Berriak Lehendakaritza

Mikel Antonek: “Europako Etorkizunari buruzko Konferentziak aukera paregabea ematen du gazteriarekin eta ingurumenarekin lotura duten erronkak eta lehentasunak ezagutzeko”

2022-05-09
  • Eusko Jaurlaritzaren “UEngage; Parte hartzeko denborak” topaketa Bilboko Azkuna Zentroan, Gazteriaren Europako Urtean, gaur, Europa Egunean.
  • “EAEko gazteek Europako proiektua diseinatzeko lanean eginkizun baliotsuenetako bat dute”.
  • Agurtzane Llano, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria: "Gazteen parte-hartze eta iritzi handiagoa"
    Maialen Olabe, Gazteriaren Euskal Kontseilua-EGK: "Parte-hartze sozial handiagoa, bilakaera positiboa izan duen gizartea lortzeko"

Bilbo, 2022 05 09

Mikel Antón Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariaren iritziz, “Europako Etorkizunari buruzko Konferentziak aukera paregabea eman du une zehatzean ezagutzeko erronka eta lehentasunak, eta EAEk, Europar Batasun modernoa eraikitzeko konpromisoa duen lurra denez, lan eta helburu horiekin bat egin du, bete-betean, eta bereziki gazteriarekin eta ingurumenarekin lotutakoekin. EAEko gazteek Europako proiektua diseinatzeko lanean eginkizun baliotsuenetako bat dute”.

Mikel Antón izan da, Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariarekin batera, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak antolatu duen “UEngage; Parte hartzeko denborak” topaketako buru; topaketa Bilboko Azkuna Zentroan izan da, Gazteriaren Europako Urtean, gaur, Europa Egunean.

Gaur, astelehenean, Europako Etorkizunari buruzko Estrasburgoko konferentzia ixteko saioa da; hartan, Europako herritarren lan-urte luzea laburtzen da.  “Denbora honetan, zenbait ideia jaso eta eztabaidatu dira, Batasunak erronka eta aukerei nola aurre egin zehazteko. Hartan, Batasuneko gazteriak eginkizun berezia izan du”, esan du Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak.

Mikel Antónek, aditu-talde, irakasle eta Europako Batzordeko ordezkari batzuen aurrean, honako hau esan du: “Ukrainako gatazken inguruan, gaurko ekitaldiek, Europa Egunekoek, Batasunak Bakearekin, Askatasunarekin, Demokraziarekin eta Elkartasunarekin duen konpromisoa erakusten dute; orain, bereziki, Ukrainarekin duen konpromisoa”.

“Europako erakundeek estatu eta herrialdeoi jarduerak egiteko eskatu ziguten, eztabaidak eta adierazpenak, Batasunak berak sustatutako kontzertu eta kultura-ekitaldiez gainera. EAEn indartsu hartu dugu Batasunaren bandera urdina, eta gure gazteak etorkizunarekin lotura duten eta planetak bizi duen aldaketa handiarekin konprometituta dauden zenbait ekimenen buru dira:   EAEko gazteek modu berezian eztabaidatu dute –eta eztabaidatzen jarraitzen dute– jasangarritasunari, klimari eta ingurumenari buruz”, esan du Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak.

Antónek esan duenaren arabera, “EAEko gazteek Europako proiektua diseinatzeko lanean eginkizun baliotsuenetako bat dute”. Hori dela eta, gaur hemen garatzen ari garen ekarpen eta ondorioak ordezkatuta dauden Batasuneko hiru erakundeek ezarritako ildotik doaz. Honako hauek dira ordezkariak: Guy Verhofstadt Europako Parlamentuko diputatua; Clément Beaune Kontseiluko Frantziako Presidentetzarako Europako Gaien estatu-idazkaria, eta Dubravka Šuica Europako Batzordeko presidenteordea Demokraziako eta Demografiako arduraduna”.

Estrategia

Kanpo Harremanetarako zuzendariak esan duenaren arabera, “Europako Kontseiluak 2020. urtearen hasieran onartutako 2030erako Gazte Sektorearen Europako Estrategia erreferentziazkoa da, batik bat oraindik bizi dugun Covid-19aren egoerarekin. 2020-2030 aldian gazteen sektorean aplikatu beharreko politiken gida bat da".

“Gazteentzako espazio zibikoak estatuz azpiko politiketatik abiatuta sustatu behar dira. Hala, ingurune hurbileneko isla izango dira, tokikoa eta eskualdekoa, eta aukera bat ekarriko dute haietan etorkizunerako Europar Batasunean adostutako politika eta estrategiak garatzeko”, esan du Antón Zarragoitiak.

“Era berean, espazio zibikoak eta gazteentzako topaketarako, lankidetzarako eta partaidetzarako esparruak honako hauek kontuan hartzen dituzten foro izatearen aldeko apustua egiten dugu: gazteen eta adinekoen arteko elkarrizketa nagusitzea; ekintzailetza sustatzea; Gazte Migrazioa gogoan izatea, Batasunaren garapenean parte hartzen duena, prestakuntzari eta inplikazioari esker; emakume gaztearen eginkizunari arreta berezia eskaintzea; emantzipazioa sustatzea; gazteek parte hartzeko sistema aurreratuak definitzea, elkarrizketa instituzional eta sozialari esker; gazteek parte hartzeko prozesuetan online tresnak eta komunikazioak izatea, eta Covidak gazteen osasunean duen inpaktua kontuan hartzea”.

Topaketan, honako hauek parte hartu dute: Despo Sergiou, Europako Batzordeko Gazteriako Zuzendaritza Nagusiaren ondokoa;  Rafaél Lopez-Arostegui, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako aholkularia; María Rodriguez, Europako Kontseiluko Gazteriakoa; Iñaki Bustamante, Euro Getxokoa; Juan José Gómez, Helduak elkartekoa; Mariano Sanchez, Granadako Unibertsitateko Belaunaldien Arteko Ikasketen Macrosad Katedrako zuzendaria;  Maialen Olabe, Euskadiko Gazteriaren Kontseiliko presidentea, eta Agurtzane Llano, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria.

Konfiantza

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiak nabarmendu du Euskadiko gazteek konfiantza handia dutela – % 68 – Europar Batasunean, haren erakundeetan eta jardueretan.

2022an Europar Batasunak Gazteen Europako Urtea garatuko du. Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen´ek proposatutako helburua da gazteak eta haien lehentasunak erabakiak hartzeko prozesuaren maila guztietan integratzea, eta gazteria ardatz duten jarduerak eta programak antolatzea.

Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteek Europar Batasunean duten konfiantza-mailaren ikuspegi orokorra eskaintzen du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2021eko udazkenean argitaratu duen 74. Euskal Soziometroa azterlanaren emaitzak hartu dira oinarritzat.

Ikerketa hori inkesta batean oinarritzen da, non, besteak beste, Europar Batasunarekiko konfiantzaz galdetzen zen. Inkesta horren emaitzen arabera, 18 eta 29 urte bitarteko Euskadiko hiru gaztetik bik ( % 68) EB´n konfiantza dute.

EB´n konfiantza duten gazteen ehunekoa EAEko biztanleriaren batez besteko orokorra ( % 59) baino handiagoa da; izan ere, 18 eta 29 urte bitarteko gazteak dira Europan konfiantza handiena duten adin-taldeak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Despo Sergiou, Rafaél Lopez-Arostegi, María Rodríguez, Maialen Olabe, Iñaki Bustamante, Juan José Gómez, Mariano Sánchez, Javier Gainzarain,