Birikietako Minbiziaren Europako Astea
Berriak Segurtasuna
qrcode

FBIk Euskadi bisitatu du ziberdelinkuentziaren, terrorismoaren eta krimen antolatuaren arloan esperientziak partekatzeko

2022-04-29
  • Josu Erkorekak egin dio harrera FBIren ordezkaritzari, eta gero eta muga gutxiago dituen delinkuentziaren aurka borroka egiteko polizien arteko lankidetza eta elkarlana indartzearen garrantzia azpimarratu du

Abelardo M. Vecino eta Mónica García FBIko kideak, Estatu Batuen Madrilgo Enbaxadako lege-agregatua eta agregatu ondokoa, hurrenez hurren, Euskadin izan dira bisita instituzionalean, bi aldeen interesekoak diren gaietan, besteak beste, krimen antolatuaren, ziberdelinkuentziaren edo terrorismoaren aurkako borrokan, esperientziak partekatzeko eta elkarlanean jarduteko.

Segurtasun Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak babestu duten bisita instituzionalak hiru eguneko iraupena izan du. Hiru egun horietan zehar, Ameriketako Estatu Batuetako Ikerketen Bulego Federalaren bi ordezkariek zuzenean ezagutu ahal izan dute Arabako Parke Teknologikoan dagoen Eusko Jaurlaritzaren Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zibersegurtasun-zentroaren lana. Bisita hori bertako zuzendariak, Javier Dieguezek, bideratu du, eta Eusko Jaurlaritzaren zentro aitzindariak Euskadin zibersegurtasuna sustatzeko dituen eginkizunak eta eskumenak sakondu ditu. Zentroaren misioa da Euskal gizartean zibersegurtasun-kultura garatzea, zibersegurtasunaren ezarpenarekin lotutako jarduera ekonomikoa bultzatzea eta sektore profesionala sendotzea. Zeharkako ekimena da, zibersegurtasunaren esparruan Eusko Jaurlaritzak bere enpresekin eta herritarrekin duen konpromisoa adierazten duena.

Gainera, Ertzaintzaren Erandioko egoitza eta Iurretako basea ere bisitatu dituzte. Alfonso Garaikoetxea Herritarren Babesaren Ataleko buruak, Jon Ziarsolo Inteligentziakoak eta Jose Mari Yurrebaso Kriminalitatekoak lagunduta, eta Ertzaintzako buruekin egindako lan bilera eta mintegietan parte hartu dute.

Harrera instituzionala

Gaur goizean Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuak eta Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak harrera instituzionala egin diote FBIren ordezkaritzari. Topaketa laburrean gero eta muga gutxiago dituen delinkuentziaren aurka borroka egiteko polizien arteko lankidetza eta elkarlana indartzearen garrantziaz hitz egin dute. Horrela, Euskadira egindako hiru eguneko bidaia instituzional honetan egindako lanaren zati handi bat kriminalitate eta terrorismo modalitate ezberdinen tratamenduaren inguruan egin da, eta arreta berezia jarri da mundu osoan mugak gainditzen dituen ziberkrimenaren aurkako borrokan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)