Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritza berriz hasiko da laguntzak ematen, 20.000 euro hain zuzen ere, Rotterdamgo World Police and Fire Games jokoetan parte hartuko duten ertzainei

2022-05-02
  • Helburua da, kirolari esker, mundu osoko polizia-agenteen eta suhiltzaileen artean esperientziak trukatzea segurtasun-zerbitzu publikoen artean adiskidetasuna sustatzeko eta sasoian egoteko motibazioa izateko.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du aurten, 2022an, 20.000 eurora arteko dirulaguntza ematea mundu osoko polizia-kidegoen eta suteak itzaltzeko kidegoen artean lehiatzeko antolatzen diren nazioarteko jokoetan parte hartu nahi duten ertzainen gastuak ordaintzen laguntzeko. Azken bi urteotan lehiaketak bertan behera utzi dira munduko pandemia-egoeraren ondorioz, baina aurten, 2022an, berriz antolatu dira Holandan eta Jaurlaritzak berriz emango die dirulaguntza borondatez parte hartu nahi duten eta Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agindu bidez argitaratuko diren baldintzak betetzen dituzten agenteei.

Aurten uztailaren 22tik 31ra bitartean egingo dira World Police and Fire Games jokoak Europako Rotterdam hirian. Helburua da, kirolari esker, mundu osoko polizia-agenteen eta suhiltzaileen artean esperientziak trukatzea segurtasun-zerbitzu publikoen artean adiskidetasuna sustatzeko eta sasoian egoteko motibazioa izateko.

Eusko Jaurlaritzaren ustez garrantzizkoa da Ertzaintzako agenteek nazioarteko kirol-proba horietan parte hartzea sustatzea; izan ere, gainerako agenteek kirola ohituraz egiteko pizgarri bat da eta, horrekin, agenteen gaikuntza, sasoia eta osasuna hobetzen dira.

Era berean, aukera bikaina da Ertzaintzaren irudi ona eta balioak atzerrian sustatzeko ere. Berez, jokoetan parte hartuko duten agenteek “Euskadi – Basque Country” nazioarteko marka jarrita Eusko Jaurlaritzak euren esku jarriko dituen kirol-ekipamenduak erabiliko dituzte.

2019ko MUNDUKO JOKOAK

Jokoen azken edizioa, 2019koa, Chengdu hirian (Txinan) egin zen, eta 69 herrialdetako zortzi mila kirolarik parte hartu zuten bertan. Ertzaintza ordezkatuz zazpi atletak, 6 gizonek eta emakume batek, parte hartu zuten. Euskal taldeak urrezko hiru domina, zilarrezko hiru eta brontzezko sei lortu zituen lau kirol-modalitatetan: atletismoan, igeriketan, txirrindularitzan eta taekwondon.

Ertzaintzak, guztira, 253 domina lortu ditu lehiaketa hau 1997an hasi zenetik.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak