Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Izaskun Landaida: "Aurrerapauso kualitatiboak eman dira lan-ingurunean indarkeria eta jazarpena prebenitzeko"

2022-05-04
  • Gaur goizean "Indarkeria eta jazarpena lanean genero-ikuspegitik" jardunaldia egin da.
  • Jardunaldia antolatzaileak dira Berdintasun Saila Emakunderen bitartez, Lan eta Enplegu Saila eta Osalan

 

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak eta Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariak hasiera eman diote gaur goizean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, Lan eta Enplegu Sailak eta Osalanek elkarrekin antolatu duten “Indarkeria eta jazarpena genero-ikuspegitik” izenburuko jardunaldiari. Jardunaldian bostehun pertsona baino gehiago bertaratu dira, eta horien artean aurrez aurre eta online jarraitu dutenak.

Jardunaldian landu den gai nagusietako bat Estatuan Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) hitzarmenaren berrestea izan da; izan ere, Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, aurrerapauso garrantzitsua da, “esparru komuna eta ikuspegi integrala ematen baitu, genero-ikuspegiarekin, lan-munduan indarkeria eta jazarpena prebenitzeko, konpontzeko eta ezabatzeko, indarkeria eta genero-jazarpena barne harturik”. Halaber, landu diren beste tresna garrantzitsuak nabarmendu ditu, hala nola, Emakundek lan-eremuko sexu-jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari buruz egindako protokoloa, edo Emakundek Osalanekin genero-ikuspegia duen lan-arriskuen prebentzio-politika baten alde egiten duen lana. Landaidaren hitzetan, “pentsatu behar dugu justiziagatik beharrezkoa izateaz gain, indarkeriarik gabeko lan-ingurune bat izateak eragin positiboa duela produktibitatean, eta elementu bateratzailea dela lan-harremanetarako, krisi garai honetan susperraldi ekonomikoari lagun diezaiokeena”.

Bestalde, Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariak adierazi du “laneko indarkeriaren prebentzioa eskura ditugun prebentzio-tresna guztiekin” egin behar dela, eta, horien artean, arrisku psikosozialen ebaluazioa eta hori saihesteko edo minimizatzeko prebentzio-neurrien plangintza nabarmendu ditu. Horretarako, garrantzitsua da enpresen barruan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak identifikatzea, errotik saihesteko.

Bi hizlari nagusi izan ditu jardunaldiak. Batetik, LANEko Espainiako kontseilaria, Natalia Díaz, 190 hitzarmena berdintasunerantz ematen den pausua dela nabarmendu duena; eta bestetik, Iciar González, EAEko Lan Ikuskaritzako zuzendari ordea, zeinek Lan ikuskaritzak arlo honetan egindako lanak azaldu dituen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)