Eusko Jaurlaritzak 1.550.000 eurorekin lagunduko ditu Euskalgintza deritzon deialdiaren barruan euskara sustatzen duten proiektuak (Gobernu Bilera 2022-04-26)
Gaurko Gobernu Batzordeak oniritzia eman dio Euskalgintza deituriko 2022ko deialdiari. Gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko laguntza hauetara, guztira, 1.550.000 euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, iaz baino 200.000 euro gehiago.
Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen egitasmoak:
- A multzoa: 650.000 euro bideratuko dira esparru ez formaletako lau motatako proiektuak laguntzera:
- A1 (300.000 euro): Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko esparru ez formaleko egitasmoak, bereziki nerabe eta gazteen aisialdiko gune monitorizatuetan, hau da, kirolean, kulturan eta aisialdi taldeetan antolatzen direnak.
- A2 (75.000 euro): Aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edota begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza, batik bat, haur eta gazte taldeetan euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategiak edota gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko esku-hartzeak.
- A3 (125.000 euro): Kiroletako begirale edota entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza.
- A4 (150.000 euro): Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak. Lehenetsiko dira mintzapraktika lantzeko egitasmoak eskola eremuan, betiere, curriculum esparrutik eta gelatik kanpo.
- B multzoa (125.000 euro): Euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak, ekintzak eta jarduerak.
- C multzoa (50.000 euro): Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
- D multzoa (600.000 euro): Euskara Ingurune digitalean lagundu daitezkeen proiektuak hiru taldetan banatuta daude:
- D1 (150.000 euro): Teknologia berrietan oinarrituta, nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoak.
- D2 (50.000 euro): Euskarazko atari digitalak. Interneten zerbitzuak euskaraz soilik eskaintzen dituzten web-gune ez komertzialak.
- D3 (400.000 euro): Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten web-gune tematiko ez komertzialak.
- E multzoa (35.000 euro): Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
- F multzoa (40.000 euro): Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak.G multzoa (50.000 euro): Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.
Interesa dutenek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epea izango dute beraien eskaerak eta proiektuak aurkezteko.
Iazko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak guztira 1,35 milioi euro bideratu zituen 158 proiektu laguntzera. Dirulaguntza jaso zuten proiektuen artean besteak beste, honako hauek daude: Araba Bertsozaletzen, Elhuyar Zientzia Azoka, Mintzanet, Bertsoberriz 2021, Trukeme jolas kooperatiboen programa, futbol entrenatzaile izateko lehen bi ikastaroak euskaraz, Euskal Pilota MethoD & Tech Frontoietara, Kuadrillan Mintza, Familian Euskaraz Jolasean 2021, Egunean Behin galdera gehikuntza, ahotsak.eus, INGUMA Euskal Komunitate Zientifikoaren datu basea, podcast.eus, Tokikom sariak edota Topaldia.