MUBILek eta EEEk lankidetzan sustatuko dute mugikortasun adimentsu eta jasangarria

2022-04-28

Bi eragileek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, 11 milioi euroko inbertsioa egiteko entseguko eta I+Gko ekipoen erosketan.

MUBIL Fundazioak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, MUBILen estrategia mugikortasun jasangarri eta adimendunaren gune gisa sendotzeko, eta Euskadin esparru hori sustatzeko. Bi eragileek erabaki dute ekintza-plan bat artikulatzea, besteak beste, Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Planean (2022-2024) aurreikusitako konpromisoak gauzatzeko. Plan hori joan den martxoaren 30ean aurkeztu zuten Lehendakariak eta hiru diputatu nagusiek eta, horren baitan, EEEk erosiko ditu entseguko eta I+Gko ekipoak eta MUBILi lagako dizkio epe luzerako. Aurrekontua 11 milioikoa izango da.  

Akordioa sinatu dute MUBILeko lehendakari Jabier Larrañagak eta EEEko lehendakari Arantxa Tapiak, ‘Go Mobility’ Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azokan. Atzo eta gaur izango da Ficoban eta sektoreko 100 enpresa eta eragileren parte-hartzea izango du. Aipatutako ekintza planean zehaztuko da udaberrian eraikitzen hasiko diren Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean egongo den Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarrirako Zentro berrirako EEEk entseguko eta I+Gko zer ekipo erosiko dituen, bai eta epe luzerako lagapena zein baldintzetan egingo den ere. Inbertsioaren aurrekontua 2022-2024 ekitaldietan banatuko da: 2022an 1 milioi, 2023an 5 milioi eta 2024an 5 milioi.

Halaber, eta hitzarmenaren arabera, bi eragileek indarrak batuko dituzte helburu partekatuetan aurrera egiteko; hain zuzen ere, helburu horien artean daude mugikortasun jasangarria sustatzea eta garraiobide eraginkorragoak erabiltzea; erregai eta teknologia alternatiboak erabiltzea; Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun adimentsuko esperimentazio eta garapen polo bihurtzea; gaitasun zientifiko-teknologikoak eta industrialak lerrokatzea jarduera ekonomiko eta teknologia berriak sortzeko; sustatzea ezagutza transferitzeko eta negozio nitxo berriak sortzeko mekanismoak, horrela, enpresa sare berria sortzeko, egungoa eraldatzeko eta enplegu berria sortzeko; eta eragile nagusien jarduketak integratzea nazioarteko proiekzioa duen lankidetza publiko-pribatuko sare batean.

Horretarako, MUBIL eta EEE hainbat esparrutan lankidetzan jardungo dira, hala nola, sentsibilizazioko eta dibulgazioko ekintzak burutzeko, mugikortasun berriranzko eraldaketan parte hartzen duten sektore ekonomikoetarako etengabeko prestakuntzako programen diseinuan eta sustapenean, enpresa proiektuetarako eta ekintzailetzako proiektuetarako inbertsioa erakartzeko, eta MUBILek antolatutako ekimenak Euskadin nahiz nazioartean ezagutarazteko. Horrez gain, hitzarmenaren bitartez bi urtean behingo ‘Go Mobility’ azoka batera finantzatzea erabaki dute.

 MUBILeko lehendakari Jabier Larrañagak balorazio “oso positiboa” egin du hitzarmenaren inguruan, eta eskertu du EEEren eta Eusko Jaurlaritzaren “apustu irmoa”. “Akordio honek indartzen du etorkizunerako esparru estrategiko batean erreferente izateko egiten ari garen lan partekatua, gure enpresa sarea jasangarritasuna oinarri hartuta eraldatzeko zereginean; klima aldaketaren erronkari erantzungo dion mugikortasun eredu berri baten alde ere elkarlanean ari gara. Aukera emango du MUBIL azpiegitura indartzen jarraitzeko. Europa mailan puntako ekipamendua badu dagoeneko energia biltegiratzeari dagokionez, eta inbertsio honi esker bikaintasun teknologikorantz pausoak egiten jarraituko du. Apustu onuragarria da gure industriarentzat, I+G+b zentroen sarerako eta gizarte osoarentzako”.

 Bestalde, EEEko lehendakari eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak nabarmendu ditu “MUBILentzako garraioaren elektrifikazioak, energia alternatiboek eta ibilgailu elektrikoaren ezarpenak” eskaintzen dituzten aukerak. “Izan ere, erakundeak bere gain hartu ahal izango du garapen ekonomikoa eta tokiko ezagutza, mugikortasunaren arloan herri bezala hartu behar ditugun erronkei erantzuteko”.

Tapiak nabarmendu duenez, “euskal energia- eta mugikortasun-sistemaren etorkizuna hazkunde-aukera bat da industria-ehunarentzat; ekonomiaren deskarbonizazioa aprobetxatzea proposatzen dugu, epe luzerako hazkundea eta enplegua bermatzeko aukera gisa, gizartearentzat, ingurumenarentzat eta ekonomiarentzat modu arduratsuan balioa sortuko duen industria-eredu berri batekin”. Sailburuaren esanetan, “energiaren sektorea aldaketak egitera deituta dago, baina aldaketa horiek ez dira posible izango administrazioa, enpresa eta herritarrak elkarrekin joan gabe. Energia garbia sortzeko dugun gaitasunak mugikortasun iraunkorragoa sustatzea ahalbidetuko digu”.

2 iruzkin
  • 2022-04-28

    Ondo legoke ekidin daitekeen joan-etorri oro nolabait kuantifikatzea, eta, horrela, ezbehar-arriskua minimizatzea, ingurumenean inpaktu txikiagoa eragiteaz gain, herritarren arteko konexio handiagoa behar da, sareak seguruagoak diren heinean, baita ziberdelinkuentzia arriskua ere.

  • 2022-04-28

    Estaría bien poder cuantificar de alguna manera todo desplazamiento en conjunto que se pueda evitar, y con ello minimizar riesgo de siniestro además de impactar menos en el medio ambiente, hace falta más interconexión ciudadana cuanto más seguras se formen las redes también riesgo de ciberdelincuencia.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak