Berriak Segurtasuna

Euskadik 6 aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Plana, eta zirkulazio-arazoren bat edo beste baino ez da izan

2022-04-27
  • Gainera, 3 aldiz abiarazi behar izan du fase operatiboa ere elur-maila 700 metrotik behera jaitsi izanagatik eta prezipitazio ugariengatik
  • Iazko negualdian baino bat gehiago izan da, nahiz eta joera gero eta gutxiagotan aktibatzea izan 

Urritik apirilera bitartean, Eusko Jaurlaritzak sei aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Planaren (NBP) jarraipen- eta informazio-fasea, elur-maila 1.000 metrotik behera jaitsi izanaren eta prezipitazio moderatuen ondorioz. Aurreko neguan baino aktibazio bat gehiago izan da. Horrez gainera, hiru aldiz abiarazi behar izan da fase operatiboa ere, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako eta prezipitazio ugariak izan zirelako. 

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan: “Azken urteotako neguak nahiko lasaiak izan dira zirkulazioan izandako eraginei dagokienez, eta azken hau ez da salbuespena izan. Euskadin sei denborale izan ditugun arren, trafikoan arazoren bat edo beste baino ez da izan elurragatik edo izotzagatik”. 

21/22 NEGUAREN LABURPENA 

Lehenengo aldiz elurra 2021eko azaroaren 27tik 29ra bitartean egin zuen: elur-maila 500-600 metrora jaitsi zen eta prezipitazioak ugariak eta iraunkorrak izan ziren. Horren ondorioz, NBPren fase operatiboa aktibatu zen. Araban Opakuako mendatea zirkulaziorako itxita egon zen larunbateko, hilaren 27ko, goizetik, eta igandean, hilaren 28an, Urduñako, Herrerako, Zaldiarango eta Altubeko mendateak itxi ziren; Bernedoko, Gasteizko eta Azazetako mendateen kasuan ibilgailu arinek baino ezin izan zuten zirkulatu, kateak jarrita edo neguko gurpilekin. Gipuzkoan A-15 autobidea itxita egon zen Andoain eta Berastegi artean bi noranzkoetan, eta tarteka irekitzen zen. Bi lurraldeetan garabi astunak mobilizatu zituzten, eta ibilgailu astunen zirkulazioa mugatu egin zen A-1 eta AP-1 errepideetan, Burgosen, bi noranzkoetan, Burgosen elurra pilatu baitzen errepidean. Bestalde, prezipitazioen ondorioz luizi ugari izan ziren bazterretan eta ibai batzuek gainezka egin zuten eta bigarren mailako errepideetan eragina izan zuten, batez ere Araban eta Bizkaian. Berez, azaroaren 27tik 29ra bitartean, Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Larrialdietako Plan Berezia ere aktibatu zen. 

Bigarren aldiz elurra 2021eko abenduaren 5etik 6ra, igandetik astelehenera, egin zuen, eta elur-maila 800-900 metroan kokatu zen. Prezipitazio iraunkorrak izan ziren arren, ez zuten zirkulazio-arazorik sortu Euskadiko errepide-sarean.   

Hirugarren aldiz elurra handik bi egunera egin zuen, 2021eko abenduaren 8an eta 9an, asteazkenean eta ostegunean, eta elur-maila 600-700 metrora jaitsi zen. Prezipitazio iraunkorren ondorioz, 80 litro pilatu ziren metro karratuko 24 orduan Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait lekutan, eta NBPren fase operatiboa aktibatu zen, beraz. Araban asteazkenean, hilaren 8ko arratsaldean, zirkulaziorako itxita geratu ziren Opakuako, Urduñako, Bernedoko, Herrerako, Altubeko eta Gasteizko mendateak, eta Zaldiaranen, Kurtzetan eta Barrerillan ibilgailu arinek bakarrik zirkulatu ahal izan zuten kateak jarrita edo neguko gurpilekin. AP-68an, Areta eta Altube artean, tarteka bidea itxi behar izan zuten pilatutako elurra kentzeko. N-622 errepidean, Aiurdineko tunel barruan, hainbat ibilgailu ez atzera ez aurrera geratu ziren elurra pilatu izanagatik, eta auto-ilarak sortu ziren, beraz.  Arabarako garabi astunak mobilizatu zituzten. Bizkaian eta Gipuzkoan ez zen zirkulazio-arazo handirik izan elurraren ondorioz, baina hilaren 10etik, ostiral arratsaldetik, hilaren 12ra, igande goizera, prezipitazioen ondorioz ibai askok gainezka egin zuten hiru lurralde historikoetako bigarren mailako errepide-sareko leku askotan, eta berriz ere Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Larrialdietako Plan Berezia aktibatu behar izan zen. 

Laugarren elur-aldia 2022ko otsailaren 14an eta 15ean izan zen, elur-maila 800-900 metroan kokatu zen eta prezipitazio ahul eta moderatuek ez zuten arazorik sortu. Gauza bera gertatu zen bosgarren elur-aldian, 2022ko martxoaren 4tik 6ra bitartean, kasu horretan elur-maila 800 metroan kokatu zen eta prezipitazioak ahulak eta moderatuak izan ziren. 

Seigarren aldiz, azken aldiz, elurra 2022ko martxoaren 31tik, ostiraletik, apirilaren 4ra, astelehenera, bitartean egin zuen, elur-maila 200-300 metrora jaitsi zen, prezipitazio moderatuak izan ziren eta hirugarren aldiz aktibatu behar izan zen, beraz, fase operatiboa. Martxoaren 30ean, ostegunean, NBPren Koordinazio Organoa krisi-mahaian elkartu zen prebentzio-neurriak koordinatzeko. Horrela, garabi astun guztiak mobilizatzea erabaki zuen. Araban, apirilaren 1ean, itxita egon ziren Opakuako, Bernedoko eta Herrerako mendateak, eta kateak edo neguko gurpilak behar izan zituzten era guztietako ibilgailuek Kurtzeta, Azazeta, Altube eta Barrerilla mendateetatik zirkulatzeko. Gipuzkoan, larunbatean, Etzegarateko mendatean debekatu egin zieten kamioiei aurreratzea, bidean metatutako elurraren ondorioz; bi ibilgailu irauli ziren N-1ean, Legorretan, eta A-636ean, Beasainen, eta txingorrak hainbat ibilgailuren arteko istripua eragin zuen AP-8an, Usurbilen, eta ilarak luzeak sortu ziren Irunerako noranzkoan. Bestalde, elurraren ondorioz A-15 autobidea itxita egon zen zirkulaziorako Andoain eta Berastegi artean, ia larunbat osoan eta larunbatetik iganderako goizaldean. Larunbat goizean N-121A errepidea, Nafarroarako noranzkoan, itxita egon zen arrazoi beragatik hirugarren mailako ibilgailuentzat. 

JOERA 

Joan den neguan NBP sei aldiz aktibatu den arren, hau da, aurrekoan baino aktibazio bat gehiago izan da, joera da gero eta gutxiagotan aktibatzea. Berez, 2019/20ko neguan ere sei aldiz aktibatu zen guztira (bai fase operatiboan bai jarraipen-fasean), eta 2018/19ko neguan 8 aldiz aktibatu zen eta 2017/18koan hamazazpi aldiz. 

Fase operatiboaren aktibazioei dagokienez, 2021/22an 3 aldiz aktibatu da, eta 2020/21eko, 2019/20ko eta 2018/19ko neguetan baino aktibazio bat gehiago izan da. Aitzitik, 2017/18ko neguan hamar aldiz aktibatu behar izan zen, eta 2016/17an sei aldiz eta 2015/16an zortzi aldiz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko