Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria, genero-ikuspegidun kazetaritzarako
-
Píkara aldizkariak, Berria egunkariak eta Lucía Martínez Odriozola kazetari eta irakasleak (hil ondoren) jaso dute saria gaur arratsaldean
-
Berdintasunerako sailburuak komunikabideek gizartearen baloreak aldatzeko duten potentziala nabarmendu du
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak berdintasunaren aldeko Emakunde Saria eman diete gaur arratsaldean Pikara aldizkariari, Berria egunkariari eta Lucía Martínez Odriozola EHUko Informazio Zientzien Fakultateko kazetari eta irakasleari (hil ondoren), genero-ikuspegia duen eta berdintasunarekin konprometituta dagoen komunikazio eta kazetaritzaren alde egindako ekarpenagatik.
Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu den ekitaldian, Berdintasunerako sailburuak gogora ekarri du komunikabideek balioak aldatzeko duten ahalmena, eta kazetaritzan genero-ikuspegiak duen garrantzia nabarmendu du, ”mundua bere konplexutasun, aniztasun eta sakontasun osoan ulertzeko”. Genero-ikuspegia, Artolazabalen ustez, “bereziki beharrezkoa da, errealitatea sinplifikatu nahi duten berdintasunaren aurkako diskurtsoak agertzen diren garai honetan”. Diskurtso hauek “aurrera pausoen erreakzio” direla esan du eta talka egiten dutela “berdintasunaren alde gero eta sentsibilizatuago dagoen euskal herritarrekin”.
“Jakin badakigu oraindik ere erronka handiak ditugula berdintasunaren alorrean, eta elkarrekin, herri gisa, egiten badugu bakarrik egingo dugula aurrera” esan du sailburuak: “Konbentzimendu horrekin Berdintasunerako Lege berri bat onartu dugu, gai honetan aurreratuen dauden herrialdeen mailan kokatzeko aukera emango diguna. Eta uste horrekin bultzatzen dugu berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko herri-ituna. Etorkizunari begira egiten dugu, etorriko diren belaunaldientzat mundu hobea ikusiz”.
Sailburuak adierazi duenez, “gizarte honek emakumeak eta haien aniztasuna ikusaraztearen aldeko kazetaritza behar du, merezi duten protagonismoaren aldekoa”. Adierazi duenez, beharrezkoa da “rol eta estereotipo sexistetatik eta munduaren ikuspegi andozentrikotik urruntzen den kazetaritza, eta, zentzu horretan, Emakundek komunikabideekin egiten duen lana gogoratu du. Lan hau Publizitate eta Komunikazio ez-sexistarako Begira Batzordearen eta Begira Sarearen bidez egiten du.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi du komunikazioaren arloan genero-ikuspegia duen unibertsitate-prestakuntzatik haren aplikazio praktikora doan katea saritu nahi izan dela eta epaimahaiaren arrazoiak azaldu ditu.
Bereziki, Lucía Martínez Odriozolak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako ekarpen aitzindari eta erreferentziala nabarmendu du epaimahaiak, bai eta kazetaritza generalistari eta kazetaritza espezializatuari egindako ekarpena ere. EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Genero ikuspegia duen Kazetarien Euskal sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zen. Epaimahaiak nabarmendu du, gainera, Emakundeko Begira, Publizitate eta Komunikazio ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea izan zela 2013tik, eta, bertan, bere trebetasuna eta ezagutza eskaini zituela hil zen arte.
Pikara Magazine aldizkaria, bestalde, aldizkari feminista da, eta epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideekiko konpromisoagatik, batez ere berdintasunarekiko konpromisoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik. Era berean, Euskadin komunikazio eta publizitate ez-sexistarako kode deontologikoari eta autorregulazio-kodeari atxikitzeko sarearen parte dira.
Azkenik, Berria egunkariak berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak, genero-ikuspegia erredakzio-lanean eguneroko praktika gisa txertatzen duen kalitatezko informazioaren bidez. Bereziki nabarmentzekoa da indarkeria matxisten tratamenduari egiten dioten ekarpena. Estilo-liburuak egin ditu, berdintasun-planak diseinatu ditu, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu du, eta Begira Komunikazio eta Publizitate ez Sexisten Kode Deontologikoaren sareko kide da eta BAI Sareako kide ere bai, biak Emakundek sustatuak. Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu du jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak direla orotariko gainerako komunikabideentzat.
Era berean, sari honen bidez, epaimahaiak aitorpen publikoa luzatu nahi die egunero berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten komunikazioko beste profesional batzuei eta ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen lan egiten duten hedabide guztiei.
Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, hiru hautagaitzen artean banatuko da.