Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Nortegaseko egoitza bisitatu du, H2SAREA proiektua abian jarri dela eta

2022-05-02
  • Egungo erronkarik garrantzitsuenetako bati heltzen dion proiektu bat: energia berriztagarriek hidrogeno ugari sortzeko eta hainbat aplikaziotan erabiltzeko irtenbideak garatzea
  • Lehendakariak dio hidrogenoaren ekosistema bat sortzeak, Euskadin oinarrituta, energiaren, industriaren, zerbitzuen eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan aurrera egitea ahalbidetzen duela
  • Urkulluk hidrogenoaren korridorea bezalako proiektuen aldeko apustua azpimarratu du klima-aldaketari erantzuteko

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak lagunduta, Nortegas enpresaren egoitza bisitatu du, gaur goizean, H2SAREA proiektuaren xehetasunak ezagutzeko.  “Proiektu honek egungo erronkarik garrantzitsuenetako bati heltzen dio: energia berriztagarriek hidrogeno ugari sortzeko eta hainbat aplikaziotan erabiltzeko irtenbideak garatzea”, adierazi du Lehendakariak.

H2SAREA ikerketa-proiektu estrategiko aurreratua da, gas naturala banatzeko azpiegituretan hidrogenoa modu seguruan txertatzeko aukera bultzatzen duen. Azken finean, banaketa-sarea eraldatzen joateko eta gas naturalaren sarean gero eta hidrogeno nahasketa handiagoak erabiltzeko beharrezkoak diren aukera teknologikoak ezagutu eta eskaintzea da xedea, % 100ean hidrogenoa erabili ahal izan arte.

Bere hitzaldian, Urkullu lehendakariak azpimarratu du energia- eta ingurumen-trantsizioa herritarren bizi-kalitatea hobetzeko tresna dela, bai eta industria- eta enpresa-eraldaketarako pizgarria ere. Ildo horretan, baieztatu du hidrogenoaren ekosistema bat sortzeak, Euskadin oinarrituta, energiaren, industriaren, zerbitzuen eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan aurrera egitea ahalbidetzen duela. “Premia larri bati erantzuten dio eta aukera teknologiko eta industrial berriei ateak irekitzen dizkie”, adierazi du.

H2SAREAk guztira 1.300 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du 2026ra bitartean, eta aurreikuspenen arabera 1.340 lanpostu zuzen eta 6.700 zeharkako sortuko dira.

Hidrogenoaren Korridorea

Gainera, proiektu hau Basque Hydrogen Corridor-en parte da. Bertan, Nortegasek beste ekimen batzuk garatzen ditu, hidrogenoaren ekonomiari eta egungo azpiegituren aprobetxamenduari lotuta daudenak.

Lehendakariak Hidrogenoaren Korridorea bezalako proiektuen aldeko apustua azpimarratu du, lankidetzan oinarrituta, klima-aldaketari erantzuteko. Hala, gogorarazi du Euskadik bat egin duela berriki Ebroko Hidrogenoaren Korridorearekin, Nafarroa, Aragoi eta Kataluniarekin batera; eta adierazi du Arku Atlantikoan duten kokapen estrategikoak eta Frantziarekiko loturak atea ireki liezaiokeela Akitania Berriarekin eta Okzitaniarekin sinergiak bilatzeari. “Lurralde edo erkidego guztiek norabide berean indarrak batzen baditugu, lorpenak garrantzi handikoak izango dira”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Unai Rementeria