Josu Erkorekaren eta Josu Bujandaren agerraldia
Zuen aurrera agertu naiz, Josu Bujanda Ertzaintzaren buruarekin batera, gizarteari lasaitasun-mezu bat igortzeko eta ikertzen ari garen kasuaren aurrean oso zuhurrak izan behar dugula eskatzeko.
Oso lan zorrotza egiten ari gara Bilboko Instrukzio Epaitegiarekin.
Gogorarazten dut eginbideak sekretu judizial zorrotzaren pean daudela.
Horrek esan nahi du kontu handiz ibili behar dugula esku artean dugun informazioarekin.
Arriskuan jar dezakegu ikerketa judizialaren eta polizialaren arrakasta.
Horregatik, lehenik eta behin, informazioa maneiatzean eta argitara ematean oso zuhurrak izan behar dugula eskatzen dut.
Bigarrenez, errugabetasun-presuntzioaren oinarrizko printzipioa ekarri nahi dut gogora.
Atzo Irungo Ertzain-etxean pertsona batek bere burua entregatu zuen komunikabideetan publikoki, argazki eta izen-abizen eta guzti, gertaeren ustezko egile gisa identifikatu zutela ikusita.
Pertsona hori, une hauetan, atxilotuta dago, eta deklarazioa egiten eta ikerketarako informazioa ematen ari da.
Premiazkoa da, beraz, ikerketa polizialaren eta judizialaren denborak errespetatzea.
Hirugarrenez, lasaitasun-mezu bat igortzera agertu naiz.
Lasaitasuna helarazi nahi diot gizarteari baina, bereziki, LGTBI+ kolektiboari, ondo asko baitakigu kasu honek larritu egiten duela.
Nahi dut argi izatea Ertzaintzak hilabeteak daramatzala lanean ikerketa konplexu honetan.
Kasuak argitzean panorama konparatuko indizerik altuenetako bat duen polizia-kidegoan konfiantza izateko eskatzen dut.
Eta, batez ere, homizidio-kasuetan, Ertzaintzak halako kasuen ia % 100 argitzen baititu.
Eskurik onenetan gaude, ziurtatu egiten dizuet.
Utz diezaiegun lanean Ertzaintzari eta Justiziari.