Azpiazuren ustez, "egokia litzateke baterako ituna lortzea eta inflazio honi elkarrekin aurre egitea"

2022-04-27

“Inflazioak gora egin izana guztiontzako arazo bat da, eta kezkatu egiten gaitu. Guztiok egin behar dugu ahalegina, bakoitzak dagokion mailan. Egokia litzateke baterako ituna lortzea eta inflazio honi elkarrekin aurre egitea”. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko Sailburuaren iritziz, egoera hori aldatu egingo da urtean zehar: “Gure ustez, urteko bigarren erdialdean egonkortzen joango da”, gaur goizean esan duenez Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Une hauetan % 10 ingurukoa den inflazioan oinarrituta eta horrek izan dezakeen bilakaerari buruz galdetu diotenean, Azpiazuk esan du atzo Europan hartu zen neurriaren ondorioak ikusi beharko direla, gerraren iraupenarenak. Nolanahi ere, honako hau nabarmendu du: “guztiok izan behar dugu kontziente inflazio horrek guztiongan duela eragina, eta solidario izan behar dugu”. Jakina, errenta baxuenek ezin dute, baina gainerakook babestu egin behar ditugu, arazorik izan ez dezaten. Eusko Jaurlaritzak hala egingo du”.

Egungo egoera ekonomikoari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko Sailburuak ez du uste aurreikuspenak zenbait erakundek adierazi beste jaitsiko direnik, eta honako hau gogorarazi du: ”guk geureak % 4,5ean berrikusi ditugu eta, datorren urtean, % 4,1ean. Aurreikuspen onak eta egungo egoerara egokituak dira”. Hala, konplikazio gehiago egonez gero emango litzaiekeen erantzunaren inguruan honako hau esan du: “Gauzak txarrera badoaz, berriro berrikusi beharko ditugu. Ez da ona alarmistak izatea, beharrezkoa ez denean”.

Aurrekontuen egoerari heltzeko orduan, Azpiazuk gogorarazi du 2020an bilketaren jaitsiera zorrarekin konpentsatu zela. Aukera bat, kreditu-eragiketak irekitzea; aukera horretara iaz ere jo zen, “eta 250M€-ko inbertsio-plana egin genuen. Aurten, 530M€-ko Inbertsio Estrategikoen Plan bat onartu dugu”, esan du. Bere iritziz, zorrak jarraitzen du oso arrazoizkoa izaten, eta argitu du “gure zorra kontrolatuta” dagoela eta oso baxua dela.

Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan, epe laburrera zerga-erreforma planteatzea egokia den ala ez aztertu du. Bere iritziz, “une honetan, ez dagokio erreformari aurre egitea. Duela 4 urte erreforma bat egin genuen, eta nola doan ikusi behar dugu. Gure politika publikoetatik zer nahi dugun aztertu behar da, eta, argi dugunean, zer baliabide behar diren ikusi”. Hausnarketa hori Eusko Jaurlaritzan bertan egiten ari dela esan du. Hala ere, diru-bilketa ondo doala zehaztu du, eta zorrarekin konpentsatzen ari dela. “Une honetan ez dago hartara jotzeko premiarik”, esan du.

Zedarriak txostenari dagokionez –hark dakarrenaren arabera EAE posizioak eta erakargarritasuna galtzen ari da nazioarteko rankingean–, Azpiazuk honako hau esan du: “alde baten txostena da. Analisi globalaren inguruko baterako eztabaida zintzoa sor dadin nahi nuke. Erakundeok ahalegin handia egiten dugu enpresak sustatzeko”.

Amaitzeko, Europako funtsez jardun du; berandutzen ari dira. “Ez dago nobedaderik. Lanean jarraitzen dugu, irmo, funtsak xurgatu ahal izateko”. Eta esan du, tamalez, oraingoz ez direla “eraldaketa ekonomikoko proiektuetan gauzatzen”.

2 iruzkin
  • 2022-04-27

    Erosketa kolektiboetan ere pentsatzea, baita jabetza-komunitate berean edo maizterretan ere, zenbat eta erosketa-bolumen handiagoa izan, orduan eta deskontu handiagoak negoziatuz, stocka kentzeko.

  • 2022-04-27

    Pensar también en compras colectivas incluso en una misma comunidad de la propiedad o inquilinas, ahorrar a mayor volumen de compra negociando descuentos interese quitar stock

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan