
Ertzainak, Ertzaintzaren eguneroko lana erakusten duen dokumentala
- Sandra Ranea komisarioak Ertzaintzaren izenean: “Gizarteak gure lana, gure funtzionamendua ezagutzea nahi dugu, baita nor garen jakitea ere: panorama konparatuan Euskadik herrialde seguruenetako bat izaten jarraitzeko lanean ari garen milaka pertsona”
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Ertzainak dokumentalaren estreinaldian izan da gaur arratsaldean. Eduardo Araujo kazetariak zuzendutako film dokumentalaren soinu-banda folk-rockeko Country Basque euskal musika-taldeak egin du. Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan egin den estreinaldian Ertzaintzako agente ugari izan dira, Rodrigo Gartzia sailburuordea, Victoria Landa zuzendaria eta Josu Bujanda buruzagia buruan zirela. Horrez gainera, bertan izan dira Segurtasun Sailaren hainbat ordezkari politiko, Ertzaintzako sindikatu eta elkarteak eta herrialdeko beste hainbat eta hainbat agintari ere, hala nola Bakartxo Tejería Legebiltzarreko burua, Iñaki Subijana EAEANko burua, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Urtaran EUDELen lehendakaria, Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea etab.
Ikus-entzunezko dokumentua Eusko Jaurlaritzak finantzatu du Ertzaintzaren eguneroko lana gizarteari azaltzeko. Estreinaldia Ertzaintza gaur egun ezagutzen dugun bezala lehenengo promozioarekin abian jarri zeneko 40. urteurrenaren esparruan egin da. Promozioa Arkauten sortu berria zen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiatik irten zen 1982an.
ESTREINALDIA ETA SOLASALDIA
Sandra Ranea Ertzaintzako komisarioak zuzendu du film dokumentalaren estreinaldiko ekitaldia, eta bertan egin den solasaldian hiru agentek, Aitorrek, Laurak eta Ruthek, parte hartu dute, Ertzaintzan sartu zirenetik izan dituzten bizipen pertsonalak eta euren esperientzia profesionala azaltzen baitituzte dokumentalean. Solasaldian lanaren zuzendariak, Eduardo Araujok, Country Basque musika-taldeko musikarietako batek, Xabier Salizarmendarizek, eta zinema kritikariak, Josu Eguren, ere parte hartu dute.
Sandra Raneak azaldu duenez, film dokumentala Ertzaintzari egindako egile begirada bat da, polizia-kidego berezi honen eguneroko lana munduari erakusten diona: “Izan ere, gizarteak gure lana, gure funtzionamendua ezagutzea nahi dugu, baita nor garen jakitea ere: panorama konparatuan Euskadik herrialde seguruenetako bat izaten jarraitzeko lanean ari garen milaka pertsona. Besoak zabaldu nahi dizkiegu gure parte diren pertsonei, terrorismoaren urterik beltzenetan haiengandik ikusezin bihurtu behar izan genuen arren. Geure buruak babesteko eta zuek babesteko egin genuen. Anonimatutik Euskadiren eskubideak eta askatasunak defendatzen jarraitzeko. 1936ko gure aurrekoek egin zuten bezala, Euskadirekiko gure maitasunak berekin dakartzan ausardiaz eta adoreaz. Zorionez, etapa hori iraganeko kontua da. Memoriaren parte da. Beti gogoan izango dugu, baina itxita dagoen eta atzera bueltarik ez duen iragana da. Geure buruak erakusteko unea da. Zuek gu ezagutzea nahi dugu. Garen bezala ikustea nahi dugu: gertuko polizia. Herrikoak gara eta herriaren alde lan egiten dugu”.
Film dokumentalak bi narrazio-plano ditu. Bat, Ertzaintzan, polizia integral, profesional, prestatu, moderno eta aurreratuan, egunez egun egiten duten lana erakusten diguten agenteen lekukotasunena. Agenteek naturaltasunez eta gertutasunez azaltzen dituzte euren bizipenak, konpromisoa eta kide dituen taldea. Bigarren narrazio-planoan Ertzaintzak argitutako kasu erreal bat islatzen da, San Andresko leizean pertsona baten gorpua azaltzen denetik hasita.
Lan horretan unitate hauek guztiek parte hartu dute: Berroziko Esku-hartze, Ertzainor eta Eraikinetako Segurtasuneko unitateek, Ikerketak, Joko eta Ikuskizunak, Donostiako eta Bilboko Herritarren Segurtasuneko Unitateak, Brigada Mugikorrak, Zaintza eta Erreskate Unitateak, Polizia Zientifikoak, Ardatzek eta Sestaoko eta Getxoko ertzain-etxeetako agenteek. Ertzaintzak eta bere unitate eta zerbitzuek herritarrak babesteko eta Euskadiko segurtasun publikoa mantentzeko helburuarekin egiten duten lan handiaren erakusgarri txiki bat baino ez da.
EITB
Dokumentala datorren igandean, maiatzaren 8an, estreinatuko da ETB2n.