Berriak Herrizaingoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak larrialdien eta babes zibilaren inguruko lankidetza hitzarmena sinatu dute

2011.eko urriak 15

Arrisku larriko egoeren eta katastrofeen aurrean erakunde honen giza baliabideak eta materialak optimizatzeko helburua du akordioak

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Euskadiko Gurutze Gorriko Batzorde Autonomikoak lankidetza Hitzarmena sinatu dute gaur, Bilbon, larrialdien eta babes zibilaren inguruan. Akordio honen bitartez erakunde honetako giza baliabideak eta materialak optimizatuko dira, haien artean Jaurlaritzak berak utzitakoak, arrisku larri kolektiboen edo katastrofeen aurrean. Herrizaingo Sailburu Rodolfo Aresek "ezinbestekotzat" jo du Grurutze Gorriko boluntarioen lana. Euskadiko Gurutze Gorriko Batzorde Autonomikoko buru Iñaki Irustak nabarmendu du hitzarmena onuragarria dela "euskal gizarte osoarentzat".

Herrizaingo Sailburu Rodolfo Aresek eta Euskadiko Gurutze Gorriko Batzorde Autonomikoko buru Iñaki Irustak sinatutako hitzarmenak 1995ean hitzartutakoa ordezkatzen du eta EAEko lurraldera eta itsasertze-kostaldera mugatzen da. Hala ere, kanpora hedatu ahal izango da larrialdien inguruan Euskadiko Gurutze Gorriko baliabideeak txertatzeko beste autonomia erkidegokorekin edo herrialderekin sinatzen diren akordioen arabera.

Hitzarmen honen sinadurari esker, Gurutze Gorriak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren esku utziko ditu zenbait Larrialdietan Berehalako Erantzuna Emateko Talde (ERIE), haien artean, esku-hartze psikosozialekoa eta bilaketa eta salbamendukoa, lehorrean nahiz barruko uretan.

Era berean, Euskadiko Gurutze Gorriak honako ekarpen hauek egingo ditu: 100 leku dituen kanpainako ospitale bat, larrialdi modulu bat, zenbait koordinazio eta oinarrizko erantzuneko ekipamendu, itsas salbamenduko baseak Bizkaian eta Gipuzkoan, behin-behineko aterpe bat eta larrialdietarako materialeko biltegi bat.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, bere aldetik, Hitzarmen berean aurreikusitako urteko programen ondorioz sortuko diren gastuen finantziazioan lagunduko du.

Halaber, akordioaren arabera, alde biek urteko jarduera programa bat adostu beharko dute, besteak beste, Gurutze Gorriko pertsonalaren formakuntza, ariketak eta simulazioak egiteko beharra kontuan hartzen duena.

Erakundeen arteko koordinazioa

Administrazio desberdinek parte hartzen duten Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Zerbitzuan "bi beso operatibok" aldi berean dihardutela gogorarazi ondoren, hau da, "zerbitzu profesionalak eta boluntarioen elkarteak", Herrizaingo Sailburu Rodolfo Aresek adierazi duen legez, "edozein jazoera edo ezbeharraren aurrean gure erantzun gaitasuna hain altua izateak, batez ere, larrialdietako munduak lan egiteko modu bien kudeaketa orekatu honi eskertu behar diogu".

"Larrialdien kudeaketaren esparruan, boluntarioen elkarteek berebiziko eginkizuna dute eta elkarte hauen barruan aipatu beharra dago Gurutze Gorriak betidanik izan duen zeregina, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Zerbitzuaren oinarrietako bat bilakatuz, alegia. Euren laguntza edozein ezbehar edo larrialditan funtsezkoa da bertan lanean ari diren gizon-emakumeek, egunez egun, egiten duten beharrari esker".

Gurutze Gorriko Batzorde Autonomikoko buru Iñaki Irustak, bere aldetik, zera nabarmendu du: "Hitzarmen berriaren sinadurak ez die mesede egiten soilik parte hartu duten alde biei, baizik eta euskal gizarte osoari".

"Hitzarmenak motibatzen gaitu eta lanean gogo handiz jarraitzeko balio digu herritarren ongizatearen alde. Gainera, gure erronkak betetzeko aukera eskaintzen digu, hau da, bizitzak salbatu eta pentsamoldeak aldatu, laguntza behar duten pertsonengana hurbiltzen gaituen bitartean".

"Labur esanda, akordio honek erakunde honen boluntarioek gizartearen alde egiten duten lan garrantzitsua aitortzeko balio digu", bukatu du Irustak.

Ate irekietako jardunaldia


Hitzarmenaren sinadurarekin batera, Euskadiko Gurutze Gorriak antolatutako ate irekietako jardunaldia hartu zuen Etxebarria parkeak. Parkean baliabide eta material garrantzitsuenetako batzuk izan ziren ikusgai, hiru lurralde historikoetatik ekarriak, hala nola, 100 ohe hartzeko lekua duen kanpainako ospitale bat, itsasoan eta mendian bilaketa eta salbamendu lanak egiteko zenbait ibilgailu eta hondartzetako sorospenarekin zerikusia duten zenbait baliabide.

ERAKUTSITAKO MATERIAL GUZTIAREN ZERRENDA

Gipuzkoako Gurutze Gorria

-Kanpainiako Ospitale Higikorra
-Itsas Salbamenduko Lanetarako Laguntza Ibilgailua
-Uretako motorra
-Arreta Sozialerako Ibilgailu Logistikoa
-Itsas salbamendurako txalupa

Arabako Gurutze Gorria

-Karpa
-Mendi jardueretarako unitateak gehi lur orotako ibilgailua
-Larrialdi Modulua
-Larrialdi lanetarako Logistika Ibilgailua

Bizkaiko Gurutze Gorria

-Larrialdietan Berehalako Erantzuna Emateko Taldeak (ERIE) Osasun-Arretarako eta Sailkapenerako (100 ohetako ospitalea)
-Ur esparruko bilaketa eta laguntzarako ERIE
-Mendiko ERIE
-Osasun-postu aurreratuak
-Behin-behineko aterpea
-Bi osasun-baliabide
-Hondartzetako salbamendurako eta sorospenerako baliabideak

Herrizaingo Sailak

-AK kamioia, Aginte Postu Aurreratua
-Larrialdietako Arreta eta Meteorologia Zuzendaritzako Esku-Hartze Teknikaria

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)