236 gazte lehiatu dira enpresen nazioartekotzeko 100 beketako (BEINT) bat lortzeko

2022-04-30
  • BECen egin dira hizkuntza-azterketak, proba psikoteknikoak eta gai sozio-ekonomikoei buruzko probak

 

  • Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren beka hau 1986an abiarazi zen, eta entzutetsu eta baloratuenetako bat da

 

Gaur, apirilaren 30ean (larunbata), 236 gazte (128 emakume eta 108 gizon) lehiatu dira Nazioartekotzeko Euskal Agentziak 2022-2024 urteetarako eskaini dituen nazioartekotzeko 100 beketako (BEINT) bat lortzeko. Hala, berriro jarri da  martxan Eusko Jaurlaritzak 1986an abiarazitako nazioarteko espezialisten trebakuntzarako prozesua, zeina unibertsitate nahiz enpresa esparruetako beka entzutetsuenetako bat baita.

2,36 hautagai daude beka bakoitzerako, 150 bizkaitarrak, 59 gipuzkoarrak eta 27 arabarrak.

Gaur, hautagaiek hautaketa-prozesu bat iragan behar dute goizez eta arratsaldez. Aurrena, hizkuntzen ezagutza eta erabilpenari buruzko probak: ingelesa (baztertzailea izango da), euskara eta, nahi izanez gero, atzerriko bigarren hizkuntza bat (alemana, arabiera, txinera-mandarina, frantsesa, italiera, portugesa nahiz errusiera).  Eta ondoren, ezagutza sozio-ekonomikoei buruzko proba orokor bat.

Proba horietan lortutako puntuazioa gehituko zaio aurretiaz eginiko merezimendu-lehiaketan lortutakoari, zeinetan hautagai bakoitzak puntuazio bat lortu baitu bere gradu nahiz graduondoko tituluak eta esperientzia profesionala kontuan hartuta. Fase hori gainditzen duten pertsonei elkarrizketa-faserako deia egingo zaie ekainean.

 

Azkenik, puntuazio onena lortzen duten 100 hautagaiak BEINT bekadun izendatuko dira eta unibertsitatean egingo den trebakuntzako lehen faserako deituko zaie uztailaren hasieratik aurrera. Ondoren, eta kontuan hartuta 3 unibertsitate-ikastaroetan irakatsiko diren 14 jakintza-arloetan erakutsitako aprobetxamendua, bekadunei euren bulegoak esleituko zaizkie urtebeteko iraupena izango duen eta atzerrian egingo den 2. faserako. Azkenik, euren trebakuntzari buru emateko, enpresa-praktikak egingo dituzte atzerrian, 2024ko urtarrila eta abuztua bitartean.

 

BEINT prestakuntza-programaren ibilbidea

BEINT programa aukera paregabea da goi-mailako unibertsitate-titulua duten 31 urtetik beherako gazteentzat, nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza hartzeko eta Euskadin eskaera handia duten karrera profesionalak hasteko.

Prestakuntza-planak ongi bereizitako hiru fase ditu, eta helburutzat du bekadunei ahalik eta esperientzia onena ematea, aukera eskainiz ezagutza teorikoak eta praktikoak konbinatzeko 24 hilabeteko epean.

Lehen fasea lau hilabeteko unibertsitate-prestakuntza bat da, hamalau jakintza-arlorekin beraizik diseinatua. Aurtengo deialdian, hiru euskal unibertsitateek eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziak lankidetzan eskainiko dute ikastaro hori. Behin fase hori gainditu ondoren, bekadunak eskubidea du programarekin jarraitzeko eta hitzarmena sinatu duten unibertsitateen ziurtagiriak eskuratzeko.

Hamabi hilabeteko hurrengo fasean, eta egiaztatutako beren ahalegina dela medio, bekadunek aukera izango dute atzerriko jomuga bat aukeratzeko eta euren prestakuntza praktikoa hantxe jarraitzeko, enpresei zerbitzu emanez Basque Trade & Investment agentziaren kanpo-sareko bulegoetan, Ofecomes-en eta kanpo-merkataritzaren sustapenerako nazioarteko agentzia hitzartuen beste bulego batzuetan.

Prestakuntza-ibilbidea osatzeko, bekadunek zortzi hilabeteko esperientzia praktikoa jasoko dute atzerrian kokatutako eta eurek aukeratutako enpresetan, ahal dela euskal enpresetan.

Programak irauten duen bi urteak amaitutakoan, gazte titulatuak profesional bihurtuko dira eta karrera oso bat izango dute aurrean, askok kudeaketa arloko erantzukizunak betetzen euskal enpresa nazioartekotuen aldetik eskari handia duten lanpostuetan.

Baldintza ekonomikoak

BEINT bekek jomugaren arabera kalkulatutako aurrekontua izango dute, 30.000 eurotik 60.000 eurora bitartekoa. Aurrekontu horrekin bekadunek baldintza duinetan egiten diete aurre euren garraio, ostatu eta mantenu gastuei eta herrialdeetan sartzeko ordaindu behar diren baimenei, bekak irauten duen denboran.

Horrez gain, bekadunek badute bidaia-laguntzako, erantzukizun zibileko eta osasun arretako aseguruen estaldura, gerta daitezkeen kontingentzia guztiak barne hartzen dituena.

Alumni

Iaz bezala, aurten ere martxan dago BEINT programako ALUMNI plataforma. Bekadun ohiei zuzendutako zerbitzu bat da, iraganean laguntza hau jaso zuten 1.400dik gora pertsonaren arteko elkarreragina ahalbidetzeko eta mota askotako zerbitzuak eskaintzeko: mentoring-a, informazio interesgarriak, programaren barruko profilei zuzendutako lan-eskaintzak argitaratzea, ekitaldi esklusiboak, mentoring programak… Programa bukatu ahala, urtero-urtero ALUMNI plataformako kide bihurtzeko gonbidapena igorriko zaie bekadunei.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak