Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak 2,5 milioi euro bideratu ditu lanbide heziketako eremu estrategikoetan jarduera-ildoak garatzeko (Gobernu Bilera 2022-04-26)

2022-04-26

Gobernu Kontseiluak gaurko saioan onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzatarako deia egiten duen Agindu bat.

2.567.680 euroko zenbatekoa duen deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxeetako irakasleek parte hartzea, 2022-2023 ikasturtean, Euskadiko Lanbide Heziketarako estrategikotzat jotzen diren esparruetako jarduera-ildoetan. Honako plan hauetan jasotzen diren jarduera-ildoez ari gara: Lanbide Heziketako V. Euskal Plana; Euskal Hezkuntza Sistemako Digitalizazio Iraunkorreko eta Sistema Adimendunen Plana; eta Euskadiko Lanbide Heziketan Trantsizio Berderako, pertsonala gaitzeko eta ETEen lehiakortasun jasangarria laguntzeko Plana.

Beraz, deialdiaren xedea da Lanbide Heziketaren eremuan eraldaketa digitalari eta eraldaketa berde zein jasangarriari erantzuna ematea, irakasleek Hezkuntza Sailak bultzatutako jardueretan eta proiektuetan parte hartuta.

Irakasleek jarduera horietan parte hartzeak berekin dakar profesional hauek beren gaitasunak indartzea, teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzuteko. Gainera, Lanbide Heziketak enpresei laguntzen parte hartzea sustatzen du, batez ere enpresa txiki eta ertainei laguntzen, eta enpresei eskainitako estaldura handitzea lortzen du. Era berean, irakasle horiek gaitasun digital handiagoa eskuratzen dute, irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaileak eta jasangarriak sustatzeko. Era honetan, jarduera horien bidez irakasleek jasotako gaitasun eta balioak Lanbide Heziketako ikasgeletara eta ikasleenganaino ere iritsiko dira.

Hurrengo ikasturterako deialdi honen xede diren jarduerak, eta beraz, liberatutako irakasleek parte hartuko dutenak, eremu estrategiko hauetan multzokatzen dira:

-Berrikuntza aplikatua

-4.0 testuinguruko ikaskuntza

-Elkarlaneko adimena eta malgutasun eraldatzailea

-Berrikuntza teknologikoa eta sistema adimendunak

-Biozientziak eta garapen jasangarria

-Egitura organiko espezializatuak

Deialdi honen bidez jasoriko dirulaguntzak pertsonal gastuetarako izango dira, dela ordezko irakasleak kontratatzeko, dela ikastetxean jardunean diren irakasleen kontratuak luzatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko