Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratzi elkarrizketa ETBko Egun on, Euskadi saioan

2022-04-27

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua ETBko “Egun on, Euskadi” saioan izan da gaur goizez. Elkarrizketan, aktualitateko zein hezkuntza arloko hainbat gairen inguruan aritu da sailburua, hala nola, protokoloaren eguneratzea eta ikastetxeetan maskarak erabiltzeko derrigortasunik eza; etorkizuneko Hezkuntza Legea; udalek hezkuntzan joka dezaketen papera; Ukrainatik iristen ari diren haurren eskolatzea edo datorren ikasturtean indarrean sartzen hasiko diren curriculum berriak, beste zenbait gairen artean.

 Pandemiari aurre egiteko protokoloa eguneratu ondoren dagoeneko ikastetxeetako barnealdeetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa ez izatea pauso garrantzitsu eta positibotzat jo du Bildarratz sailburuak “elkarri aurpegiak ikustea, azken bi urte hauetan emozionalki zama bat izan baitute ikasle, irakasle zein gurasoek”. Dena den, ohartarazi du pandemian gaudela oraindik, eta zuhurtziarako deia egin du. Alderdi emozionalari heldurik, bestetik, irakasleen eta hezkuntzako profesionalen formazioaren garrantzia  nabarmendu du, eta Hezkuntza Saila irakasleei formazio saioak eskaintzen ari dela gogorarazi, Osasun Sailarekin lankidetzan.

Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legeaz galdeturik, sailburuak azaldu du berak zuzentzen duen Saila dagoeneko hasia dela, Legebiltzarreko gehiengoak adosturiko dokumentua oinarri hartuta, testu artikulatua idazteko lanean, eta uda baino lehen aurreneko zirriborroa prest izateko esperantza agertu du. Horren ondoren, Legebiltzarreko talde parlamentarioekin “kontraste lana” egin beharra ere erakutsi du Bildarratzek, oinarrizko dokumentua adostu zuten alderdiek beren burua testu horretan islatua ikusten ote duten egiaztatzeko asmoz.

Hezkuntza Lege berrirako prozesu hau iazko irailean abian jarri zenetik, Hezkuntza Sailak eta sailburuak berak mila pertsona baino gehiagorekin izan dituztela bilerak argitu du, norbanakoekin edo talde txikietan kasu askotan, eta datozen hilabeteetan ere entzute-prozesu horren bidezko lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du. Bilera horietan solaskide izan dituen eragileen artean, ikastetxe publikoetako zuzendariak, guraso elkarteak, sindikatuak edo itunpeko ikastetxeak aipatu ditu Bildarratzek.

Hezkuntza Hitzarmenaren gaiarekin loturik, sailburuak berriro ere nabarmendu nahi izan du legebiltzarkideen %90,6k oinarrizko testua adostu izanak argi erakusten duela Legebiltzarrak Hezkuntza “herri honentzat ardatz den gai moduan ulertu duela”, eta adostasun zabal hori azpimarratu nahi izan du. Akordio horren edukiei dagokienez, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko elkarteburuak egin dion galderaren haritik, udalek hezkuntzan –Hezkuntza Sailarekin elkarlanean- izan dezaketen paper garrantzitsua ere hizpide hartu du, bereziki euskararen normalizazioa eta gizarte kohesioa aipatuz.

Euskadira iristen ari diren haur ukrainarren eskolatzeaz, berriz, prozesu hau ondo ari dela burutzen azaldu du, udalen eta foru aldundiekin koordinatuta ari baita Hezkuntza Saila. Gai honen inguruan, psikologikoki harrera nola egiten zaien da garrantzitsuena Bildarratzen hitzetan, “harrera goxo bat egitea, ondo sentitu daitezela. Drama latz bat bizi izatetik datoz, eta ikastetxea izan daiteke beste ikasle batzuekin elkarbizitzeko amankomuneko gune bat”. Dagoeneko 422 neska-mutil ukrainar eskolatu dira Euskadiko ikastetxeetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak