qrcode

Eusko Jaurlaritzak 4,79 milioi bideratuko ditu esku-hartze sozialaren eremuan 2022an hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko

2022-04-20
  • Eskaerak aurkezteko epea gaur, apirilak 20, hasiko da, EHAAn argitaratu ondoren eta maiatzaren 20an bukatuko da

 

Vitoria-Gasteiz, 2022/04/19

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren bidez, 4,79 milioi euro erabiliko ditu aurten hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko esku-hartze sozialaren esparruan. Zuzendaritza honetarako programetakoren bat garatu nahi duten entitateek gaurtik aurrera aurkezten ahalko dituzte beren proposamenak, EHAAn argitaratu ondoren; hautagaitzen epea maiatzaren 20an bukatuko da.

Deialdiak hiru diru-laguntza lerro ditu:

  1. 3,7 milioi eurotik gorako esku-hartze sozialeko jarduerak, pertsona, familia, talde eta komunitateekin. Ildo horretatik, esku-hartze sozialeko jarduerak bultzatzen dira, hau da, pertsona, familia eta talde guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestu eta sustatzeko proiektuak.
  2. Gizarte esku-hartzean borondatezko ekintza eta elkarteen partaidetza indartzeko jarduerak, 599.000 eurorekin. Atal honetan, jarduera hauek bultzatzen dira: borondatezko ekintza areagotzea, gizartean esku hartzen duten erakundeek elkarte gisa parte hartzea garatzea, autonomia mailako erakunde, sare edo federazioak eraikitzea eta hobetzea.
  3. Esku-hartze sozialerako ezagutza kudeatzeko jarduerak, 450.000 euro. Ildo horretan, esku-hartze sozialerako ezagutza erabilgarria ekoiztera eta eskuratzera bideratutako jarduerak laguntzen dira: prestakuntza-programak, ikerketa-proiektuak, argitalpenak, ikastaroak edo mintegiak egitea eta zabaltzea.

Aurreko ekitaldian, 390 erakundek 517 laguntza eskaera egin zituzten, eta, azkenean, 330 proiektu finantzatu ziren. Horien artean, adibidez, La Posada de los Abrazos izenekoa, bazterkeria handiko egoeran dauden eta indarkeria mota desberdinak jasan dituzten emakumeei, batez ere, laguntza eta egoitza-laguntza emateari buruzkoa.

Aniztasun eta askatasun afektibo-sexualaren barruan, LGTBI pertsonei laguntza emateko proiektuak finantzatu ziren, bai eta hezkuntza afektibo-sexualari buruzko hainbat programa ere, Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleen artean.

Eta, ezgaitasunaren eta mendekotasunaren esparruan, 41 programa babestu ziren bizimodu independentearen eredua sustatzeko, bai eta gaixotasun mentala duten pertsonak aisialdiaren bidez gizarteratzeko jardueretarako ere.

Azkenik, lagundutako proiektuaren beste adibide bat osasun komunitarioaren sustatzailea eta Atari Solidarioa da. Ekimen honen bidez, boluntarioa bere atari, kale edo auzoko erreferentzia da, Atari Solidarioaren bidez, bere komunitateetan arazoak atzeman eta baliabide egokienetara bideratzeko.

“Deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzarekin herritarren bizi-kalitatea hobetzen hainbeste laguntzen duten hirugarren sektoreko erakundeen jarduera indartzen saiatzen gara. Pertsona guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestu eta sustatzeko proiektuak finantzatzen ditugu, baita borondatezko ekintza eta ezagutza kudeatzeko jarduerak indartzeko proiektuak ere”, adierazi du Marian Olabarrieta, Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

2 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-04-20

    Boluntarioak erabakiak har ditzake, mundu guztiaren gogara euririk egin gabe, nahitaezko arbitrajea, delitu nabarmenik edo penagarririk ez badago instantzia judizialetara bideratu baino lehen.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-04-20

    la persona voluntaria puede tomar decisiones no llueva a gusto de todo el mundo, arbitraje obligatorio antes que derivar a instancias judiciales si no hubiera delito flagrante o penoso

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak