Europako Funtsek 5.200 milloi euro baino gehiagoko ekarpena egin diote Euskadiren garapen sozioekonomikoari 1986tik

2022-05-09

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak bultzatutako “Europa Euskadin” jardunaldiak agerian utzi du Europar Batasunaren eskualde-politikak EAEn azken 33 urteetan izan duen eragina.

Bilboko Burtsaren eraikinak Europako finantzaketak enpresa-sarearentzat eta, oro har, euskal gizartearentzat duen garrantziari buruzko dibulgazio-jardunaldia hartu du gaur, maiatzak 9, Europaren Egunean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak sustatuta; Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketak, batez ere.

Jardunaldian berrogeita hamar pertsona inguruk hartu dute parte, eta Europar Batasunaren eskualde-politika ezagutzeko aukera eman du; eskualdeen arteko garapen-mailan dauden aldeak murriztea eta herritarren arteko ongizate-desberdintasunak txikitzea helburu duen elkartasun-, ekonomia- eta gizarte-kohesiorako politika da.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programa Eragilera hurbiltzeko balio izan du. Europako Erkidegoak Euskadin ematen duen laguntzaren estrategia eta esku hartzeko lehentasunak biltzen dituen tresna da, eta EGEFek kofinantzatutako jardueren bidez gauzatzen da, programazio-aldi jakin baterako.

Topaketan, gainera, EGEFek Euskal Autonomia Erkidegoaren eta, zehazki, Bizkaiaren, garapen ekonomikoan eta sozialean zelan lagundu duen jakin ahal izan da, funts horren laguntzarekin finantzatu diren lurralde historiko horretako proiektuen bidez.

Roberto Urkitzak, Estrategia Empresarial argitalpenaren kontseilari delegatu-zuzendariak, aurkeztu eta moderatutako jardunaldian Iñaki Barredo Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politika eta Europako Funtsen zuzendariak, Koldo Atxutegi, Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiaren Kabinetearen barruan Bizkaia Erakargune Bihurtzeko Zuzendari Nagusiak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak hartu dute parte.

Iñaki Barredok gogorarazi duenez, Euskadik azken hiru hamarkadetan izan duen eraldaketa sozioekonomikoan zerikusi handia izan du Europar Batasuneko eskualde-politikak, bai eta euskal erakundeek Europatik datozen funtsen inguruan egin duten kudeaketak ere.

Ezarpenaren lehen alditik (1986-1993) gaur egunera arte (2014-2020), Euskadik 5.267,80 milioi euro jaso ditu Europako Funtsetatik. Kopuru horri esker, inbertsioak bultzatu ahal izan dira, gaur egun oraindik inbertsio publiko guztien % 9,5 diren eta euskal BPGaren % 0,21 osatzen duten inbertsioak, hain zuzen ere. Horrela, aipatu behar da, pandemiaren ondoren, 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF Programa Eragilearen hasierako zenbatekoari beste 319,15 milioi gehitu zitzaizkiola REACT-EB programaren bidez, hau da, kohesiorako eta Europako lurraldeak suspertzen laguntzeko tresnaren bidez.

Koldo Atxutegik, bere aldetik, EGEF funtsaren baliabideek, industria-birmoldaketaren eta komunikazio-sarearen hobekuntzaren garaitik –joan den mendearen amaieran– Bizkaiko lurralde historikoan izan duten inpaktua izan zuen hizpide. Inpaktu hori gizartea eta ekonomia biziberritzera, ingurumena hobetzera eta ezagutzaren ekonomia bultzatzeko planetara ere heldu da.

Azkenik, Emakundeko zuzendariak eta Ihobeko zuzendari nagusiak, Europar Batasuneko Kohesio Politikaren zeharkako helburuekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programa Eragilearen ardatz guztiak zeharkatzen dituzten printzipio horizontalen (emakumeen eta gizonen berdintasuna eta garapen jasangarria, besteak beste) ikuspegia eman dute.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak