Berriak Segurtasuna

Espetxera eraman dute droga-trafikoagatik Leioan atxilotu zuten eta Estatuko hainbat epaitegiren bilatzeko aginduak indarrean zituen gizona

2022-04-21

Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu du Leioan ustezko droga-trafikoagatik, marihuana-kukuluak, 50 bat kilo, droga manipulatzeko materialak eta dirutan ia 5.000 euro hauteman ondoren. Bestalde, beste probintzia batzuetako epaitegien errekisitoriak indarrean zituen atxilotuari poliziaren aurrean, eskatzen ziotenean, identifikatzeko erabiltzen zituen hainbat agiri faltsu ere aurkitu dizkiote. 

“Handia” izeneko polizia-operatiboa apirilaren 7an gauzatu zuten. Ertzaintzako agenteek susmagarria Leioan, bizi den etxeko garaje komunitarioan dagoen trasteleku batetik irteten ari zenean, atxilotu zuten, bertan marihuana kukuluak zituzten poltsa garden batzuk ikusi ondoren.

Gero, epailearen agindua hartuta, atxilotuaren bi ibilgailuak, etxebizitza eta trastelekua miatu zituzten. Drogari dagokionez, guztira ia 50 kilo marihuana-kukulu aurkitu zituzten tamaina ezberdinetako poltsa termozigilatuetan ontziratuta, bai eta 150 gramo kokaina-harri, hutsean bilgarriratzeko makina bat eta poltsak, kokaina manipulatzeko prentsa bat, baskula bat eta beste substantzia sorgorgarri batzuk ere, hala nola kristala eta haxixa, kopuru txikitan. Horrez gainera, 5.000 euro ere bazituen 50, 20 eta 10 euroko billetetan.

Merkatuan okupatutako drogaren balioa 100.000 euro ingurukoa izango litzateke.

Ibilgailuetako batean zulo txiki bat aurkitu zuten soinu-ekipamenduaren atzean, dirudienez dirua eta droga ezkutuan eramateko erabiltzen zuena.

Atxilotuak nazionalitate ezberdinetako nortasun-agiri faltsu batzuk ere bazituen polizia-patruilen aurrean identifikatzeko.

Polizia-eginbideak amaitutakoan atxilotua, Zaragozako eta Nafarroako epaitegien errekisitoria judizialak indarrean zituena, Getxoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan