Berriak Lehendakaritza

Jaurlaritzak 2030 Agendaren lehentasunen programa aurkeztu die diplomatikoei eta nazioarteko erakundeei

2022-05-04

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiko arduradunek batzar telematiko bana egin dute gaur goizean zenbait herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, baita Nazio Batuetako hainbat erakundetako ordezkariekin ere, 2030 Agendaren lehentasunen Euskal Programa aurkezteko.

Bi batzar birtualetan parte hartu dute Jonan Fernándezek, Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030eko idazkari nagusiak, eta Myriam Larroulet-ek, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak, bai eta  Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Frantzia, Irlanda, Italia, Japonia, Mexiko, Norvegia, Herbehereak, Portugal, Erresuma Batua eta Suedia eta beste herrialde batzuetako enbaxadoreak ere; eta egoitza Madrilen duten Nazio Batuen nazioarteko erakunde eta entitate hauetako ordezkariak: HABITAT, Mundu Ituna-Global Compact, OIM-Migrazioen Nazioarteko Erakundea, UNICEF, ACNUR, UNRWA, OIT eta OMT-UNWTO.

Bi lan-batzar horiek “AGENDA 2030EKO LEHENTASUNEN EUSKAL PROGRAMA EZARTZEN. ERAIKUNTZA-PROZESUA, EGOKITZAPENA ETA ERRONKAK” izan dute izenburu, eta bertan Eusko Jaurlaritzaren Garapen Jasangarriaren Helburuen eta 2030 Agendaren lan-programak oinarri dituen berrikuntzak eta alderdi nagusiak aurkeztu zaizkie kidego diplomatikoko eta nazioarteko erakundeetako kideei.

2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren legealdi-plana da; eta plan horrek Eusko Jaurlaritzak esparru horretan duen konpromisoa, inplikazioa eta proaktibitatea finkatu ditu, inoiz baino beharrezkoagoa dela iruditu zaigu-eta, bai Covid-19 pandemiak eragindako ahuleziengatik eta arrakalengatik, bai gaur egungo munduko egoera geopolitikoagatik.

Programaren helburuak honako hauek dira: gizarte-kohesio handiagoa lortzen laguntzea; bakearen, justiziaren eta iraunkortasunaren aldeko nazioarteko ahaleginik onenetan parte hartzea; politiken koherentzia sustatzea; eta 2030 Agenda lehentasun eraldatzaileak bultzatzeko konpromiso gisa onartzea.

Hona hemen ezarritako lehentasunak:

  • Dibulgazioa eta gizarteratzeko mekanismoak sustatzea, Euskadi 2030 Agenda Gizarte Kontratua programaren bidez.
  • Gobernantza- eta lankidetza-mekanismoak eguneratzea.
  • Ebaluatu GJHak betetzeko euskal ekarpenaren lerrokatze-, jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak lehentasun berrietara egokitzea.
  • Eusko Jaurlaritzaren erabakia irudikatuko duten trakzio-konpromisoen eta proiektu enblematikoen panel bat ezartzea

Azken urteotan Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzan hainbat batzar egiten ari dira, Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko eta nazioarteko erakundeetako ordezkarien artean, Euskadiren plan eta ekimen estrategikoak ezagutarazteko, eta gaur egindakoek ere helburu hori izan dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak