Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekak aitortu du ez duela kezkatzen EHBildu edo Esquerra Republicana bezalako taldeak Sekretu Ofizialen Batzordeko kide izateak

2022-04-28

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari elkarrizketa egin diote, gaur arratsaldean, Onda Cero irratiko “Julia en la onda irratsaioan,  irratiak Bilboko Meliá Hoteletik egin duen saio berezian.

Elkarrizketan zehar, Josu Erkoreka lehendakariordeak aitortu du ez duela kezkatzen EH Bildu eta Esquerra Republicana bezalako taldeak Sekretu Ofizialen Batzordean sartzeak. Sailburuak azaldu duenez, araudian aurreikusitako batzorde horrek talde parlamentarioen ordezkariak bildu behar dituela aurreikusten du, eta, gainera, gogorarazi du atzo adostu zirela batzordea osatuko duten pertsonak izendatzeko beharrezko gehiengoak. “Parlamentuak erabaki zuen, beraz, ez dago eragozpenik jartzerik. Gero ikusiko dute nola tratatzen eta kudeatzen den hori, baina demokrazia horrelakoa da”, adierazi du.

Halaber, Josu Erkorekak, bere garaian batzorde horretako kide izan zenak, adierazi du Sekretu Ofizialen Batzordean... sekretuak... ez direla tratatzen, baizik eta oso kontu orokorrak lantzen direla. "Nik ez dut ukatzen gai batzuk sekretuak izan behar direnik, beste gauza bat da sekretu ofizialen erregimen bat izatea, segurtasun arrazoiengatik joan den mendeko dokumentuak eskuratu ezin izatea jasoten duena", adierazi du.

Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena

Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira, Segurtasuneko sailburuak adierazi du Gernika bonbardatutako hirien mundu mailako sinbologiara igaro dela. Gaineratu duenez, berezitasun bat ere badago: Condor Legioak bere botere suntsitzailea esperimentatu zuen Euskadin, frogetan zeuden bonben bidez.

Testuinguru horretan, Erkoreka kezkatuta agertu da memoria hori desagertzearekin eta jendea garai hartako planteamenduak aldarrikatzen ari delako. Adierazi duenez, formula horiek guztiz antagonikoak dira errespetuzko bizikidetza demokratikorako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak