Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak gerra guztien biktimei omenaldia egin die Gernikaren 85. urteurrenean

2022-04-26
  • Eusko Jaurlaritzak 52 milioi euro bideratuko ditu Bilakatu COVID-19 programara

  • Gauzatu Industria programa: 28 milioi euro teknologia-oinarria duten edota berritzaileak diren ETEak sortzea eta garatzea sustatzeko 

  • Gazteen alokairuari laguntzeko Gaztelagun programaren agindu berria 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarekin batera.

Gobernu Kontseiluan jorratutako gai nagusien errepasoa egin aurretik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira onartu den adierazpen instituzionala irakurri du.

Deklarazioan adierazten denez, “Gernika gerraren krudelkeriaren eta giza sufrimenduaren sinbolo unibertsal gisa geratu da historiarako, defentsarik gabeko biztanleria zibilaren aurkako eraso bortitzenaren ikur”.

Zupiriak irakurri duenez, “85 urte igaro dira geroztik eta oraindik ere, harriduraz eta larritasunez, eta historiatik ikasteko ezintasunaren erakustaldi dramatiko batean murgilduta, munduan zehar ‘beste gernika’  batzuek egon direla eta badaudela onartu beharrean gaude. Europan bertan, Ukrainak eta bere hiri martiriek Gernika suntsitu zuen basakeria bera jasaten ari dira”. Ildo horretan, ozen eskatzen da, beste behin ere, balio etiko, demokratiko eta gizatiarretatik abiatuta, bertan behera utz dadila milioika pertsona errugaberi heriotza eta sufrimendua eragiten ari den eraso armatua. “Eta elkartasuna adierazten diegu Ukrainako herri eta erakunde legitimoei”, adierazi du.

ENPRESEI LAGUNTZAK

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu dituen bi laguntza-programa aurkeztu ditu: Bilakatu programa eta Gauzatu Industria Programa, industrian inbertsioa sustatzeko. Laguntza horiek ETEentzako Laguntza Planaren barruan sartzen dira. Plan hori otsailean jarri zen abian, eta enpresen lehiakortasunari laguntzeko arloei erantzutea du helburu. Horretarako 74 laguntza-programa biltzen dira, 590 milioi euro guztira.

Bilakatu programari dagokionez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 27 milioi euroko aurrekontua handitzea onartu du, enpresek dibertsifikazio- eta/edo birlokalizazio-jarduerak egin ditzaten, gaitasun berriak garatuz, negozio-lerroetan, produktuetan, zerbitzuetan eta merkatuetan. Gehikuntza hori gehitu behar zaio 2022ko martxoaren 2ko Aginduan jasotako hasierako 25 milioiko partidari, eta guztira 52 milioi euro dira.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak, laguntza horiek izapidetzen dituenak, martxoan, deialdia ireki zenetik 20 egun baino igaro ez zirenean, egiaztatu zuen eskaera-kopuru handia (117) jaso zela eta aurkeztutako inbertsioa 458 milioi eurokoa zela –estimazioak 49,3 milioi euroko laguntza sortuko zuen–. Sailak programara hasiera batean izendatutako kopurua 25 milioikoa zenez, ikusi zen kontu-saila igo egin beharko zela ahalik eta eskabide gehienei erantzun ahal izateko. 

Gauzatu Industria programari dagokionez, Jaurlaritzaren Kontseiluak ontzat eman du 28 milioi euroko gastua bideratzea aurrerakin itzulgarrien programa horretara, oinarri teknologiko eta/edo berritzailea duten ETEen sorrera eta garapena bultzatzeko. Eskabideak ekainaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Enpresa bakar bat ere desinformatuta gera ez dadin, otsailean eta martxoan informazio-saio orokor eta sektorial batzuk egin ziren; eta, orain, maiatzean eta ekainean, ETEentzako laguntza-planak Euskadiko eskualde batzuk zeharkatuko ditu.

GAZTELAGUN

Bere aldetik,  Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak 7,6 milioi euroko aurrekontu-estaldura baimendu duela 18 urtetik 35 urtera bitarteko gazteen alokairurako diru-laguntzak arautzen dituen Gaztelagun programarentzat. Horrela, Iñaki Arriola sailburuak Gaztelagun programaren agindu berriaren edukiak azaldu ditu. Aginduak programan sar daitekeen pertsona-kopurua eta laguntza jasotzeko denbora zabaltzen ditu, azken kasu horretan hiru urteko gehieneko epa kendu eta 36 urtera arte zabaltzen baitu. “Agindu berriak laguntzaren baldintzak hobetzen ditu: behin-behinekotasuna ezabatzen da, eta, beraz, gazteek 36 urtera arte jaso ahal izango dute, baldintzak betetzen jarraitzen badute”, adierazi du.

Arriola sailburuak baieztatu duenez, “Gaztelagunek baldintza oso onuragarriak eskainiko dizkie, batez ere, laguntza jasotzen dutenei, egonkortasunari dagokionez, eta baldintza horiek betetzen jarraitzen badute, 36 urte bete arte mantendu ahal izango dute. Gure gazteen emantzipazioa bultzatu eta erabakiak lasaitasun handiagoz hartzen lagun diezaiekeen tresna da”.

AHT

Halaber, Garraioetako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela  Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko (AHT), Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko, lanak kudeatzeko agindua emateko hitzarmena sinatzea, Zaratamo eta Bilboko erdialdearen arteko tunelaren obrak Euskadiri gomendiotan emateko.

Hitzarmen hori honako hauek sinatu beharko dute: Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak; ADIFek; eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak.

Horrela, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila arduratuko da, kudeaketa-gomendioaren formularen bidez, eraikuntza-proiektua idazteaz eta Bilboko sarbideetan AHTren plataformaren obra kontratatu, gauzatu eta zuzentzeaz.

Tunelean egindako 6,3 kilometro inguruko korridorea da, Nerbioi gaineko biaduktuan du jatorria, Euskal Y-aren Galdakao-Basauri azpizatian, eta Bilboko erdialderaino iristen da.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernuak gaur hartutako erabakiekin hasteko, Arantza López de Munain izendatua izan da Euskadiren Frantziako ordezkari. Euskadiren Frantziako Ordezkaritza iazko abenduan sortu zen, Parisen izango du egoitza eta Erkidegoa ordezkatzeaz aparte, hainbat sektoreko interesak defendatu eta euskal kolektibitateari babesa ematea du helburu.

Halaber, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 51 langile ditu aldi baterako, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren espedienteen izapidetzea arintzeko, joan den martxoaren 16an sinatutako eta apirilaren 1ean bere gain hartutako transferentziaren ondoren, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duenez.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari Eusko Jaurlaritzaren agerraldia eskatzeko Konstituzio Auzitegian, Voxek eta Alderdi Popularrak (PP) aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoetan, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (IMV) auzian, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren autonomia eremuari eragiten dioten neurrian. 

Azkenik, bozeramaileak diru laguntzekin zerikusia duten bi erabaki aipatu ditu.

Alde batetik, Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzetarako deia zabaltzea erabaki da. 2.500.000 euroko zenbatekoa duen deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxeetako irakasleek parte hartzea, 2022-2023 ikasturtean Euskadiko Lanbide Heziketarako estrategikotzat jotzen diren esparruetako jarduera-ildoetan. Deialdiaren xedea da Lanbide Heziketaren eremuan eraldaketa digitalari eta eraldaketa berde zein jasangarriari erantzuna ematea, irakasleek Hezkuntza Sailak bultzatutako jardueretan eta proiektuetan parte hartuta.

Bestetetik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak milioi bat euro banatuko ditu nagusiki gaztelania erabiltzen duten hedabideetan euskararen erabilera areagotzeko. Komunikabide hauek eguneroko prentsa, edizio digitalak, irratiak eta internet bidez ematen dituzten berri-agentziak izan daitezke. 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • @iozamizu
    2022-04-26

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco rinde tributo a las víctimas de todas las guerras en el 85 aniversario de Gernika https://t.co/ZsoOd9aHiS

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak