NIK Patrika Digitala
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Eraldatzeko eta hazteko ekintzailetzaren ekosistema

2022-04-14

Apirilaren 16a, Ekintzailetzaren Munduko Eguna, eta aukera polita milaka pertsonak etengabe egiten duten lan eskerga azpimarratzeko eta ikusgarri jartzeko. Batzuetan arrakastak bedeinkatzen dituen bizi-proiektuak dira eta beste batzuetan bideraezintasunak amortizatzen dituenak, nahiz eta eta horiek ezin ditugu inoiz hutsegitetzat hartu.Gogoeta horretaz baliatu nahi dut publikoki aitortzeko herrialde honetan konbentzituta eta onena emateko prest dauden pertsonek egiten duten ahalegina, bereziki balio erantsi handiko enpresa teknologikoen bidez ekonomia eta enplegua sortzeko irtenbide berritzaileak bilatzen lan handia egiten duten ekintzaileena.

Euskadiko enpresa-kopurua hazi egin zen 2021ean, 58.145 enpresa aktibo izatera iritsiz. 2021eko azken hiru hilabeteak urteko emankorrenak izan ziren enpresak sortzeari dagokionez, 736 enpresa eratu baitziren, eta, horri esker, urtea 623 enpresaren saldo positiboarekin itxi ahal izan zen, 2007tik izandako kopururik onena, hain zuzen ere. Eskerrik asko eta zorionak enpresa-apustu hori egin zuten pertsona guztiei.

Euskal erakundeok tinko sinesten dugu jarduera ekintzailean, gure ekonomia eraldatzeko ezinbesteko palanka baita. Apustu hori hainbat hamarkadatan babestu dugu, eta, orain, are gehiago laguntzen diogu gero eta egituratuagoa eta hobeto artikulatua dagoen estrategiari. Ekonomiaren globalizazioak eta mundu mailako lehiakortasun gero eta basatiagoak eskatzen digu munduari irekitako ekintzailetza-ekosistema sofistikatu bat izatea, haren aplikazio global eta lokalerako balioa sortzeko helburu sendoarekin, eta horren erakusgarri da 2021-2024 Ekintzailetzako Erakunde arteko Plana (PIE 2024), zeinean ekosistema, ibilbidea eta faseetan inplikatutako pertsonen eta enpresa ekintzaileen zerbitzura dauden mekanismoak definitzen baitira.

Euskadiko ekintzailetza-ekosistemak, gaur egun, diziplina anitzeko gaitasun-sorta bat du ekintzailetzaren zerbitzura. Dagoeneko ehun eragile publiko eta pribatu baino gehiago gara, autonomia, lurralde, eskualde eta herri mailan, proiektu ekintzaileak sustatu eta babesten ditugunak, heltze-etapa guztietan. Sare publiko-pribatua da, gero eta osatuagoa, dinamikoagoa, konektatuagoa eta komunitate ekintzaileak berak ondo baloratua.

PIE 2024k 260 milioi euro inguruko aurrekontua aurreikusten du, eta horiei 130 milioi euro gehituko zaizkie, gutxi gorabehera, laguntza fiskalen bidez. Nolanahi ere, pertsona ekintzaileei erakundeek ematen dieten laguntza ez da ekintzailetzako eta intraekintzailetzako programen bidez artikulatutako baliabide ekonomikoen zuzkidura soilik, baita finantza-tresnak eta finantzaketa-tresnak ere, hala nola Basque Fondo eta Elkargirekin lankidetzan eskaintzen den  Aurrera finantzaketa lerroa.

Prestakuntzarako eta aholkularitzarako dinamikak eskaintzen ditugu horretarako berariaz diseinatutako espazioetan. Mentoring prozesu oso bat da, BIC Sareko (Bussiness Innovation Centre) profesionalen eskutik, Miramongo (BIC Gipuzkoa), Miñaoko (BIC Araba), Zamudioko (BIC Bizkaia) eta BIC Ezkerraldeko parke zientifiko eta teknologikoetan kokatuak. Adituen laguntza honako arlo hauetan espezializatutako tailerretan garatzen da: garapen komertziala, teknologia, modelatze komertziala, azelerazioa, inbertitzaileekiko harremanak, finantzaketarako sarbidea, trebetasun komertzialak, merkaturatze-estrategia edo tokiko eta nazioarteko lankidetza.

BICak, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien partaidetzarekin, erreferentziazko guneak dira, non proiektu berriek hazkunde- eta sendotze-etapak jorratzen dituzten. Proiektuen garapen-fase bakoitzera egokitutako tresnen aukera zabalarekin osatzen dira, batez ere, espezializazio adimendunaren euskal estrategiarekin bat datozen manufaktura aurreratua, 4.0 industria, bioteknologia, osasuna edo energia bezalako sektoreetara zuzenduta daudenak. Ekintzailetza-politikan ditugun ekintzarik berritzaileenen artean, BIND4.0 nazioarteko proiekzioko ekimena nabarmendu behar da, lurraldeko enpresa txiki eta ertainekin eta trakzio-enpresekin konektatuz startupak bizkortzea ahalbidetzen baitu. Zenbakiek agerian uzten dute ekimenak bost urteko jardueran izan duen arrakasta. 3.000 hautagaitza baino gehiago jaso dira, 65 euskal enpresa traktore laguntzaile, 160 startup azeleratu, 240 proiektu garatu eta zazpi milioi euro baino gehiago kontratatu dira startupetarako.

Asko dira Euskadiko ekosisteman jaio eta merkatuan leku nabarmena hartzen jakin duten arrakasta-kasuak. Aski dira teknologia disruptiboei esker berrikuntza-nitxoetan nabarmentzen diren enpresen adibide gutxi batzuk. Besteak beste, Biolan, Mikrobiomik, Innitius Bizkaian, Inalia, I+MED, Eurocybcar Araban eta Wavegarden, Iline Microsystems, eta Countercraft, Gipuzkoan.

Ekintzaile-dinamismo batetik gatoz, eta aintzatespen publikoa zor diogu, GEM (Global Entrepreneurship Monitor) azken txostenean (EAE 2020-2021) islatzen dira datu guztiak. Txosten horren arabera, Euskadiko Jarduera Ekintzailearen Tasa % 4,7tik % 5,25era igo zen, eta Espainiako batez bestekoa, berriz, puntu bat jaitsi zen, % 5,2ra. Jarduera ekintzailearen adierazle horren arabera, Euskadi Alemania bezalako herrialde eta eskualde garatuen mailatik gertu eta kasu batzuetan aurretik ere kokatzen da.

Era berean, nabarmentzekoa da, NECI (National Entrepreneurship Context Index) adierazleak egiten duen alderaketa Euskadiren eta ekintzailetzan erreferentzia diren zenbait herrialderen artean: Alemania, Txile, Espainia, Estatu Batuak, Israel, Italia eta Herbehereak. Herrialde horien artean, Euskadik laugarren adierazlerik handiena du (5,05), Herbehereen (6,30), Israelen (5,30) eta Estatu Batuen (5,20) atzetik. Era berean, Euskadiko NECI Espainia eta Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik dago.

Ekintzailetzara eta barne-ekintzailetzara deituta gaude, balio erantsia eskaini ahal izateko gure lehiakortasuna hobetzeko. Ziurgabetasunak erosotasun-bilaketa handiagoa eragiten du eta arriskuak hartzetik urruntzen gaitu, baina mehatxu handien aurrean, pandemian edo Ukrainaren inbasioaren ondorioz bizi izandakoak kasu, aukera garrantzitsuak sortzen dira, eta gure ekosistema ekintzaile, berritzaile eta sofistikatuak aprobetxatu egin behar ditu.

UP Euskadi plataforma berriak Ekintzailetzaren Euskal Ekosistemari buruzko informazio eguneratu guztia biltzen du, bai gorabidean dauden enpresei dagokienez, bai ekosistema osatzen duten beste eragile batzuei dagokienez, inbertitzaileen, inkubagailuen eta azeleragailu pribatuen eta, jakina, BICSen jarduera ikusaraziz. Euskal ekosistemaren mapa honen arabera, harrotasunez esan dezakegu Euskadi ekintzailetza teknologikoko hub garrantzitsua dela, eta oinarri teknologiko eta/edo berritzaileko 900 enpresa aktibo baino gehiagok dutela egoitza gure herrian.

Gure ekosistemaren kalitatean eta eraginkortasunean sendo sinesten dugu, hobetzeko duen bokazio iraunkorraz jabetuta, eta gaur, Ekintzailetzaren Munduko Egunean, merezitako aukera honetaz baliatzen gara ekintzaileek aldaketa sozial eta disruptiboen lider gisa duten balioa ikusarazteko eta legitimatzeko.

Arantxa Tapia Otaegi
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)