Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Elorrion Lanbide zerbitzuaren bitartez jasotako laguntza sozialetan 200.000 eurotik gorako iruzurra egiteagatik

2022-05-01

Bikotekidea ere ari dira ikertzen iruzurrean eta dokumentuak faltsutzean inplikatuta egoteagatik

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du joan den ostiralean iruzur egitea, dokumentuak faltsutzea eta identitatea usurpatzea leporatuta, eta bikotekidea ikertzen ari da horietan inplikatuta egoteagatik. Iruzurra gutxienez orain dela hamar urtetik ari zen egiten, eta guztira 205.000 eurokoa da. Horretarako, inplikatuek pasaporte ezberdinak erabiltzen zituzten eta laguntzak bikoiztuta jasotzen zituzten.

Ikerketa aurtengo martxoaren amaieran hasi zuten, Euskal Enplegu Zerbitzutik (Lanbide) Ertzaintzaren laguntza eskatu baitzuten ustezko iruzur-kasu bat argitzeko. Lanbideren susmoen arabera, partikular bat ustez identitate ezberdinak erabiltzen ari zen gizarte-laguntzak jasotzeko.

Arrasto horien aurrean, Sestaoko Ertzain-etxeak ikerketa zabala jarri zuen abian Bizkaiko udaltzaingo batzuekin, Polizia Kidego Nazionalarekin, Bizkaiko hainbat udalekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Etxebizitza sailekin elkarlanean.

Gertaerak egiaztatu eta bildutako dokumentazio guztia frogatu ondoren, ondorioztatu zuten atxilotua, 47 urteko gizona, gutxienez 2012tik ari zela iruzur egiten, identitatea usurpatzen eta agiriak faltsutzen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren (EPO) bitartez berez ez zegozkion eta, gainera, pasaporte ezberdinekin identitate ezberdinak erabiliz bikoiztuta jasotzen zituen dirulaguntzak lortzeko.

Bestalde, arrastatuaren bikotekidea, 48 urteko emakumea, ere ikertzen ari dira gertakarietan inplikatuta egoteagatik; izan ere, jakin badakite bazuela egiten ari ziren iruzurren berri eta, gainera, horietako laguntza batzuk zuzenean ere jaso zituela. Iruzur egindako kopurua, Ertzaintzak orain arte jakin ahal izan duena, ia 205.000 eurokoa da.

Gizona atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion izapideak egiteko, eta ostiral arratsaldean bertan jarri zuten Durangoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko