Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak toki-erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea sustatzen du “2022ko Auzolandegiak” programa garatzeko (Gobernu Bilera 2022-04-26)

2022-04-26
  • Arraia-Maeztu, Laudio, Muxika, Lemoa, Alonsotegi, Erandio, Lekeitio eta Bergara.
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ere lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu Hazian Kultur Elkartearekin, Tendel-ekin eta Urremendirekin, eremuak garatzeko

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren aginduari. Agindu horren bidez, zenbait lankidetza-hitzarmen sustatzen dira toki-erakundeekin, “2022ko Auzolandegiak” programa garatzeko.        

Auzolandegiak programarako proiektuen deialdia arautzen duen agindua pasa den azaroan onartu zen, eta, haren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatuei egiten zitzaien deia, 2022an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko auzolandegien «Auzolandegiak» programarako proiektuak aurkez zitzaten.

Hura oinarri hartuta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hitzarmen bat sinatuko du irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatu bakoitzarekin.

Agindu hori betetzeko, orain lankidetza-esparrua ezarri da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta onartutako proiektuak dituzten udalen artean, Auzolandegi baterako beharrezkoak diren jarduerak betetzeko. Honako udal hauekin sinatuko da hitzarmena: Arraia-Maeztu, Laudio, Muxika, Lemoa, Alonsotegi, Erandio, Lekeitio eta Bergara.

Hitzarmenek alde bakoitzak eskaini beharreko prestazioak zehazten dituzte: Eusko Jaurlaritzak programaren sustapena, parte-hartzaileen izen-ematea, jardueren langile dinamizatzaileak, elikadura eta parte-hartzaileen eta instalazio eta materialen aseguramendua hartzen ditu bere gain, besteak beste.

Bestalde, udalek konpromisoa hartzen dute Auzolandegiaren lanak betetzeko beharrezkoak diren materiala eta langileak emateko, bai eta bizilekutik lan-eremurako garraioa, pertsonei ostatu emateko instalazioak eta udalerriko kirol-guneetarako sarbidea ere. Erakundeekin sinatutako hitzarmenek ez dute zuzenean gasturik eragingo, eta ez dago hitzarmen horiei egotz dakiekeen aurrekontu-krediturik.

2021ean, EAEn 4 auzolandegi egin ziren (bi bertan behera utzi ziren, osasun-arazoak direla eta, adinekoekin egin beharrekoak baitziren); guztira, 92 plaza eskaini ziren.

Aurten, gazteen 11 auzolandegi egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoan: haietako hiru bi txandatakoak izango dira, eta gainerakoak, txanda bakarrekoak (guztira, 15 txanda). Txanda bakoitza 15 egunekoa izango da. Bi txanda nazioarte-eremukoak izango dira (Murueta -2 txanda eta Muxika), eta gainerakoak, estatu-eremukoak. Guztira, 295 plaza izango dira, 3 lurraldeetan banatuta.

EAEko auzolandegietako parte-hartzaileek hainbat jardueratan parte hartuko dute, besteak beste: ondare- eta ingurumen-leheneratzea Maeztu, Alonsotegi, Erandio, Murueta, Muxika eta Sopuerta udalerrietan; arkeologia, Laudion; memoria historikoa Lemoan, eta adinekoekin lan egitea Bilbon, Lekeition eta Bergaran.

Bestalde, plazak eskainiko dira beste autonomia-erkidego batzuetan eta atzerrian (posible bada) ere. Aurten, nobedadea da adin-tartea zabaldu egingo dela 14 urtetik 30 urtera bitartean; izan ere, adingabekoentzako auzolandegiak egingo dira EAEko gazteentzat.

Programa horri esker, EAEko 16 eta 26 urte bitarteko (eta 30 urte arte aniztasun funtzionala dutenentzat) 200 gazte baino gehiagok EAEko, beste autonomia-erkidego batzuetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartzeko bide emango da. Plazen trukean, beste erkidego batzuetako 200 gaztek eta atzerriko 32 gaztek EAEko auzolandegietan parte hartzea aurreikusten da.

Lankidetza Hazian Kultur Elkartearekin, Tendel-ekin eta Urremendirekin

Era berean, Gobernu Kontseiluak jakinarazi du, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko titularraren bitartez, zenbait lankidetza-hitzarmen sinatu direla: Hazian Kultur Elkartearekin, 2022ko Auzolandegiak programa garatzeko, Sopuertako auzolandegiaren ondoriozko jarduerak betetzeko; Tendel-Bilbo gizarte- eta kultura-elkartearekin, Otxarkoaga-Bilboko auzolandegiaren ondoriozko jarduerak betetzeko, eta Urremendi landa-garapeneko elkartearekin, Muruetako auzolandegirako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko