Osasuneko sailburuak azpimarratu du zuhurtziaz jokatu behar dela kutsatzeak saihesteko
- Sailburuak deitoratu egin du sindikatuak Mahai Sektorialera joan ez izana, eta elkarrizketaren eta negoziazioaren bidera itzultzeko eskatu du, "aurrera egiteko modu bakarra" baita
Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak komunikabideen galderei erantzun die gaur goizean Osakidetzako Gurutzetako Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Zerbitzura egindako bisitaren ondoren. Besteak beste, pandemiaren bilakaera, txertaketa eta Mahai Sektoriala izan ditu hizpide.
PANDEMIA
Osasun sailburuak berretsi du Osasun Sailak pandemiaren adierazle guztien jarraipena egiten jarraitzen duela fase berri honetan. Laburbilduz, Sagarduik adierazi du kutsatu gehiago daudela, baina eragin txikiagoa dutela ospitaleratzeetan eta zainketa intentsiboetako unitateetan. Hala, testuingurua gogorarazi du, hau da, Aste Santuko oporraldia, horrek mugikortasun handiagoa eragin duelarik, baita barnealdeetan maskara jartzeko derrigortasuna bertan behera uztea ere. Horrela,zuhurtzia eskatu du. "Pertsona bakoitzak une eta leku bakoitzean baloratu behar du kutsatzeko arrisku hori", adierazi du.
Laugarren dosiari dagokionez, sailburuak esan du itxaron egin behar dela txertoen ponentziak eta Osasun Publikoaren Batzordeak edo Txertoen Euskal Batzordeak iritzia eman arte. "Beti egin den bezala, Euskadik arlo horretako aditu zientifiko guztiek erabakitzen dutenaren araberjardungo du", gaineratu du.
MAHAI SEKTORIALA
Osakidetzako Mahai Sektorialari dagokionez, Gotzone Sagarduik sindikatuen bertaratzerik eza deitoratu du, eta elkarrizketaren eta negoziazioaren bidera itzultzeko eskatu du, "aurrera egiteko modu bakarra" baita.
Sailburuaren arabera, Mahai Sektoriala Osakidetzaren elkarrizketa sozialeko foroa da, profesionalen lan-baldintzei eragiten dien guztian; eta, bere ustez, elkarrizketa eta negoziazioa dira aurrera egiteko modu bakarra. Gainera, gai-zerrendan jasotako gaien artean sindikatuek proposatutakoak daudela gogorarazi du.
Sagardui sailburuak Osakidetzako 2.000 langile baino gehiagori eragiten dien egonkortze-tasa jarri du adibide gisa, eta aukera hori "ezin dugu galdu", gaineratu du.