Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik AEBetako merkatuaren «atea jo du, herri proposamen batekin»

2011.eko urriak 14

Lehendakaria Dallas, Boston, Washington eta New York bisitatuko dituen misio ekonomiko baten buru izango da, ehundik gora enpresaz lagunduta.

Patxi López lehendakaria buru duen eta ehundik gora enpresak osatzen duten euskal ordezkaritza AEBetan dago jada, merkatu estatubatuarraren «atea jotzeko prest»; izan ere, berau Euskadiko produktuen atzerriko hirugarren helmuga nagusia da, inportazioan hamargarrena, eta krisia gorabehera, «hazkunde berme bat» izaten jarraitzen du. Lehendakaria gaur arratsaldean lurreratu da Dallasen, eta enpresa-misio honetan enpresa, cluster, merkataritza ganbera eta erakundeen baterako presentzia izatea garrantzitsua dela nabarmendu du, atzerrira «herri proposamen bat» helaraztea ahalbidetzen baitu. «Ez du ezertarako balio auzokoarekin borrokatzeak, lehiakortasuna gure mugetatik harago, merkatu bakar eta global batean badago», adierazi du Lópezek. «Bat egin eta helburu komunak finkatzen baditugu, lehiakorragoak izango gara eta dauzkagun erronkei aurre egiteko gaitasun handiagoa izango dugu», esan du. Enpresa-misioa bihar hasiko da, Dallasen, HEYCO eta DEVON ENERGY enpresei egingo dieten bisitarekin. Euskadi bi enpresa horiekin ez-ohiko gas erauzketan elkarlanean arituko da.

Ostiral honetan emango zaio hasiera enpresa-misioari, hidrokarburoak erauzteko gune batera egingo duten bisitarekin. Bertan, Heyco Energy Group eta Devon Energy ez-ohiko gasaren alorra ikertzen ari dira, eta Euskadik sektore horretan lankidetza aktiboan jardungo du.

Larunbatean, New Yorken, lehendakaria Euskal Etxean izango da, eta bertan, EITBren Canal Vasco-ren abiatzeari buruzko xehetasun guztien berri emango dute. Kate horren bidez, Ozeano Atlantikoaren alde horretan euskal irrati-telebista ikusteko aukera izango dute. Hiri horretan, Basque Culinary Center-ek eta AEBetako Culinary Institute-k hitzarmen bat izenpetuko dute, elikadura industriari buruzko erakusketa bat egingo dute, eta horrez gain, irailaren 11ko atentatuak izan ziren «zero gunea» bisitatuko dute.

Asteartean, berriz, ordezkaritza Boston-era joango da, Euskadiko Progenika enpresa bisitatzera. Euskadi AEBetan ezagutarazteko xedean, ikus nagusietako bat da Progenika, hain zuzen ere.

Washingtonen emango zaio amaiera asteari. Bertan, lehendakariak NBE-Emakumeak erakundearekin hitzarmen bat sinatuko du, Michelle Bachelet han dela, eta ostiralean, Trenton-era joango da, Gamesa enpresaren lantegia bisitatzera.

Agendan, Euskadi helmuga turistiko gisa aurkezteko ekitaldi bat ere barne hartu da; izan ere, gero eta estatubatuar gehiagok aukeratzen dute Euskadi beren oporrez gozatzeko; azken urtean, 52.000k, duela hamarkada bateko kopuruaren bikoitza.

Nazioarteko Konferentzia

Kazetarien galderei erantzunez, lehendakariak behin eta berriro esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela Donostiako Nazioarteko Konferentzian parte hartzeko gonbidapenik jaso, eta ez duela uste PSEko kideak han izatea kontraesankorra denik. Lópezek ontzat jo du Konferentzia, lagungarria bada: «Edonor ongi etorria izango da, bakearen eta askatasunaren alde lan egiten laguntzen badu». Aldiz, Konferentziak «ezker abertzaleari propaganda egiteko soilik balio baldin badu», inor ez dela hain ongia etorria izango nabarmendu du. «Baina bertan izango gara, hori egiaztatzeko», erantsi du Lópezek. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza Legebiltzarrean zehaztu zuen «ibilbide-orriari» lotuko zaiola gogorarazi du, horrek ahalbidetuko duelako «gaur egun aurrera egitea».

 

Iruzkin bat
  • @LeonorOP
    2011.eko urriak 14

    Comentario de Twitter:
    Euskadi "toca las puertas" del mercado estadounidense con una "propuesta de país" http://t.co/RUHVsvL7

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)