Berriak Hezkuntza

Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana 2022-2024

2022-04-29
  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du
  • Helburuen artean du planak, ikasleen zein irakasleen gaitasun digitalak sustatzea
  • Hezkuntza sistema –Haur Hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino- aro digitalera egokitzea izanik lehentasuna ikaslea kokatzen du ikaskuntza prozesuaren erdigunean
  • 2022-2014 aldirako 202,6 milioi euroko inbertsioa jasotzen du

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Plan horretan 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Hezkuntza Sailak 2022-2024, aldi horretako hiru urteetan. Sailburuarekin batera aurkezpen ekitaldian parte hartzaile izan dira Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea.

Ikaslea erdigunean

Plan berria berrikuntza pedagogikorako palanka egingo duen esparru berri bat sustatzeko asmoarekin sortu da. Horrela, trebetasun digitalen garapena indartuko du, hezkuntza-sisteman teknologiak eraginkortasunez eta era optimoan erabiliz. Ikasleak ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatzen ditu, aro digitalean beren potentzial guztia gara dezaten hauek. Horregatik, planak dituen helburuen artean ikasleen zein irakasleen trebetasun digitalak sustatzea dago. Ezinbesteko urratsa da, azken finean, euskal ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egin diezaieten.

Hezkuntza-sistema guztia aro digitalera egokitzea da plan berriaren lehentasuna, etapa guztietan. Baina hezkuntza-sistemaren eraldaketa honek dakarren erronka ez da pedagogian bakarrik gertatzen, baita lanaren antolaketan, azpiegituretan eta gobernantzan ere. Testuinguru horretan, esperimentazioak eta ingurune digitalen erabilerak bultzatuta egin behar da eraldaketa, praktika pedagogikoak hobetzeko.

Eraldaketa Digitalerako Planaren arabera, eraldaketa hori erronka bat da, eta kolektiboki heldu behar zaio, honako helburu orokor hauek hartuta:

  • Euskal Hezkuntza Sistemaren eraldaketa bultzatzea, teknologia digitalen erabilera edo aplikazioa integratuko duen eredu berritu baten bidez.
  • Irakasleen eta ikasleen gaitasunak indartzea, ahalmen digitala aprobetxatzeko eta ahalmen hori irakaskuntzan eta ikaskuntzan txertatzeko.
  • Hezkuntza-sistemako eragile guztien arteko lankidetza sustatzea, eraldaketa digitalak dakartzan erronkei aurre egiteko.
  • Azpiegiturak egokitzeko eta modernizatzeko bide egitea, era horretan ikastetxeak arinagoak izan daitezen eta guztiontzako konektibitatea, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko.
  • Teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatzea, egon daitezkeen arrakala digitalak saihesteko eta garapen jasangarria bultzatzeko, 2030 Agendaren ildotik.

Aurrez esandako guztia oinarrizko hiru dimentsiotatik jorratzen da:

  • Pertsonez arduratzen den dimentsioa, profesionalen eta ikasleen trebakuntza indartzeko.
  • Dimentsio teknologikoak azpiegituraz eta tresnaz hornituko ditu ikastetxeak, kalitatezko prestakuntza-prozesua eta bikaintasuneko ikerketa errazteko.
  • Sistema osoa barne hartzen duen dimentsioa, eraldaketa digitalaren plangintza bultzatuz euskal hezkuntza-sisteman, haur-hezkuntzatik unibertsitateraino, Zientzia eta Unibertsitateak biltzen dituen sareari ere erantzunez.

1.- Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko etapetan:

Teknologia digitalak sartuko dira ikastetxeetako irakaskuntza, ikaskuntza eta ebaluazio-prozesuetan.

  • Horrela, irakasleen gaitasun tekno-pedagogikoak landuko dira eta ikasleak digitalki gaitua izatea bilatuko da.
  • Hezkuntza-komunitateentzako lidergo digitalean ere esku hartuko da, eta erronka digitalekin lerrokatutako azpiegituren alde egingo da.
  • Gainera, Eraldaketa Digitaleko esperientzia aurreratuak hartuko dira gaitasun handiko zentroetan.

Ekintza zehatz batzuk:

  • Digitalizazio-talde indartu bat sortzea erronkei erantzuteko.
  • Estrategia digitala bultzatzea ikastetxe guztietan. Zentroko proiektu digitala garatzeko prestakuntza eta orientazioa.
  • Irakasleen gaitasunetara egokitutako prestakuntza-ibilbideak diseinatzea eta ezartzea.
  • Ikastetxeetan aholkulari digitalen sarea aktibatzea, aholkularitza tekno-pedagogikoaren funtzioa beteko baitute.
  • Material pedagogiko digitalak sortzea. Lizentziak eta material propioak.
  • Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera gailuak jartzea ikasle guztientzat. Baita Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko irakasleentzat ere.
  • Ikasgela eta espazio digitalizatuak diseinatzea.

2.- Lanbide Heziketan

  • Eraldaketa digitalak bilakaera berri bat ekarriko du Lanbide Heziketara, eraldaketa disruptiboan oinarriturikoa; prestakuntza aurreratuko eredu berri bat, ikastetxeetako antolaketa eta egitura desberdinekin, espazio berriekin eta ingurune digitaletan aplikatutako sistema adimendunekin.
  • Ekintza zehatz batzuk:
    • Heldutasun digitaleko eredu bat garatzea, barne hartuko dituena azpiegitura berriak, teknologia digitalen erabilera aurreratuan gaitasun berriak eta errendimendu handiko ikaskuntzen garapena.
    • Irakasleen eta ikasleen prestakuntza digitala
    • Azpiegitura digitalak eraldatzea (azken belaunaldiko ekipoak, 5G, Wifi 6…)
    • Teknologia digital aurreratuak ezartzea (murgiltze teknologia digitalak eta interaktiboak)
    • Eraldaketa digitalean ikasteko espazio berriak

3.- Unibertsitate ekosisteman:

  • Lehentasuna enplegagarritasunak eskatzen dituen gaitasunak sortzeari, irakasten dena birpentsatzeko irekitasuna izateari eta teknologiak hezkuntzan eta zientzian mugak gainditzeko ahalmena duela aitortzeari.
    • Ikasleen gaikuntza digitala, unibertsitateko ikasleen artean ekitatea eta aukera-berdintasuna bermatuz.
    • Zientzia Irekia bultzatzea, emaitzen eta baliabideen eskuragarritasuna hobetuz, baliabide bibliografikoak barne, zientzia hobea eta maila globalean eskuragarriagoa sortzen laguntzeko helburuarekin.
  • Ekimen nagusiak:
    • Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate guztiek izango dute beren Eraldaketa Digitalerako Plana
    • Konektibitatea eta ikasteko ingurune birtualak bultzatzea; I2Basque datu-sarea berritzea, barnearekiko eta kanpoarekiko konektagarritasuna bermatzeko.
    • Ikasle zaurgarrientzako baliabide teknologikoak eskuratzea.
    • Superkonputazio-zerbitzuak indartzea, baliabide-autonomia sendotzeko, euskal ikerketa-komunitate osoari zuzendutako HPC Poloa (High Performance Computing Euskadi) sortuz.

Euskadi eraldaketa digitalaren testuinguruan

Ekonomia eta Gizarte Digitalen Indizearen 2020ko edizioak Eraldaketa Digitalaren joera positiboa erakusten du Euskadin, berau osatzen duten bost dimentsioetan: konektibitatea, giza kapitala, Interneteko zerbitzuen erabilera, teknologia digitalaren integrazioa eta zerbitzu publiko digitalak.

Oro har, Euskadi Europako batez bestekoa baino ia ehuneko hamar puntu gorago dago, eta Estatuko batez bestekoa baino lau puntu gorago. Alemania, Frantzia edo Austria bezalako herrialdeen aurretik dago. Euskadi da, gainera, ikasgeletan ordenagailu gehien dituen autonomia-erkidegoa, batez beste ordenagailu bakoitzeko 1,5 ikasle baititu.

160.000 ordenagailu bi ikasturtean

Azken bi ikasturte hauetan, Hezkuntza Sailak ordenagailu eramangarri berriz hornitu ditu ikastetxeak, Lehen Hezkuntzako 5. maila eta Batxilergoko 2. maila arteko ikastetxe publikoetako ikasle guztiek ordenagailu bana izan dezaten. Sare publikorako erositako 100.000 ekipo berri izan dira. Horiei, itunpeko sarean 60.000 ordenagailu erosteko eman diren diru-laguntzak gehitu behar zaizkie, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergora arte erabiltzeko azken hauek ere.

Prozesu horretan, halaber, ordenagailu eramangarri bana ipini zaie Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, DBHko eta Batxilergoko irakasleei, eta urte honetan eta hurrengoan Lehen Hezkuntzako lehen lau mailetako gainerako irakasleei ere emango zaie.

Ikastetxe publikoetako ekipamendu digitala ugaritzeko eta eguneratzeko ildo beretik, azken urte hauetan Sailak 65 eta 75 hazbeteko 2.000 pantaila interaktibo erosi eta banatu ditu ikastetxeetara (Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasgeletarako), eta, laster, Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila bitartekoko gela guztiak ere ekipo horiekin hornitzea aurreikusten da.

Azkenik, ikasgela eta gune digitalizatuak diseinatzeko zereginean jarraituz, aurten mahai gaineko ordenagailu berriak, sabaiko web-kamerak eta mikrofonoak eta entzungailuak erosteko lizitazioa egingo du Hezkuntza Sailak, datorren urtean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako, DBHko eta Batxilergoko gela guztiak ekipamendu horiekin hornitzen hasteko.

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2022-05-09

    Por cuantos años se realiza la cesion de los ordenadores portatiles y en que condiciones?. Inclye la licencia office 365. En caso de avería incluye un servicio de botiquin?. Tienen algun seguro los ordenadores?

Ekitaldiko kargudunak