berriak erakartzeko ere.

Basque Ecodesign Center-i buruz

Basque Ecodesign Center 2011n sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta ekodiseinuan ibilbidea egin nahi zuten 6 enpresa aitzindariren arteko lankidetza publiko-pribatutik abiatuta. Gaur egun, Basque Ecodesign Center-ek 16 enpresa hartzen ditu, SPRI eta Ihobe sozietate publikoez gain; azkena idazkaritza teknikoaz arduratzen da. Honako sektore hauek daude ordezkatuta Basque Ecodesign Center-en: energia-sorkuntza, energia ekoizteko ekipamenduen sorkuntza, metalgintza, elikagaien banaketa, garraio-ekipamenduak eta, 2021az geroztik, finantzak eta eraikuntza.

16 enpresa horiek 190.000 enplegu inguru hartzen dituzte, 50.000 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa, eta 18.000 hornitzaile, horietako asko Euskadin.

Informazio gehiago: http://www.basqueecodesigncenter.net

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko