Premium turismoa, kalitatezkoa, errespetuzkoa eta jasangarria, izango da Euskadi Basque Country Confidential marka berriaren ardatza

2022-04-27
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak premium marka turistiko berria jarri du abian, eta esperientzia bereziak eta apartak biltzen dituen marka honetan orain arte tokiko 85 enpresak eta negoziok parte hartzen dute.

  • Boutique hotelak, izarra duten jatetxeak, Made in Euskadi diseinua, agentziak edo esperientzia pertsonalizatuak daude Euskadi Confidential markaren katalogoan.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Daniel Solana Basquetouren zuzendariak lagunduta, “Euskadi Basque Country Confidential” marka aurkeztu du gaur. Produktu berriaren oinarrian dagoen premisa da benetako aberastasuna esperientzian dagoela.

Euskadi Confidential markak estandar handiko turismo-zerbitzuak biltzen ditu bidaiariak nahi bezalako esperientzia, aparta eta berezia, diseinatzeko. Orain arte 85 turismo-enpresak, ostatuk, negoziok eta jatetxek parte hartzen dute, baina beste batzuk sartzeko ere irekita dago.

Sailburuak adierazi duenez, “Euskadik abiapuntu ona du premium helmuga gisa, era horretako bidaiarien motibazio nagusiei erantzuten baitie. Lehenik eta behin, helmugaren izen ona. Ibiltur aisialdia azterlanaren arabera, bisitarien % 90ek oso positiboki baloratzen dute Euskadira egindako bisita, eta ia % 40en kasuan euren espektatibak gainditu ditu. Gomendio-tasa ia % 100ekoa da, eta fidelizazio-tasa altua”.

Era berean, sailburuak gogorarazi du Euskadik premium turistarentzat oinarrizkoa den beste motibazio bat ere betetzen duela, hau da, eskaintza kultural eta gastronomiko bikaina. “Nazioartean ezaguna den gure gastronomia eta motibazio guztietara moldatzeko aukera ematen digun eskaintza anitza funtsezkoak dira turistak erakartzeko, gehienak gure merkatu igorle nagusiren batekoak izanik: Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania eta Frantzia”.

Azkenik, sailburuak behin berriro ere adierazi du “formakuntza eta esperientzia duten profesionalak, sektore lehiakorra eta berritzailea” ditugula, eta “esperientzia esklusiboak eta pertsonalizatuak eskain ditzaketen kalitatezko zerbitzuak”. 

“Gainera, kalitatezko esperientzia horien bila dabilen bidaiari motak zuzenean laguntzen du turismoaren jasangarritasunean. Lehenik eta behin, errespetuzko bidaiarekin sentsibilizatuta dagoen, asko bisitatzen diren guneetatik aldentzen den eta jende gutxiago ibiltzen den lekuen bila dabilen turista delako. Urte osoan bidaiatzen duen turista da, eta horrekin urtaroen mende ez egoten laguntzen du. Era askotako jarduera ezberdinak egin nahi ditu bertako kulturara hurbiltzeko. Azken batean, lurraldearen garapenari balio erantsia ematen dion turista da” esanez amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak