Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Gobernuak EcoEuskadi 2020 Estrategia aurkeztuko du Garapen Jasangarriari buruzko Bilera Iberoamerikarrean

2011.eko urriak 14

Euskadik Argentinan duen ordezkari Elvira Cortajarenak, Lehendakaritzako Koordinazio zuzendari Koldobike Uriartek eta Ihobeko zuzendari nagusi Fernando Barrenecheak osatzen duten Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Garapen Jasangarriari buruzko Euskal Estrategia - EcoEuskadi 2020 aurkeztuko du urriaren 17aren eta 20aren artean, Sao Paulon (Brasil) egingo den Garapen Jasangarriari buruzko Bilera Iberoamerikarrean.

Ekitaldi honetan 1.200 biltzarkidek baino gehiagok hartuko dute parte, eta herrialde iberoamerikar guztien artean dagoen elkarrizketa eta eztabaida foru handiena da garapen jasangarriari dagokionez. Datorren urtean Rio de Janeiron egingo den Lurraren Goi-bilera prestatzea izango du xede. Bertan, hainbat agente publikok eta pribatuk esku hartuko dute, esaterako, gobernuek, enpresek, gobernuz kanpoko erakundeek eta herritarrek. Denen ustez, gure habitaterako nahi dugun bizi kalitatearen gaineko ikuspegia eta nahia batu, hitzartu eta konprometituko duen gobernantza eredu global batek soilik bermatuko du planetaren jasangarritasuna.

Euskadik dituen erronkei aurre egiteko, Ecoeuskadi 2020k helburu estrategiko batzuk zehaztu ditu 2020rako. Hona hemen erronka horiek: lehengaien eta baliabide naturalen urritasuna, egungo eredu energetikoaren agortzea, aldaketa klimatikoa, globalizazioa eta munduko lehiaren hazkundea, izaten ari den aldaketa demografiko sakona, gazteak lan merkatura sartzearen ezegonkortasuna eta lan merkatuaren azpiokupazioa, eta aldaketa etengabean dagoen gizarte bati erantsi beharreko balio berriak. Hala, 2020rako nahi dugun Euskadiri buruzko ikuspegia eta nahia batzera, hitzartzera eta konprometitzera animatu ditu herritarrak.

5.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte Euskadi garapen jasangarriaren abangoardian kokatzeko lehen harria jartzen, eta ekonomia berritzaile, lehiakor, ekoeraginkor eta irekiaren alde egin dute. Lortu nahi dugun gizartea integratzailea eta kohesionatua izan behar da enpleguan, hezkuntzan, prebentzioan eta solidaritatean, eta energia mendekotasuna gutxitu eta berotegi efektuko gasak eta aldaketa klimatikoaren efektuak arindu behar ditu. Lurraldeka antolatuko da garapen jasangarriko ereduan oinarrituta, eta hainbat balio beteko ditu: etengabeko ikaskuntza, lankidetza eta munduari irekitzea. Era berean, zorrotza izango da administrazio publiko berritzaile, eraginkor eta gardenarekin.

Gazteek, herritarrek, gobernuz kanpoko erakundeek, hezkuntza zentroek, agente ekonomiko eta sozialek eta administrazioek osatutako kolektibo hau denok hartu behar dugun beste konpromiso handiago baten hasiera da, Euskadik aldaketen orainaldiaren eta etorkizun jasangarriagoaren buru izateko berez dituen gaitasunak indartze aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Elvira Cortajarena, Fernando Barrenechea