Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Celaá: "Hezkuntzak XXI. mendeko tresnei ahalik eta etekin handiena ateratzea behar du"

2011.eko urriak 17

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Isabel Celaák, gaur inauguratu du Elhuyar Fundazioak Gipuzkoako Merkataritza Ganbaran antolatu duen “Mobile learning as the future of education “ mintegia

Isabel Celaák bere hitzaldian azpimarratu duenez, “Euskadiko gazteek izan behar dute gero eta globalizatuagoa den ingurune batean lehiatzeko prestakuntza eta, horretarako, teknologia berriak gelan erabiltzea funtsezkoa da “. “Hezkuntzak XXI. mendeko tresnei ahalik eta etekin handiena ateratzea behar du “, adierazi du. Zuzentzen duen Sailaren apustu garrantzitsuenetariko bik, Eskola 2.0-k eta Hezkuntza Hirueledunaren Markoak, lehen aipatutako ingurune horretan lehiatzeko beharko dituzten hizkuntz trebetasunak eta trebetasun teknikoak euskal ikasleei ematea dute helburu eta bi kasuetan zerikusi handia dute Elhuyar, mugikorraren bidez (Mobile learning), ikaskuntza-prozesuak hobetzeko prestatzen ari den tresna berriekin. “Ekoizteko beste eredu batzuk oinarritzat hartuz, guztion artean izan behar dugu gero eta zuzenago eta iraunkorragoa izango den gizarte bat eraikitzeko gai “, adierazi du Hezkuntza sailburuak.

Zientzia gizartera hurbiltzea eta euskararen hizkuntz normalkuntza sustatzea helburu dituen Elhuyar Fundazioa betiere hezkuntzatik oso hurbil egon da; areago, hezkuntza-eragiletzat ere jo daiteke. Zentzu horretan, Hezkuntza Sailarekin sintonia ona dutela erakutsi dute Fundazioko arduradunek. “Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, Elhuyarren garrantzi handiko jarduerak gauzatu ditugu “, esan du Itziar Nogerasek, Fundazioko zuzendari nagusiak. “2011n proiektu hauek aurrera eraman ditugu: kanpamendu zientifikoak hurrenez hurreneko bigarren urtean, “Teknopolis “ telebista-programa eta euskal ikasleek zientziaz duten ikuspegia neurtzeko lehen ebaluazioa “, zehaztu du.

Modernizatzeko ekimenak
Euskal gelak teknologikoki eta hizkuntzaren aldetik modernizatzearen aldeko haren ekimenak dagoeneko emankorrak izaten hasi dira. Alde batetik, Hezkuntza Hirueledunaren Markoaren aurrerapena gero eta geldiezinagoa da, proiektua aurten 118 ikastetxetara hurbildu izanari esker. Izan duen harrera handia datu hauetan begi-bistan geratzen da: joan den urtean parte hartu zuten ikastetxe guztiek programan jarraitzeko eskatu dute eta haietako askok parte hartzen duten talde kopurua areagotu dute. Gainera, eskaera Sailak egiten duen eskaintza baino askoz handiagoa da, esperimentazio-aldiak bukatzen ez duen bitartean eta eredua sistema osora hedatu arte.

Bestalde, Eskola 2.0. programaren lehen ebaluazioak hobetzeko oso zailak diren datu batzuk eman ditu. Proiektua ezagutu duten sare publikoko Lehen Hezkuntzako irakasleen artean egin den inkesta batek datu argigarri bat eman du: ikasleen erdiak baino gehiagok, proiektuari esker, beren errendimendua hobetzen dute. Gainera, hamarretatik zazpik irakasgaietako ezagutzak hobeto ikasten dituzte eta, eskuko ordenagailu txikiak eta pantaila digital interaktiboak erabiltzeari esker, % 96k gelako zereginetan gero eta motibazio eta inplikazio handiagoa dute. Ikasturte honetan aurrera jarraitu du proiektua ezartzeko prozesuak: 20.000 ekipo berri sartu dira DBHko lehen kurtsoko ikasle guztientzat eta, ondorioz, euskal geletan guztira 59.000  ordenagailu daude.

“Mobile learning as the future of education “ mintegiari hasiera eman ondoren, Elhuyar Fundazioa bisitatzeko gonbidapena egin diote Hezkuntza sailburuari eta han erakunde hori egiten ari den lana zuzenean ikusi ahal izan du. “Mundua etengabe aldatzen ari da. Hau da bizitzea suertatu zaigun garaiaren ezaugarri inportanteena. Horregatik, Hezkuntza ezin da atzean geratu, etorkizunari begirako proiekzioa egin behar du “, baieztatu du Isabel Celaák.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan