Eusko Jaurlaritzak, astelehenean, maiatzaren 2an, Isuri Funtsa aktibatuko du, eae-n Ukrainako inbasioa dela eta sortu diren premiei erantzuteko

2022-04-27
  • Bi lan-ildo izango ditu: batetik, aldi baterako babes-estatutua duten familiei laguntza eta harrera emateko eta, bestetik, gerraren eraginpean dauden EAEko gizarteko talde kalteberei arreta emateko
  • Funtsak 15,1 milioi euro izango ditu: 9,3, EAEko gizarteari laguntzeko, eta 5,8, nagusiki ukrainarrei bideratutako lau programa garatzeko
  • Eskaerak errefuxiatuak@euskadi.eus helbidearen bidez egingo dira, edo zuzenean zuzendu ahalko da programa bakoitza kudeatzen duten hirugarren sektoreko erakundeetara

Vitoria-Gasteiz, 2022/04/27

Eusko Jaurlaritzak, datorren astelehenean, maiatzaren 2an, Isuri funtsa aktibatuko du, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez; ekimen horren bidez, Errusiak Ukrainan eginiko inbasioak EAEn duen inpaktu sozialari egin nahi zaio aurre. Hori horrela, gaur Ukrainako inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonen Harrerarako Jarraipen Mahaian jakinarazi denez, Isuri funtsak bi lan-ildo izango ditu, eta 15,1 milioi euroko aurrekontua.

Hori horrela, lehen lan-ildoak aldi baterako babes-estatutua duten pertsona eta familia ukrainarrak hartzeko ekimenak izango ditu ardatz. Zehazki, lau programa dira, eta 5,8 milioi euroko aurrekontua izango dute:

  • AZKEN SAREA INDARTZEN. 000.000 euro. Cáritas Euskadik kudeatzen du, hirugarren sektoreko erakunde-talde zabal batekin batera. Pertsona eta familia ukrainarrak hartzeko laguntza-ildoa. Diru-sarrera iturririk eta laguntza-sistemetara jotzeko aukerarik ez duten pertsonei zuzentzen zaie, EAEn erroldatuta daudenei eta aldi baterako babes-estatutuaren aitorpena dutenei. Laguntzak 480 eta 520 euro bitartekoak izango dira, familia-unitateko adingabeen kopuruaren arabera. Atzeraeraginezkoa izango da, eta kontrol zehatza egingo da, bai hartzaileen inguruan, bai zenbatekoen inguruan. EAEko etxeetan hartutako familien kasuan, bizikidetzaren baterako gastuetan ekarpena egiteko laguntza dela ulertzen da. 
  • BERRITZE. 500.000 euro. Agintzarik kudeatzen du. Laguntza psikosozialeko taldeko hiru esku-hartze mota antolatzen ditu eta, hala badagokio, banakoak. Laguntza ematen zaie Txernobyleko bazterketa-gunetik hurbil bizi diren umeen harrera-familiei eta harrera-etxeei (harrera egiten duten eta hartzen diren pertsonak), prebentziorako eta bizikidetza eta laguntza psikosozialerako preestatzeko psikologia- eta hezkuntza-espazioen bidez, eta balorazioa eta arreta psikologikoa Ukrainako gerraren ondorioz lekualdatutako pertsona eta familiei, estres traumatikoko eta/edo dolu konplikatuko egoerei aurre egin behar baitiete.  
  • LOTURAK. 500.000 euro. Ellacuría fundazioak kudeatzen du, beste erakude batzuekin elkarlanean, hala nola Cáritas Bizkaiarekin. Programa honek tokiko harrera-taldeak sortzea sustatzen du, boluntariotzaren bidez; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Babes Komunitarioaren programa aitzindarian oinarritzen da. 
  • AUKERAK SUSPERTZEN (beste 300.000 euro gehitu zaizkio programari). Agintzarik kudeatzen du. Eskolaz kanpoko laguntza EAEko hezkuntza-sisteman sartzen diren ukrainar adingabeentzat. Programa pandemian aktibatu zen, eta, orain, Sailaren egiturazko programa bilakatu da.

Isuri funtsa hirugarren sektoreko lau erakundek kudeatuko dute, erakunde buru diren aldetik, eta erreferentziazko zenbait erakunde izango ditu programak garatzeko.

Astelehenetik aurrera, haietara errefuxiatuak@euskadi.eus helbidearen bidez jo ahalko da, edo buru diren erakundeekin harremanetan jarri ahalko da.  

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euro bideratu ditu lehen harrerako programara eta ukrainarren iritsieraren inguruko beste informazio-jarduketa batzuetara, besteak beste: itzultzaileen sare bat sortzea, eskualdeka, eta itzultzaile bat sartzea lurralde historiko bakoitzean aldi baterako babes-estatutuaren aitorpena eskatzeko gaituta dauden Polizia Nazionalaren komisarietako bakoitzean, edo pertsona eta familia ukrainarrentzako harrera-gida bat argitaratzea.

Isuri funtsaren bigarren lan-ildoak EAEko gizarteko talde bereziki kalteberentzako laguntzak bermatzen ditu. Horretarako, 9,3 milioi euro izango ditu, honako hauei bideratuak:  

  • Gizarte-larrialdietarako laguntzen hartzaile diren pertsona eta familiak; laguntza horiek 3,5 milioi euro handiagoak izango dira eta, guztira, 45 milioikoak.  
  • AZKEN SAREA INDARTZEN. 3 milioi euro inolako diru-sarrera iturririk gabe geratu diren eta gizarte-larrialdietarako laguntzetara jo ezin duten pertsona eta familientzat.  
  • Pobrezia energetikoko egoerei aurre egiten dieten pertsonak eta familiak; 200.000 euro gehiago izango du Gurutze Gorriak kudeatzen duen pobrezia energetikoaren programak (1.000.000 arte). 
  • Adineko kalteberak (bakarrik daudenak), konpainiarako tokiko sareen bidez (Loturak-adinekoak programa; 500.000 euroko zuzkidura).  
  • Familia-laguntzako sarerik ez duten gazteak (Trapezistak programa sendotzea, 1,5 milioi euroren bidez).  
  • Etxegabetzeko arriskuan dauden beste batzuk (etxegabetasuna prebenitzeko programa, 600.000 euroko zuzkidura).  

Asilo- eta babesleku-eskatzaile diren pertsona eta familien arreta Estatuko administrazio orokorraren eskumenekoa da. Horrenbestez, neurri horiek eta, zehazki, laguntza ekonomikoak nazioarteko eta aldi baterako babeseko harrera-sistemaren osagarri dira.  

Alegia, Eusko Jaurlaritzak eutsi egingo die, harik eta Estatuko administrazio orokorrak nazioarteko eta aldi baterako babeseko harrera-sistemaren beraren prestazioak garatu arte –besteak beste, alokairurako laguntza ekonomikoa–, eta, nazioarteko eta aldi baterako babeseko harrera-sistemaren edo beste modu batzuen bidez, 2011/55/EE Zuzentarauak aldi baterako babes-estatutua duten pertsonei aitortzen dizkien eskubideei erantzun arte.

Azkenik, Ukrainako inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonen Harrerarako Jarraipen Mahaiak erabaki du egungo kontingentzia-plana luzatzea; izan ere, ez da sartzeko moduko aldakuntzarik erregistratu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak