Adierazpen Instituzionala: Gernika, 85 urtez memorian bizirik (Gobernu Bilera 2022-04-26)

2022-04-26

Gaurko egunez, duela 85 urte Gernika suntsituta geratu zen hiru ordu jarraian iraun zuen aireko bonbardaketa baten ondorioz. Azoka eguna zen. Ehunka pertsona hil ziren. Hiribildua erabat hondatuta geratu zen.

Ez zen izan biztanleria zibilaren aurka planifikatutako lehen erasoa. Martxoaren 31n berea bizi izan zuen Durangok, apirilaren 24-25ean Eibarrek, eta Gogora Institutuak aztertutakoaren arabera, urte haietan Euskadiko 30 udalerri baino gehiagotan izan ziren bonbardaketak.

Baina Gernika gerraren krudelkeriaren eta giza sufrimenduaren sinbolo unibertsal gisa geratu da historiarako, defentsarik gabeko biztanleria zibilaren aurkako eraso bortitzenaren ikur.

85 urte igaro dira geroztik eta oraindik ere, harriduraz eta larritasunez, eta historiatik ikasteko ezintasunaren erakustaldi dramatiko batean murgilduta, munduan zeharbeste gernika’  batzuek egon direla eta badaudela onartu beharrean gaude. Europan bertan, Ukrainak eta bere hiri martiriek Gernika suntsitu zuen basakeria bera jasaten ari dira. Ozen eskatzen dugu, beste behin ere, balio etiko, demokratiko eta gizatiarretatik abiatuta, bertan behera utz dadila milioika pertsona errugaberi heriotza eta sufrimendua eragiten ari den eraso armatua. Eta elkartasuna adierazten diegu Ukrainako herri eta erakunde legitimoei.

Gernikako bonbardaketaren ondoren, Agirre lehendakariaren gobernuak milaka haur ebakuatzeari ekin zion, haien bizitzak salbatzeko helburuarekin. Agur haietako eszena dramatikoak gure herriaren iruditeriaren eta memoria kolektiboaren parte dira. Barru-barruan dauzkagu gordeta. Euskal haur haiek hartu egin zituzten duela 85 urte; 2022an sufrimendutik ihesi doazenentzako harrera-lurra izatea dagokigu guri. Harrera egin ziguten orduan eta ume hauek eta bere familiak eskuzabaltasunez hartzea da orain gure zeregina.

Gernika bi aldiz erasotu zuten. Lehenengo bonbekin eta gero bonbardaketa ukatzen zuten gezurrekin. 40 urte iraun zituen diktaduran, erbestean eta sufrimenduan zehar jasan behar izan ziren gezurrak.
Eusko Jaurlaritzaren Adierazpen honek, gaur 2022ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren biktimei eta euskal herritarrei omenaldia egiten die eta gertatutakoari buruzko memoria, duintasuna eta egia berreskuratzeko herri honek egin duen ahaleginari aitortza egin nahi dio. Halaber, eta duela 85 urte gaur egun bezala, gertatzen ari zenaren egia ezagutu ahal izatea posible egin zuen kazetaritza-lana eskertzea du helburu.

Oroitzapen hura oinordetzan jasotzen dugun belaunaldiok eta ondorengo guztiek, etorkizuneko Euskadi eraikitzen jarraituko dutenek, gertatu zena ez ahazteko zeregina dugu. Berriro horrelakorik gerta ez dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko