Garraio Sailak eta Donostiako Udalak beste hitzarmen bat sinatu dute, hirian autobus elektriko adimendunaren lehen linea sustatzeko
-
Donostiako hiri-autobusaren egungo 17. linean sistema berria sortzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontu zenbatetsia dago
-
Udala izango da aurretiko azterlanak eta proiektua idazteko arduraduna, eta Euskal Trenbide Sareak beharrezkoa den aholkularitza teknikoa eskainiko du
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, gaur, Gipuzkoako hiriburuan, hirian autobus elektriko adimendunaren sistema abian jartzeko hitzarmena sinatu dute. Bi erakundeek elkarlanean jardungo dute, hiri-autobusaren egungo 17. linean mugikortasun jasangarriko sistema hori sortzeko, bederatzi autobus elektrikorekin.
Akordio horren bidez, bi erakundeek adostu dute Udala arduratuko dela aurretiko azterlan teknikoak eta beharrezkoak diren aurreproiektuak idazteaz, bai eta proiektu eraikitzailea idazteaz ere. Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko erakunde publikoak, laguntza emango du aurreproiektuan, proiektuan eta obrak gauzatu bitartean kontu teknikoak ebazteko. Donostiako autobus elektriko adimendunak, 17. linearen bidez, Gros eta Amara auzoak konektatuko ditu, bai eta Ospitaleen gunea eta Miramon teknologia-parkea ere. Ibilbidea 15 kilometro inguru dira, eta, hartan, intermodalitatea ziurtatuko da Anoetako Topoaren trenbide-saihesbidearen bidez; horrek aukera emango du Gros auzoko lagunak trenarekin erosoago konektatzeko.
Proiektua hiriko mugikortasun adimendunerako –Smart Mobility– protokolo batean sartzen da; bi erakundeek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu zuten 2018an, eta 25,7 milioi euroko aurrekontua zenbatesten da, BEZa barne, hura idazteko eta ezartzeko. Kostuaren % 65 Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain, 2022aren eta 2025aren artean, eta, gehienez, 16,7 milioi euro. Gainerako % 35a Donostiako Udalaren kargura izango da, 9 milioi euro inguru. Proiektua garatzeko epea lau urte ingurukoa izango da.
Itun berri horren bidez, 2020an sinatutako eta, Vitoria-Gasteizko autobus elektriko adimenduneko esperientzia dela-eta, bi aldeek ados jarrita ebatzitako proiektua ordezkatzen da. Esperientzia horien emaitzek erakusten dute “hobe” dela proiektua Udalak egitea, “zehatzago ezagutzen baititu garraioaren erabiltzaileen beharrak eta hiriaren ezaugarriak”. Udala arduratuko da, era berean, azpiegitura berriaren mantentze-lanez eta ustiapenez.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Donostia / San Sebastiángo Udalarekin sinatutako akordioaren balioa nabarmendu du; hark emisio gutxiko garraiobide berria ekarriko dio hiriari. “Gure asmoa da –esan du Arriolak– aurrera egitea, ibilgailu kutsatzaileek garrantzia galtzen jarraitzeko, aukera berdeagoen mesedetan. Garraio publikoa deskarbonizatzea eta, aldi berean, mugikortasun-sistema eraginkorra, azkarra, erosoa eta segurua sustatzea. Eta pertsona guztientzat eskuragarria dena”.
Eta Eusko Jaurlaritzak azpiegituren garapenarekin duen konpromisoa nabarmendu du, besteak beste, Topoarekin edo AHTarekin duena; izan ere, “haiek aukera emango diote Donostia hiriburuari urte gutxi barru mugikortasunaren arloan benetako iraultza bizitzeko”.
Eneko Goia Donostiako alkateak honako hau esan du: “autobus elektriko adimendunaren linea berria Udalak beste erakunde batzuekin elkarlanean sustatzen duen mugikortasun-eskema berriaren zati da; Datorren Donostia mugikortasun jasangarriko planaren barruan garatzen ari gara”.
“Autobus elektriko adimenduna oso ongi egokitzen zaio hiriarentzako mugikortasun-paradigma berri horri; izan ere, garraio garbia intermodalitatearekin eta beste garraio-sistema publiko batzuekin konbinatzen du, Topoaren kasuan bezala”, esan du. Garraio-sistema berri hori “garbiagoa, publikoagoa eta eraginkorragoa” izango da, eta emisioak murrizten eta Donostia ibilgailu pribatuaren erabileraren alternatiba den garraio-sistema diseinatzearen alde egiten ari den apustua egiten lagunduko du.
Proiektuak geltoki eta kotxe-tokietan karga elektrikorako beharrezkoak diren instalazioak aurreikusten ditu. Tituluen salmenta- eta baliogabetze-sistema geltokietan egiteko aukera eskainiko du, tranbiaren eta Vitoria-Gasteizko autobus elektriko adimendunaren kasuan bezala. Hori horrela, tarifa-integrazioa jasoko du, eta Mugi, Barik edo Bat-ekin ordaindu ahalko da.
Ekimenaren bidez, 2030erako EAEko Garraio Jasangarriko Gidaritza Planean jasotzen diren jarraibideei erantzuten zaie; Gidaritza Planaren helburua da garraio-eredu jasangarria eta integratua lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-kohesioko eta garapen sozioekonomikoko tresna gisa. Ekimenaren bidez, halaber, 2030erako EAEko Estrategia Energetikoari eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko 2050erako Klima Aldaketaren EAEko Estrategiari erantzuten zaie. Proiektuak Europako ekarpena izango du FEDER funtsen bidez.