Euskadik Horizon 2020 Programan % 19ko arrakasta-tasa du Europako batez bestekoaren (% 12) gainetik, berrikuntza eta bikaintasuna indargune hartuta

2022-04-29
  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak berrehun enpresarekin batera parte hartu du "Euskal enpresek Horizonte Europan parte har dezaten laguntzeko estrategia" jardunaldian
  • Tapia: “Next funtsen zaratak Europako beste ekimen batzuk ilundu ditu, hala nola Horizon ekimena. Euskadirentzat arrakastatsua izan da, berrikuntza eta balio teknologiko handia errealitate objektiboa direlako eta lehiakorrak izatea ahalbidetzen digutelako. Horizon 2024 esparru berrian kokatu behar dugu geure jarduna”

Eusko Jaurlaritzak, SPRIk, Innobasquek eta EEN Basque Partzuergoak antolatutako "Euskal enpresek Horizonte Europan parte har dezaten laguntzeko estrategia" jardunaldian parte hartu du gaur goizean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak. 200 enpresa inskribatu dira, eta jardunaldiak euskal I+G+bren nazioartekotzearen ekarpena eta eragina nabarmendu ditu.

Lehenengo ondorioa da Euskadi lehiakorra dela Europako programetan. Horizon 2020 programa tresna bikaina izan zen Euskadiko berrikuntza-ekosistema indartzeko, eta bikaintasun-polo gisa definitu da Berrikuntzaren Eskualdeko Panelean, Europako Batzordearen balorazioaren datu tekniko objektiboen arabera.

Tapiak gogorarazi du gure indarguneen eta hobetu beharreko alorren jakitun garela: "Hamarkada bat baino gehiago daramagu horiek seinalatzen eta horiek gainditzeko lanean. Orain, indarguneak, hala nola berrikuntza eta balio teknologiko handia, errealitate horretan oinarritu behar dugu, lehiakorrak izateko aukera ematen baitigute. Apustu horretan, Eusko Jaurlaritzak enpresei laguntzen die 600 milioi eurotik gorako laguntza-planarekin, eta horietatik % 70 I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratzen dira".

Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren ustez, Euskadik Horizon 2024 Esparru berrian posizionatzearen aldeko apustua egin behar du.

Tapiak azpimarratu duenez, Next funtsen zaratak Europako beste ekimen batzuk ilundu ditu, hala nola Horizon ekimena bera.

Horizon 2020 programan lortutako emaitzak ikusita, esan dezakegu euskal parte-hartzea arrakastatsua izan dela programa honetan. Europako Batzordearen itzulera-helburua, 2014-2020 aldirako Europako I+G+bren Koaderno Estrategikoan ezartzen zena, 805,5M €-koa zen 2014an markatu zenean, eta asmo handikoa zen; hala ere, emaitzak espero baino hobeak izan dira, eta % 7an gainditu dute helmuga.

Euskadiko arrakasta-tasa % 19koa izan da, eta Europako batez bestekoa % 12koa izan da.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak