
Laneko sailburuordeak gogorarazi du enpresek emakumeen eta gizonen berdintasuna sartu behar dutela kudeaketan eta lan-harremanetan
- Pérez Barredok "indarkeria eta jazarpena lanean genero ikuspegitik" jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu du gaur
Elena Pérez Barredo Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak gogorarazi du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zeharka sartu behar dela enpresa-kudeaketa osoan, eta, zehazki, haien lan-harremanetan, eta berretsi du jada ez dela gomendio bat, ez betetzeak enpresentzat dituen ondorioak larriak direlako.
Pérez Barredok "indarkeria eta jazarpena lanean genero-ikuspegitik" jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu du gaur, Bilbon, Euskadiko Laneko Ikuskaritzak, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak eta Emakundek batera antolatutako ekitaldian.
Bere hitzaldian, azken urteotan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez izandako lege-aldaketak aipatu ditu; besteak beste, berrogeita hamar langile baino gehiago dituzten enpresek berdintasun-planak izan behar dituztela, edo ordainsari-erregistroarekin eta soldata-auditoretzekin gardentasuna izan behar dutela, eta horiek “lanpostuen balorazioak genero-joerarik gabe egitera eraman behar gaituztela”.
Era berean, prozesu horretan erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du, eta Emakundek emandako laguntza eta prestakuntza jarri ditu adibide gisa, Laneko Ikuskaritzako kideek berdintasunaren arloan izan behar dituzten ezagutzak eskura ditzaten, zuzeneko diskriminazioak ez ezik, zeharkakoak eta hitzarmen kolektiboetan ezkutatzen direnak, lanpostuen balorazioak eta emakumeentzako itxuraz kaltegarriak ez diren ekintzak detektatu ahal izateko.
Pérez Barredok Osalani eta onartu berri den Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2021-2026 Euskal Estrategiari buruz ere hitz egin du. Estrategia horretan, lan-arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia funtsezko helburu bihurtzen da, emakumeok modu desberdinean gaixotzen garelako eta istripu desberdinak izaten ditugulako.
Amaitzeko, esan du Lan eta Enplegu Sailak “Emakunderi jakinarazi ahal diola zer gertatzen den egunero gure enpresetan, eta zer tresna ditugun emakumeek lan-merkatuan jasaten duten desberdintasunaren aurka barrutik borrokatzeko”.