
Eusko Jaurlaritza kezkatuta agertu da espioitzengatik eta konponbide azkarra eskatu du
- Eusko Jaurlaritzak 2030erako Tokiko Idazkaritzaren egoitza hartzeko hautagaitza aurkeztu du Nazio Batuan
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea kezkatuta agertu da duela gutxi ezagutu diren ziberespioitza kasuekin, eta Espainiako Gobernuari irtenbide azkar bat eskatu dio. Ildo horretan, Zupiriak gogorarazi du Lehendakariak duela zenbait aste eman zuela bere iritzia, nazioarteko prentsan gertaeren berri izan bezain laster, eta azpimarratu du Lehendakariak ez zuela zalantzarik izan gertakariak “oso larritzat jotzeko”, eta Espainiako Gobernuari azalpen azkar bat eskatu zion.
Atzoko presazko agerraldiaren ondoren, Zupiria sailburuak jarrera hori bera berretsi du, salatutako gertakariek herritarren eta politikarien kezka areagotu dutelako. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, premiazkoa da Espainiako Gobernuak argitzea Estatuko segurtasun-zerbitzuek arerio politikoak eta erakundeetako agintariak zelatatu ote dituzten. "Osasun demokratiko hutsagatik jakitea premiazkoa da", gaineratu du.
Joan den astean gertakari horiei azalpen bat ematen saiatzeko hartutako ekimenei dagokienez, Zupiriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak uste du Espainiako erakundeen eskura dauden mekanismo guztiak aktibatu behar direla, argi eta garbi pribatutasunean eta alderdi politikoek eta erakunde demokratikoek egiten duten lan legitimoan sartze larriak diruditena argitzeko.
“Erantzuna azkarra eta irmoa izan behar da, gertakari horiek Espainiako Estatuari Europan eta nazioartean eragiten dioten higadura eta deskonfiantza ikusita”, adierazi du.
LOKALA 2030
Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak 2030erako Tokiko Idazkaritzaren egoitza hartzeko hautagaitza aurkeztu duela Nazio Batuan. Joan den ostiralean, apirilaren 29an, Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuen idazkariorde nagusiaren 2030 Tokiko Koalizioaren Zuzendaritza Kontseiluaren bileran parte hartu zuen, New Yorken. Espainiak Nazio Batuen aurrean duen Misio Iraunkorrarekin batera, Eusko Jaurlaritzak New Yorken duen ordezkari Unai Telleriak Euskadiren hautagaitza aurkezteko aukera izan zuen, Lokala 2030 izeneko ekimenaren idazkaritzaren egoitza nagusia Bilbon hartzeko.
Proposamen hori bederatzi hilabete baino gehiagoko sustapen-prozesu baten emaitza izan da. Prozesu horretan, Lehendakaria buru zela, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Gizarte Trantsiziorako eta Agenda 2030erako Idazkaritza Nagusiak zuzenean esku hartu dute. Eusko Jaurlaritzaren bultzada horri esker, lankidetza-esparru bat sortu da Espainiako Gobernuarekin, zehazki 2030 Agendaren Estatu Idazkaritzarekin eta Lankidetzarako Estatu Idazkaritzarekin, bai eta Bilboko Udalarekin ere. Horren guztiaren ondorioz, hautagaitza hori formalizatu egin da, eta ofizialki aurkeztu da.
GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK
Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:
Gobernu Kontseiluak 2023ko lan-egutegia onartu du gaur Euskadirako, eta ohiko jaiegunak mantendu ditu, 2022an ez bezala; izan ere, 2022an irailaren 6a jaieguna izango da, Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizona buru duen munduari egindako lehen itzuliaren bosgarren mendeurrena ospatzeko.
Halaber, Gobernu Kontseiluak 80.000 euro erabiltzea onartu du aurten nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoiko langileei ostatu emateko higiezinen sorrera, egokitzapena edo ekipamendua finantzatzeko. Agindu hori Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi zuen azken bileran. Helburu horretarako higiezinen jabe diren pertsona fisiko, juridiko, publiko edo pribatuek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.
Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Lanbide Heziketan ikaskuntzarako mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak deitzen dituen agindua, Erasmus+ programaren barruan. Horrela, 500.000 euroko zenbatekoa bideratuko da Erasmus+ programaren 2022ko deialdian, ikaskuntza arrazoiengatik, pertsonen mugikortasunerako onartutako proiektuak kofinantzatzeko. Mugikortasun-proiektu horiek 2022-2023 ikasturtean gauzatu beharko dira.
Bestetik, Gobernu Kontseiluak gaur asteartea onartu du Alberto Alberdi I. Sariaren deialdia euskal ekonomiarekin zerikusia duen doktorego tesirik onena saritzeko. Sariak 2020ra arte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordea izan zenaren izena darama, bere ibilbidean irudikatutako zerbitzu publikoko printzipioei eta balioei aintzatespena adierazteko.
OSASUNA
Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du; eta jakinarazi du Osakidetzak, gaur, maiatzaren 3an, 2018-2019rako LEPeko bigarren faserako izen-ematea ireki duela. Eskabideak aurkezteko epea datorren ekainaren 2ko 14:00ak arte izango da, eta haiek Osakidetzaren web-orrian sortutako atalaren bidez izapidetuko dira, lehentasunez.