Euskadi Bono Denda berriak bost milioi baino gehiago jarriko ditu Euskadiko txikizkako merkataritzaren salmenten suspertzea indartzeko (Gobernu Bilera 2022-5-10)

2022-05-10

Gaur onartu da Gobernu Kontseiluan Euskadi Bono Denda txikizkako merkataritzarako pizgarrien programaren edizio berria. Hirugarren deialdi honek gutxienez 5 milioi euroko zuzkidura izango du, Eusko Jaurlaritzak emandakoak, baina kopuru horri ekimenean parte hartzea erabaki duten erakundeen partidak gehituko zaizkio. Gaur egun, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek eta Gasteizko Udalak dagoeneko baieztatu dute lanean hasiko direla. Aurreko edizioetan parte hartu zuten beste udal batzuek ere bat egiteko asmoa agertu dute. Sarrera horiekin, Euskadi Bono Dendak, guztira, 6 milioi euro baino gehiago izango ditu. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak programan parte hartzeko gonbidapena helarazi die EAEko toki-administrazioei. 

Merkataritza bonuaren funtzionamenduari esker, aurreko edizioetan bezala, erabiltzaileek 10 euroko deskontua izango dute erosketaren 30 euro bakoitzeko. Deskontu hori establezimenduan bertan egingo da, aldez aurretik bonua erosi beharrik gabe. Promozioa eskaintzen duten saltokiak www.euskadibonodenda.eus webgunean erakutsiko dira. Zerrenda hori establezimenduak atxikitzeko epeak amaitu ondoren kontsultatu ahal izango da. 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak 5 bonu erabili ahal izango ditu erosketa batean edo gehiagotan. Euskadi Bono Dendaren aurreko 2 edizioek harrera bikaina izan zuten eta 12 milioi euro baino gehiago txertatu zituzten tokiko merkataritzan, 36 milioi eurotik gorako inpaktu ekonomikoarekin. 

Bonu honen helburu nagusia tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea da, prezioen igoeraren ondorioz kontsumoa uzkurtu egin baita, batez ere noizbehinkako ondasunetan. Egoera horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 20 milioi euro emango ditu tokiko merkataritzarako aparteko funtsetatik, 15 milioi laguntza zuzenetan (datozen egunetan aurkeztuko dira) eta 5 milioi euro kontsumo-bonuetan (gaur onartu dira). 

Mota askotako produktuak dituzten autonomoek, mikroenpresek eta merkataritza-enpresa txikiek kudeatzen dituzten establezimenduek erabili ahal izango dute: ehungintza, oinetakoak, drogeria, burdindegia, etxeko ekipamendua eta dekorazioa, liburuak, paper-denda eta bestelakoak. Gainera, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenak gehitu dira, hala nola ile-apaindegiak eta edertasun-institutuak, garbitegiak, tindategiak, argazki-zerbitzuak eta markogintza-zerbitzuak. 

Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera, datozen egunetan, 15 eguneko atxikipen-aldia irekiko da establezimenduentzat. Bonua erabiltzeko epea egun batzuk geroago hasiko da, plataforman programan sartutako saltokien datu guztiak eguneratu eta bonuen banaketa egin ondoren, eta uztailaren 3ra arte iraungo du.

 

Iruzkin bat
  • xbr
    2022-05-18

    Han empezado ya a adherirse los establecimientos interesados?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko