Berriak Segurtasuna

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Anboton eta Gorobel mendizerran istripua izan duten emakume bat eta gizon bat erreskatatu dituzte

2022-05-02

Bi zaurituak helikopteroak erreskatatu behar izan ditu, mendian zebiltzala erori eta min hartu ondoren. Emakumeak Anboto gailurraren inguruan erori eta min hartu du buruan, eta gauza bera gertatu zaio gizonari ere Fraileburuan gora zihoanean. Orografiaren eta zaurituak zeuden lekura iristeko zailtasunen ondorioz, aireontzi bat eta larrialdietako hainbat zerbitzu mobilizatu dituzte.

 Lehenengo erreskatea eguerdiko hamabiak aldera egin dute. Dei baten bidez jakitera eman dute Anboto inguruan lagun talde batekin mendian oinez zihoan emakume bat erori egin dela. Dirudienez, emakumeak kolpea hartu du buruan eta osasun-laguntza behar zuen. Handik laster mobilizatu dituzte Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Atala eta helikoptero bat, bai eta suhiltzaileak eta Durangoko Ertzain-etxeko patruilak ere.Zauritua erreskatatzaileek aurkitu eta Ertzaintzaren Iurretako basera eraman dute, eta handik anbulantziak eraman du Galdakaoko ospitalera.Beste erreskatea Arabako Aiala herrian, Gorobel mendilerroan egin dute arratsaldeko ordu bat eta erdiak aldera. Kasu horretan gizon bat Fraileburura igotzen ari zenean erori da. Biktimak, 70 urtekoak, hainbat traumatismo zituen eta zorabiatuta zegoen, eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko baliabideek erreskatatu behar izan dute. Laudioko patruilek eta suhiltzaileek ere parte hartu dute erreskatean. Azkenean, aireontzi batek eraman du biktima zabalgune batera, eta handik anbulantziak eraman du Galdakaoko ospitalera.Larrialdietako zerbitzuek beste hiru erreskatetan ere parte hartu dute. Aramotzeko mendilerroan goizeko hamaikak eta hamarrean emakume batek min hartu du sorbaldan Dimako Leungana mendian zebilenean. Txirrindulari batek orkatilan hartu du min Zeberion, Mandoya mendian goizeko hamaikak eta laurdenean, eta beste mendizale batek tibia eta peronea hautsi ditu arratsaldeko bostak eta hogeian Orozkoko Lezo auzoko mendi-bide batean erorita.

Istripua izan duten pertsonak bilatzeko eta erreskatatzeko lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan