Beatriz Artolazabalek Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran emandako erantzunak

2022-05-06

Vitoria-Gasteiz, 2022/05/06

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Alderdi Popularra-Ciudadanos, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar-taldeen ordezkariek argitu gabe dauden ETAren hilketei, mendetasun-egoeran dauden pertsonei eskainitako arretari eta Gerra Zibileko desobiratze-prozesuari buruz egindako hiru galderari erantzun die gaur. Galderak eta interpelazioak Eusko Legebiltzarreko Kontroleko Osoko Bilkuraren esparruan egin dituzte.

 

  • “BIKTIMEKIKO GURE KONPROMISOA EZ DA EGUN BATEKO LOREA”

Beatriz Artolazabalek gaur goizean aitortu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak biktimekin eta horien egiarako eskubidearekin hartuta duten konpromisoa ez dela “egun bateko lorea”. Sailburuak ETP-Ciudadanos legebiltzar-taldearen ordezkariari, Carmelo Barriori, zuzendu dizkio hitz horiek, ETAk egindako eta oraindik argitu gabeko 379 hilketei buruz Europako Parlamentuaren txostenean jasota dauden gomendioak betetzea erraztuko duten neurriak ezartzeko Eusko Jaurlaritzak zer asmo duen galdetu baitzuen interpelazio baten bidez.

Artolazabal sailburuaren erantzuna erabatekoa izan da, “biktimekiko gure konpromisoa oso gogoan izan da gure ibilbide pertsonalean, instituzionalean eta politikoan”, gogorarazi baitio ordezkari popularrari. Alde horretatik, berariazko erreferentzia egin dio Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko ekainaren 19ko 4/2008 Legeari, bai eta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua sortu izanari eta “egin duen lan adierazgarri eta emankorrari” ere.

“Hor daude”, jarraitu du esanez Artolazabalek, “Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egindako txostenak (…); biktimen elkarteekin eta fundazioekin elkarlanean garatutako programak (…); Bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunen 2024 Udaberri Planeko lehenengo ekintza-ildoa, helburua terrorismoaren biktimei aitorpena eta erreparazioa emateko politiketan aurrera egitea eta politika horiek sendotzea duena”.  

Argitu gabe dauden 379 kasuei dagokienez, sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak “kuantifikatu eta sailkatu” zituela “talde terroristek egindako eta argitu gabeko atentatu hilgarrien kasuen egoera prozesalak” beste gobernu bakar batek ere “antzeko ekimen bat martxan jarri aurretik”. Eta azalpenari amaiera emateko, Memoria eta Aitorpen Koadernoak aipatu ditu, “379 biktima horiek humanizatzeko, euren memoria bizirik mantentzeko eta euren egiarako eta justiziarako eskubidea gauzatzen laguntzeko ekimena” dela esanez.

Jarraian, Beatriz Artolazabal sailburuak “gauzatxo” bat gogorarazi dio Carmelo Barriori: “Espainiako Estatua azaroan bisitatu zuen Europako Legebiltzarreko ordezkaritza, zuk aipatu duzun eta Eusko Legebiltzarrean akordiorako bidea eman zuen txostena egin zuena, ez zen Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri, eta, nik dakidanez, ezta Legebiltzar honekin ere”.

Sailburuak Barrio jaunari esan dio berak ondo asko dakiela ordezkaritza horren lehendakariari “behin baino gehiagotan eskatu” zitzaiola Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzeko. Eta, amaitzeko, aitortu du “itsuskeria ulertezin horrek” inondik inora ere ez duela baldintzatzen “terrorismoaren biktimen eta euren egiarako eskubidearen aldeko gure erabateko konpromisoa eta irmotasuna”.

 

  1. URTETIK 114 PERTSONA GEHIAGOREN GORPUZKIAK BERRESKURATU DIRA

Euskadiko desobiratze-prozesuari buruz gero egin duen esku-hartzean,  Artolazabal sailburuak Bilboko Begoñako hilerritik berreskuratutako 42 gorpuzkien identifikazio-egoeraren berri eman du. Ildo horretan, aurreratu du dagoeneko harremanetan jarri direla zantzu dokumentalak frogatuta dituzten familiekin. Haiekin, Gogora DNA laginak hartzea kudeatzen ari da, ondoren, gorpuzkienarekin alderatzeko. Gainera, Bilbo erori aurreko borroketan senide bat desagertu zela dakiten beste hogei familiarekin ere ari dira lanean. Sailburuak gaineratu duenez, “laister” topaketa publiko bat egingo da familia hauekin.

Beatriz Artolazabalek horixe erantzun dio Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernández legebiltzarkideak egindako galderari, jakin nahi baitzuen ea Jaurlaritzak amaitutzat eman duen Gerra Zibileko Euskadiko hobiak aurkitzeko eta horietako desobiratze fasea.

Memoriaren arloko politika publikoen ardura duen sailburuak azaldu du 2021eko otsailean aurkeztu zela ordura arte Euskadin egindako desobiratzeen balantzea, eta zehaztu du balantzeak ez duela “amaiera” esan nahi, baizik eta “egindakoari buruzko kontu ematea”.

Desagertutako pertsonak bilatzeko programak indarrean jarraitzen du, duela hogei urtetik, Aranzadi Zientzia Elkartearekin egindako akordioaren bidez, eta ikertzen eta desobiratzen jarraitzen da, “Gerra Zibileko gorpuzkiak egon daitezkeela adierazten duen arrastoren bat badago”. “Euren duintasunarengatik, haien familien duintasunarengatik eta herri honen duintasunarengatik”, erantsi du.

Horren frogabide moduan, sailburuak jakitera eman du, 2021eko otsailean,  aipatutako balantzea aurkeztu zenetik, 114 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu direla, eta haiek identifikatzeko eta familiei emateko lanean ari direla.

Horien artean daude Begoñako hilerrian desobiratutako Gerra Zibileko 76 gorpuzkiak: Erregistratuta, dokumentatuta zeuden 34 lurperatze eta hobi komuneko 42. Azken horiei buruzko inolako erreferentzia dokumentalik ez zegoen, eta Gerra Zibileko “desagertu” gisa agertzen ziren.

Berreskuratutako 114 gorpuzkiak 2021era arte berreskuratutako 110 gorpuzkiei gehitu behar zaizkie, azken horien berri ematen da Gogorak 2021ean argitaratutako ‘Gerra Zibilaren desobiratzeak Euskadin’ txostenean.

 

  • ERRITMO MOTELAGOAN, BAINA ARRETA BERA MENDETASUNARI

Azkenik, sailburuak EH Bilduko Nerea Kortajarenak mendetasun-egoeran dauden pertsonei eskainitako arretari eta arretak “okerrera” egin duela ikusita hori “zuzentzeko” Eusko Jaurlaritzaren asmoari buruz egindako galderari erantzun dio. Beatriz Artolazabalek esan du “gehiegizkoa edo interpretazio okerra” iruditzen zaiola Kortajarenaren baieztapena, eta “iritsi diren eskaerei erantzun zaie, eta pandemia aurretik baino gutxiago izan dira” argitu du. Alde horretatik, Artolazabalek azaldu du 2020ko abenduaren 31n Euskadin 65.757 pertsona zeudela mendetasun-egoeran. Handik urtebetera, 65.741 zeuden, hau da, 16 pertsona gutxiago, eta hori % 0,02 gutxiago da.

Era berean, “2021eko kutsatze-mailak eta protokolo sozio-sanitarioek ez zuten jarduera normala gauzatzeko aukerarik ematen, ez eta gizarte-baliabideetara sarbidea izaten ere, ez mendetasunaren balorazioetan, ez herritarrek egindako eskaeretan”, gogorarazi du sailburuak. “Pandemiak”, adierazi du, “batetik mendetasun-egoeran zeuden pertsona batzuen heriotza eragin du eta, bestetik, mendetasun-egoeran dauden pertsonen familiak atzendu egin ditu baliabideak eta prestazioak eskatzerakoan eta erabiltzerakoan”. Amaitu du esanez, gai horiek guztiek “erritmoa moteldu” dutela, baina inoiz ez zaiola arreta emateari utzi.

Horrez gainera, Beatriz Artolazabalek adierazi du, Gizarte Zerbitzuen Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkartearen Mendetasunaren Behatokiak egiaztatu duenez, Euskadi “oso egoera onean” dagoela “beste Autonomia Erkidego batzuekin alderatuta”.

Sailburuak emandako datuen arabera, mendetasuna baloratzeko eskatu duten eta mendetasun-maila baloratu zain dauden pertsonen ehunekoa % 2,3koa da Euskadin, Estatuko batez bestekoa % 8,4koa izanik, eta autonomia-erkidego batzuetan % 29,6an daude.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak