Javier Hurtado sailburuak San Sebastian Moda Jaialdiaren aurkezpenean jakitera eman du laguntza zuzen berriak eta kontsumo-bonuak emango zaizkiola Euskadiko merkataritzari

2022-04-21
  • San Sebastian Moda Jaialdiaren edizio honetan enpresa-ibilbideak, jasangarritasuna eta komunikazio berritzailea eta ekintzailetza sarituko dituzte berrikuntza moduan.

  • Javier Hurtado sailburuak jakitera eman duenez, 20 milioi euro bideratuko dira tokiko merkataritzara (15 milioi laguntza zuzenetan eta 5 milioi kontsumo-bonuetan), Ukrainaren inbasioak eragin duen krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua San Sebastian Moda Jaialdiaren aurkezpenean izan da. Aurtengo edizioan, berrikuntza moduan, enpresa-ibilbidea, jasangarritasuna eta komunikazio berritzailea eta ekintzailetza sarituko dituzte.

Sailburuak gogoratu du azken urteak zailak izan direla tokiko merkataritzarentzat. Izan ere, “digitalizazioaren, kontsumo-ohituretan izandako aldaketen eta ordainketa-modu berrien erronkei lehenengo pandemia eta orain Ukrainaren inbasioa batu zaizkie, eta horrek guztiak eragina izan du prezioetan eta kostuetan eta atzendu egin du noizbehinkako produktuen, hala nola, modaren, liburuen eta altzarien kontsumoa” .

Egoera horren aurrean, sailburuak gogoratu duenez, “ehunen eta oinetakoen merkataritza izan zen pandemiaren eragina lehenengo jasan zuena, salmentek nabarmen egin baitzuten behera, eta, horren aurrean, nik ordezkatzen dudan Sailak 10 milioi bideratu zituen sektore horientzako laguntza zuzenetara, eta, gainera, merkataritza-bonuak, Euskadi Bono Denda, programak abiarazi zituen, eta horien bidez orain arte 12 milioi eurotik gora sartu dira tokiko merkataritzan”.

Baina Ukrainaren inbasioaren ondorioz, merkataritzako beste azpisektore batzuk ari dira jasaten inbasio horren eragin negatiboak. Izan ere, kontsumitzaileen prezioekiko sentsibilitateari buruz Merkataritzaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen txostenaren arabera, kontsulta egin zaien pertsonen % 35ek adierazi dute erosketa-ohiturak aldatu dituztela eta prezioak gehiago begiratzen dituztela pandemia hasi zenetik. Eta behar-beharrezkoak ez diren ondasunen prezioetan igoera esanguratsurik hauteman ez bada ere, nabarmen jaitsi da horien kontsumoa.

Horren aurrean, sailburuak nabarmendu duenez, “pandemia hasi zenetik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik merkataritzari, ostalaritzari eta turismoari laguntzen aritu gara laguntza zuzenen, kontsumo-bonuen eta beste hainbat neurriren bidez 150 milioi euroko erresistentzia-plan baten barruan”. Baina aurrean dugun egoera berria ikusita, sailburuak jakitera eman duenez, “20 milioi euro bideratuko dira tokiko merkataritzara, 15 milioi laguntza zuzenetan eta 5 milioi kontsumo-bonuetan, krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko”.

“Laguntza horiek ehungintzaren eta etxeko ekipamenduaren azpisektoreetako Euskadiko 7.000 bat mikro enpresetara eta enpresa txikietara iritsiko dira, horietan baitu eraginik handiena kontsumoaren oraingo beherakadak”, esan du.

San Sebastian Moda Jaialdiari emandako babesak eta, horrekin batera, prestatzen ari diren 20 milioi euroko laguntzek “tokiko kontsumoa sustatzen eta egoerak gehien eragindako azpisektorea bultzatzen lagunduko du”, esan du sailburuak amaieran.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak